Musika

Macklemore: rapa eta politika

Artistak Palestinaren aldeko aldarriak zabaldu izan ditu bere kantuetan, baina azken kontzertuetako batean «Palestina libre» oihukatu eta betoa ezarri diote AEBetako zenbait estadiotan.

Macklemore abeslaria iazko uztailean. CYRIL ZINGARO / EFE
Macklemore abeslaria iazko uztailean. CYRIL ZINGARO / EFE
Odile Bourguignon Goñi
2026ko irailaren 27a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi hitz: «Palestina libre». Ez du gehiago esan behar izan. Edo hori dena esan du. Macklemore rap kantari estatubatuarrak hilaren hasieran New Jerseyko MetLife estadioan (AEB) eginiko aldarria izan zen hori: «Palestina libre». Eta zentsura jaso du ordainetan. Elkarte batzuek haren hurrengo kontzertuak bertan behera gelditzeko eskaera egin zuten; baita zenbait estadio jabek epaia hala eman ere. Ed Sheeran abeslari britainiarra egiten ari zen biraren gonbidatuetako bat zen Macklemore; ez da hala izango aurrerantzean.

Macklemorek haurra zenetik eragin nahi izan du musikarekin. 14 urte zituela hasi zen abestiak idazten, eta 17 zituela kaleratu zuen bere lehen disko laburra: Open Your Eyes (2000). Geroztik, estudioko bost album kaleratu ditu, baita beste bi disko labur eta mixtape bat ere. «Isilik dago industria musikala, konplize isiltasunaren plataforman. Zer gertatzen da artistekin? Zer duzue esateko?». Macklemoreren  Hind's Hall izeneko abestiko esaldi bat da hori. 2024an kaleratu zuen. Palestinako genozidioaren inguruan zenbait artistaren isiltasuna salatu zuen, eta, era berean, babesa eman nahi izan zien Hind Rajab ume palestinarraren erailketaren harira AEBetan egin zituzten ikasle protestei. Hain justu, protesta horietan Columbiako Unibertsitateko ikasleek Hamilton Hall eraikiniari Hind's Hall izena jartzea erabaki zuten, Gazan hil zuten 5 urteko haurraren omenez.

Hala, kaputxadun bat palestinar bandera haizatzen dabil Hind's Hall abestiaren bideokliparen lehen eszenan, eta bideoan klik egin orduko egiten du salto abisuak sakelakoan: «Baliteke eduki hau egokia ez izatea erabiltzaile batzuentzat». Youtube plataforman bost milioi aldiz baino gehiagotan egingo zuen salto jakinarazpenak. Palestinako genozidioaren irudiak azaltzen dira.

Eta Macklemorek abestiaren bigarren atal bat ere argitaratu zuen orduko hartan: Hind's Hall 2. Melodikoagoa da lehenengoarekin alderatuta, eta kolaboratzaileak ere baditu: Anees rap kantari palestinar-estatubatuarra, MC Abdul rap abeslari palestinarra eta Amer Zahr idazle eta aktibista palestinar-estatubatuarra. Abestiaren koruak Los Angelesko Haur Palestinarren Abesbatzak egiten ditu, eta arabieraz abesten dute kantuaren zati bat.

Orain bi urte argitaraturiko abestiak diren arren, asko dira orain Ed Sheeranen biran harroturiko hautsengatik Macklemoreren profila kuxkuxeatzera jo dutenak. Modu horretan, handitu egin da rap abeslariaren errepertorioaren entzule kopurua, eta, booma orain izan badu ere, Hind's Hall abestia kaleratu zuenean hitzeman zuen streamingari esker irabaziko zuen dirua UNRWA elkarteari emango ziola; palestinar errefuxiatuekin lan egiten duen Nazio Batuen Erakundearen agentziari, alegia. Gainera, berriki iragarri du Sheeranen biran gonbidatu gisa irabazitako milioi bat euroak Palestinaren alde jarduten duten elkarteei emango dizkiela oso-osorik. 

Homofobiaren aurka

Musika eta politika ez bereiztearen aldekoa da Macklemore. Are, musikaren bidez politika egitearen aldekoa. Horren adibideetako bat da 2012an argitaratutako Same Love abestia, sexu bereko pertsonen arteko ezkontza eskubidearen alde egiten duena. Artistak hala adierazi zuen abestia kaleratzean: «Misoginia eta homofobia hip-hop kulturan onartuta dauden zapalkuntza formak dira. Horren gaineko erantzukizuna hartu behar genuke». Abestia Washingtongo herri erreferendum baten kanpainaren parte izan zen; hain zuzen, erreferendum horri esker legeztatu zuten sexu berekoen ezkontza estatu hartan, 2012ko abenduan. 

Abestia hilabete luzeetan gehien entzundako kantuen zerrendaren gailurrean egon zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA