Literatura

Maitasuna du ardatz Juan Kruz Igerabideren saiakera berriak

'Nonahiko musika' lana ondu du, eta Balea Zuria argitaletxearekin plazaratu. Euskal Filologiako doktorego tesia egiten ari zen garaian egin beharreko lan bat izan da libururako abiapuntua.

Juan Kruz Igerabide idazlea, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Juan Kruz Igerabide idazlea, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2025eko abenduaren 11
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Humanismoaren jarraitzailetzat dauka bere burua Juan Kruz Igerabide idazleak. Gaur egun gizartea «robotizatuta» bizi dela uste du, eta, hori dela eta, geroz eta funtsezkoago ikusten du humanismoa aldarrikatzea. Haren hitzetan, korronte horren oinarrian daude, besteak beste, bai artea, bai maitasuna, bai eta musika ere. Hain zuzen, humanismoari keinutxoa egin nahi izan dio bere lan berrian —«hura lantzen eta bultzatzen dugunon txokoa da liburua»—; Nonahiko musika saiakera kaleratu du, Balea Zuria argitaletxearekin.

Zazpi ataletan banatuta dago liburua. Atal horietan maitasunaren inguruko hausnarketak jaso ditu egileak, beste idazle batzuen testuetatik abiatuta. «Maitasunaren inguruko apunte batzuk eta aforismoak jaso ditut», azaldu du. Beste idazleen testuetako batzuk ere liburuan bertan topa daitezke. Felipe Juaristi Balea Zuria argitaletxeko editorearen esanetan, testu laburrak baina «gogoetatsuak» dira Igerabiderenak: «Juan Kruzen lana elkarrizketa bat da; elkarrizketa, batez ere, gogoko dituen autoreekin». Lehenengo atalean —Amodioa nonahi du izena—, esaterako, Ludwig Wittgenstein eta Baruch Spinoza filosofoekin izan du elkarrizketa hori.

Euskal Herriko Unibertsitatean Euskal Filologiako doktorego tesia egin zuen Igerabidek, eta orduan egin behar izan zituen lanetako bat ekarri du gogora: maitasunaren ideiaren garapena aztertu behar izan zuen; hasi Platonen garaitik eta Erromantizismora arte. «Liluratuta geratu nintzen gaiarekin, alde askotatik landu genuen eta», gogoratu du. Hori dela eta, Nonahiko musika-n gai hori bera lantzea erabaki zuen. 

Beste ikuspegi batzuk

Maitasuna «Mendebaldeko tradiziotik aparte» landu nahi izan du Igerabidek, eta munduko beste txoko batzuetan dagoen ikuskera azaldu. Indiakoa izan da horietako bat. Idazlearen hitzetan, maitasunaren ikuspegi oso bestelakoa dute han, eta tantraren filosofia jarri du horren adibidetzat. Txinako tradizioari ere heldu dio: «Amodioa haizeño bat bezala tratatzen dute, sotiltasun ikaragarriarekin».

«Juan Kruzen lana elkarrizketa bat da; elkarrizketa, batez ere, gogoko dituen autoreekin»

FELIPE JUARISTI Editorea

Bestalde, azken urteetan feminismoak maitasuna ikusteko modua nola aldatu duen ere azaldu du idazleak. «Amodioari eta gorputzari begiratzeko beste modu bat garatu da; ez da orokorra, baina bai indar handikoa». Nahiz eta saiakeran esplizituki haren testurik ez duen jaso, Clarissa Pinkola Estes psikologo, poeta eta idazlea aipatu du. Hain zuzen, haren Mujeres que corren con lobos lanak (Otsoekin korrika egiten duten emakumeak) bere testuetan «izugarrizko» eragina izan duela aitortu du.

Juaristiren ustez, Amodioa nonahi atalean «mapa sentimental bat» egin du Igerabidek. Editoreak azaldu duenez, irakurleengan jarri du fokua idazleak, eta, atalean barrena dauden testuen bitartez, amodioaren inguruko «tratatu bat» egiteko ardura jarri die. Leihatilak nonahi atalean, berriz, ingurua behatu du egileak, errealitateak dituen hainbat ikuspuntu —«askotan kontrajarriak»— azaltzeko asmoz. 

Elementuen «dantza»

Igerabide: «Liburuan musika, argia, maitasuna eta askatasuna dabiltza dantzan». Argiaren musika: artearen histeria-n elementu horietako biri heldu die; musikari eta argiari, hain zuzen. Egilearen ustetan, argiarekiko nolabaiteko «histeria» dago egun, gizakia jaiotzen denetik bertatik ari baita haren bila.

Laugarren atalean, berriz, istantaren garrantzia harrapatzeko nahia landu du. «Istanta harrapatu nahi da, baina uneak ihes egiten du, eta pentsamendua da gertatzen dena», azaldu du egileak.

«Artean gabiltzanok mugekin jolasean ibiltzen gara, mugak gainditu nahian; horrek sortzen du»

JUAN KRUZ IGERABIDE Idazlea

Bosgarren eta seigarren ataletan artea da muin nagusietako bat. «Artea ez da edertasunetik jaiotzen, alderantziz baizik», idatzi du Igerabidek testuetako batean. Balea Zuria argitaletxeko editoreak aipatu du bestelako edertasun bati egiten diola erreferentzia idazleak, «edertasun koskadunari». Bestalde, artearen mugen inguruan hausnarketa ere egin du egileak: «Artean gabiltzanok mugekin jolasean ibiltzen gara, mugak gainditu nahian; horrek sortzen du».

Duela aste batzuk kaleratu zuen Felipe Juaristik Idia mihian saiakera, eta bere lan berriarekiko hainbat antzekotasun topatu dizkio Igerabidek. Esaterako, biek Mendebaldeko tradizioa aztertzen dutela. Hala ere, aipatzen dituzten testuen artean batean bakarrik egin dute bat: Platonen Oturuntza-n. Bertan, Diotima izeneko emakumezko apaizak maitasuna «oso modu ederrean» definitzen duela kontatu du Nonahiko musika-ren egileak: «Bakoitzak autore bati ertz desberdinetatik heldu diogu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.