Maite Lopez Las Herasek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1985) irabazi du 36. Ernestina de Champourcin poesia lehiaketako euskarazko saria, Ene onetsiari poema bildumarekin. Elena Beitikoetxea ezizenarekin aurkeztu zuen lana, eta epaimahaiak puntuaziorik onena eman dio euskarazko modalitatean. Gaztelaniazko modalitateko saria, berriz, Begoña M. Ruedak irabazi du (Jaen, Espainia, 1992), Los estigmas poema bildumarekin. Fe Delagua ezizenarekin aurkeztu zuen lana. Guztira, 155 lan aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketara: 137 gaztelaniaz, eta hemezortzi euskaraz.
Irabazle bakoitzak 2.000 euroko saria jasoko du. Gainera, saritutako lanak argitaratu egingo dituzte, eta 2027ko udaberrian aurkeztuko dituzte argitalpenok, Gasteizen.
Lopez Las Herasen lana 41 poemak osatzen dute, zeinek gutun edo postal bana duten oinarri. Poema bakoitzak data bat du, eta multzoa ordena kronologikoan egituratuta dago. Epaimahaiak nabarmendu du egitura horrek «batasuna eta koherentzia» ematen diola lanari, poema bakoitzaren «osotasuna eta autonomia» galdu gabe.
Lanaren aberastasuna ere azpimarratu du epaimahaiak, bereziki erabilitako irudiengatik eta hizkuntzagatik. Epaimahaiak adierazi du zenbait irudi ez direla ohikoak euskal literaturaren tradizioan, eta hizkerak, zenbait pasartetan, «tonu profetikoa» hartzen duela. Horrez gain, hausnarketek «irtenbide errazak» saihesten dituztela nabarmendu du. Ondorio gisa, irakurketa «iradokitzailea eta sakona» dela esan du, eta aurrera egin ahala irakurlea «harrapatzen» duela.
Idazkera «arina» eta «sakona»
Gaztelaniazko modalitateko sariari dagokionez, epaimahaiak azpimarratu du Begoña M. Ruedaren poema bildumak gizartean presente dauden hainbat gairi heltzen diela, idazkera «arin, musikal, sinple eta sakonarekin». Besteak beste, porrot pertsonala, familiaren ondarea, osasun mentala, laneko jazarpena, maitasuna eta desamodioa, eta emakumeen arteko harremanak lantzen ditu.
Epaimahaiak adierazi du lanak «errealitate mingarri bat» erakusten duela, eta «zehatza, ezagutzatik eta esperientziatik landua» dela. Hala, egia eta kalitate literarioa uztartzen ditu bildumak, azpimarratu duenez.