'MEDIUM'
Gure hirietan gertatzen diren komikiak halako gida urbano-historikoa izaten dira, egileen konplizitatearekin gehientsuenetan.
Hogeigarren mendeko Bilbon gertatzen dira abentura honetako pasadizo guztiak eta nahitaez joaten da begia paisaia urbanoa zelatatzera. Zein ote da halako zehaztasunez marraztutako eraikina, benetan halakoa ote zen kaialdea, herritarren janzkera, kale-argiak?
Trama eraikitzeko neskato berezi bat ezarri zaigu, espiritismoa eginez sos batzuk irabazten dituena, ez amarru gabe. Badu laguntzaileren bat, badu etxe egoki bat eta baditu bezeroak, baina, halako saltsatan dabilenei gertatzen zaien gisan, sortu zaio katramila ilun bat askaezina dirudiena. Eta komeriak. Gorriak pasa behar onik aterako badira bera eta enparauak.
Gehigarri interesgarria dauka gibel-solas eran, bi konturi buruzko azalpenak emateko: espiritismoa, feminismoa eta zientzia lotzen ditu lehenak; Dolores Ibarruri politikariaren biografia da bigarrena.
Ilustrazio lanak merezi du azken hitza, beste behin ere lan bikaina egin baitu Holgadok, hain berezkoak diren perspektiba jolas horiekin guztiekin, nabarmenena aipatzearren.