Literatura

Manel Rodriguez-Castellok irabazi du Etxepare itzulpen saria, Tere Irastortzaren poemak katalanera itzultzeagatik

Itzultzaileak Contrabando argitaletxearekin eman zuen poeta zaldibiarraren antologia katalanez, 'Glosak / Glossar el món' izenburupean. Lanaren kalitatea laudatu du epaimahaiak, iritzita «akasgabea» dela hizkuntzari so, eta jatorrizkoari «leiala».

Etxepare Laboral Kutxa itzulpen sariaren agerraldia gaur, Bidebarrietako LIburutegi nagusian. Ezkerretik hasita hirugarrena da Manel Rodriguez-Castello, aurtengo irabazlea. ETXEPARE INSTITUTUA
Etxepare Laboral Kutxa itzulpen sariaren agerraldia gaur, Bidebarrietako LIburutegi nagusian. Ezkerretik hasita hirugarrena da Manel Rodriguez-Castello, aurtengo irabazlea. ETXEPARE INSTITUTUA
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko urriaren 9a
14:11
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarren aldiz segidan, katalanezko itzulpen lan bati eman diote Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria. Eta gehiago ere zehaztu liteke kointzidentzia, izatez: bigarrenez segidan, idazle gipuzkoar baten lana katalanera eramateagatik egin diote aitortza sariketako irabazleari. Iaz, Estibaliz Lizasoren lana goratu zuen Etxepare Institutuak, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritikEmakume bertsolarien testigantzak saiakera liburuaren katalanezko edizioaren kalitatea nabarmenduta. Eta, oraingoan, Manel Rodriguez-Castelloren itzulpen lana gailendu da 2024an plazaratutako gainerakoen artean. Tere Irastortzaren poemen aukeraketa bat katalanez bistaratu duen maneragatik saritu dute. Valentziako (Herrialde Katalanak) Contrabando argitaletxearen gerizpean eman zuen lana, Glosak / Glossar el món izeneko edizio elebidun batean.

Jatorrizko olerkiak eta itzulpenak elkarren ondoan bilduta daude argitalpen horretan. Poetak 1980tik 2023ra bitarte idatzitako olerkien aukeraketa zabal bat dago jasota, eta baita idazlearen ibilbide literarioaren errepasoa osatzeko testu argitaragabe batzuk ere. Hain zuzen, liburuaren «edizio zaindua» eta elebiduna izatea bera ere aintzat hartu du epaimahaiak irabazlea hautatzeko garaian. Izan ere, gaur Bilboko Bidebarrietako Liburutegi Nagusian eginiko agerraldian gogora ekarri dutenez, itzultzailearen lanari ez ezik, argitaletxearenari ere egiten dio aitortza Etxepare sariak. Hori islatu ohi da diru saria banatzeko moduan ere: sariak 4.000 euroko balioa du, eta itzultzaileak eta argitaletxeak erdi bana banatu beharra dute. Horrez gain, hori bai, beste 2.000 euroko laguntza ere jasotzen dute irabazleek, literatur lana argitaratu den herrialdean egin beharreko sustapenean laguntzeko.

Etxepare itzulpen sariketak 11. aldia du aurten, eta kide hauek osatu dute epaimahaia: Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkariak, Imanol Otaegi Etxepare institutuko zuzendariak, Elizabete Manterola EHUko irakasle eta EIZIEko kideak, eta Mikel Lasa Etxepare Institutuko komunikazio teknikariak.

Rodriguez-Castelloren lanaren kalitatea nabarmendu du epaimahaiak, batik bat. Itzulpena «bikaina» dela azpimarratu dute. «Hizkuntzari dagokionez akatsik gabea, arin irakurtzekoa eta jatorrizko testuaren estiloarekiko leiala». Iritzi diote, gainera, itzultzaileak bete-betean asmatu duela «idazleak proposatutako formak errespetatzen», eta katalanezko «irtenbide naturalak» baliatu dituela jatorrizko olerkien izpirituari eusteko.

Euskarara artekoak

Euskaratik katalanerako zubigile lanetan ez ezik, beste hizkuntza batzuen arteko itzulpen lanetan ere aritua da Rodriguez-Castello. Besteak beste, ingelesetik katalanera eramanak ditu bai Norman McCaig poeta eskoziarraren poemak, bai eta Allan Riachenak ere. Are gehiago, Eskoziako poesiari sakon erreparatu, eta La poesia escocesa moderna / Modern Scottish Poetry liburua koordinatu zuen 2022an. Frantsesetik abiatuta, L'assassí de papà (Malika Ferdjoukh), Un amor màgic (Pascal Garnier) eta Carles és un brut mentider (Jean Paul Noziere) lanak itzuli ditu katalanera.

Zehazki, lau urte dira estreinakoz jatorrizko hizkuntza euskara zeukan itzulpen bat eman zuela. Muga liburukia plazaratu zuen 2021ean, Pruna-Edicions del Buc argitaletxearekin. Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi euskal poeten olerkiak itzuli zituen horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.