Anekdota soil bat zirudiena kontu larriagoa bilakatu da. Sare sozialetan publikatutako komunikatu baten bidez, Maren, Olatz Salvador eta Kai Nakai artistek «isilik ez geratzea» erabaki dute, eta Bilboko Udalaren aurka jo dute: joan den larunbatean Bilbon ematekoak ziren kontzertuak antolatzerakoan jasandako tratu txarren berri eman dute, eta udalaren «erantzukizun falta» salatu.
Hiru abeslariek bertan behera utzi behar izan zituzten Bilboko Aste Nagusian ematekoak ziren kontzertuak, abuztuaren 16an. Abandoibarrako eszenatokia ez zegoen muntatuta, eta artistek salatu dute udalak euren esku utzi zuela emanaldiekin aurrera jarraitu ala ez erabakitzearen ardura. Mehatxu egin zietela ere kontatu dute: bideo bat grabatu zuten zaleei egoeraren berri emateko, «baina udalbatzako hainbat kidek, urduri», iradoki zieten ez zutela egoki ikusten, eta kolaboratzen ez bazuten kontuan izango zutela etorkizuneko programazioetan. Ordutik, ez dute udalaren «barkamenik edo informaziorik» jaso.
Kontzertua bertan behera geratzearena ez da izan antolaketa prozesuan egindako akats bakarra. Uztailaren 14an, udalak Aste Nagusiko kontzertuen berri eman zuenean, ez zituzten iragarri Olatz Salvadorren eta Marenen emanaldiak. Azaldu dutenez, artisten bulegoek «behin eta berriro» eskatu zuten akatsa zuzentzeko, eta udalak ez zien erantzun; beraz, uztailaren 29an, euren sare sozialetan iragarri zituzten kontzertuak. Bilboko Udalak abuztuaren 4an zabaldu zuen ohar labur bat kontzertu horiek iragartzeko; «hala ere, gaur oraindik eguneratu gabe dago udalaren webgunea».
Gainera, abuztuaren 15 arratsaldean, kontzertuaren bezperan, atzeratu egin zizkieten soinu probak, eszenatokiaren muntaketan «arazoak» zeudela argudiatuta. Hurrengo egunean, ordea, bezperan bezalaxe zegoen oholtza, eta, 15:00etan, esan zieten agertokian jotzea ez zela posible, eta beste aukera baten bila ari zirela, «kamioi baten bila, esaterako». Oharrean kontatu dutenez, 18:30ean Abandoibarran talde osoarekin batera biltzeko deia egin zieten hiru musikariei.
Artisten erabakia
Jarraian, 19:00etan, jakinarazi zieten eszenatokiak ez zituela segurtasun neurriak betetzen, eta alternatiba gisa kamioi bat lortzea «ezinezkoa» zela. Musikariek «harrituta» esan zieten «ea nola onartu behar zuten, bada, muntatuta ez zegoen eszenatoki bat egokia» zela. Dena den, udalak adierazi zien kontzertuek aurrera jarraitzen zutela, eta, bertan behera uztekotan, artisten erabakia izango zela.
Musikariek zera adierazi dute komunikatuan: «Egoera hori ikusita, harrituta, erantzukizuna hartzeko eskatu genien, haiek zirelako antolatzaileak, haiek eman beharko luketelako aurpegia eta bertan behera utzi beharko luketelako lehenbailehen, jendeari eragozpenik ez sortzeko». Artisten arabera, udaleko antolatzaileek azpimarratu zieten kontzertuak ez ematea erabakiz gero ardura musikariena izango zela.
«Puntu horretara helduta, Ertzaintzari eta suhiltzaileei deituko geniela esan genien, eszenatokiaren egoera aztertu eta haren egokitasunik eza argitu zezaten», azaldu dute oharrean. Handik bost minutura, produkzioko arduradunak jakinarazi zien, muntaketa enpresak izandako arazoen ondorioz, eszenatokia ez zegoela prest, eta kontzertuak bertan behera utziko zituztela. «Ez zen udaleko inor agertu gurekin hitz egitera». Produkzioko arduradunak kontatu zien enpresa berak antzeko arazoak izan zituela beste zenbait tokitan, baina artistek erantzun zioten hori ez zela euren ardura, eta udalak konpondu beharko lituzkeela enpresarekin dituen arazoak.
Egoera ikusirik, Marenek, Olatz Salvadorrek eta Kai Nakaik komunikatu bat egiteko baimena eskatu zuten, eta eman zieten; hori bai, udala ez aipatzeko baldintzarekin, «udalak komunikatu ofizial bat egingo baitzuen». Bideoa grabatu zuten, «baina udalbatzako hainbat kidek, urduri», iradoki zieten ez zutela egoki ikusten, eta kolaboratzen ez bazuten kontuan izango zutela etorkizuneko programazioetan. Hala eta guztiz ere, 21:30ean, argitaratu egin zuten, kontzerturik ez zela izango ofizialki jakinarazi aurretik.
Hori guztia gutxi balitz bezala, gau hartan bertan, 00:30ean, Bilboko Udalaren webgunean kontzertuen kronika bat argitaratu zen, «milaka lagun dantzan» aritu zirela esanez. Kronika udalaren webgunean egon zen 18:00ak arte.
Udalaren ardura
Abeslariek adierazi dutenez, «gutxietsita, triste eta haserre» sentitzen dira jasotako tratuagatik. Azpimarratu dute Bilboko Udalak oraindik ez diela azalpenik eman, ez eta barkamenik eskatu ere izandako gorabeherengatik: muntatu gabeko eszenatokiagatik eta egin gabeko kontzertuagatik; «tratu txar eta erantzukizunik ezarengatik»; argitaratu zen kronikagatik; «gaizki» iragarritako kontzertuengatik; eta «nola sentitzen garen jakiteko interes faltagatik».
Euren lana baloratzeko eskatu dute, «beste edozeinena bezala»: «Gure ilusioa eta kontzertu horien aurreko lana aurreikuspen eta erantzukizun faltak lausotu du, eta hori ezin zaigu inolaz ere guri leporatu». Komunikatua amaitzeko, Aste Nagusiko leloa gogorarazi dute —Errespetu nagusia—, eta «elkar zaintzeko» eskatu dute.
Sare sozialetan argitaratutako komunikatua asko zabaldu da, eta hainbat artistak helarazi diete babesa, bertakoek zein nazioartekoek. «Normala da horrelako egoera batean isilik ez geratzea», idatzi du Rozalenek, adibidez. «Eskerrik asko kontatzeagatik, presioa jasan arren», dio Pedro Pastorrek. «Oso tristea da gertatu dena kontatzeko ausardia behar izatea», iruzkindu du Jon Kareagak. Luzea da zerrenda.