«Ez zen egun normala, hil zuten eguna, ez baitago esaterik espero gabekoa izan zenik. Aspaldi samarretik ez zegoen egun normalik». Hala abiatzen da Gaua harago bultzatuz liburua. Aitaren erailketa oinarri hartuta, bere familiaren eta indarkeriaren beste biktimen istorioa kontatzen du Mario Calabresi kazetari eta idazleak Spingendo la notte più in là liburuan. 2007an argitaratu zuten kontakizuna lehenengoz, italieraz, eta, geroztik hainbat hizkuntzatara itzuli da. Orain euskaraz ere irakurri daiteke; Lurdes Auzmendik eta Koldo Bigurik egin dituzte itzultzaile lanak, Igela argitaletxearentzat.
«Terrorismoaren izugarrikeriak ezagutu dituen gizarte batentzat beharrezkoa da etorkizunari buruz hitz egitea, baina horretarako beharrezkoa da errespetuan oinarritzea: biktimekiko, egiarekiko eta justiziarekiko errespetuan». Calabresiren hitzak dira. Uztailaren 9an aurkeztu zuten haren liburuaren euskarazko itzulpena, eta aurkezpenean parte hartu zuen, bideo dei bidez. Bertatik bertara bizi izan zuen indarkeria Calabresik. Izan ere, haren aita Luigi Calabresi polizia komisarioa zen, eta, idazlearen hitzetan, «ezker muturreko terroristek» erail zuten, 1972an —Lotta Continua mugimenduko kideak ziren—. 1969an Milango Piazza Fontanan suertatutako sarraski bat dauka gertaerak oinarrian. Hamazazpi pertsona hil zituzten hango banketxe batean, eta Poliziak pentsatu zuen anarkistak izan zirela hilketen erantzuleak —gero frogatu zen eskuin muturreko talde bat izan zela egilea—. Uste hori zeukanez, Poliziak hainbat anarkista atxilotu zituen, eta horietako bat, Giuseppe Pinelli, Milango polizia etxe bateko leihotik behera erorita hil zen, bertsio ofizialaren arabera. Horren ondotik, Calabresiren aurkako «akusazio kanpaina bat» hasi zen, eta, bi urteren buruan, Lotta Continuako kideek hil egin zuten. Gerora argitu zen Calabresik ez zuela zerikusirik izan Pinelliren heriotzarekin.
«Terrorismoaren izugarrikeriak ezagutu dituen gizarte batentzat beharrezkoa da etorkizunari buruz hitz egitea, baina horretarako beharrezkoa da errespetuan oinarritzea»
MARIO CALABRESIIdazlea eta kazetaria
Egilea «memoriaren eta aitortzaren» alde mintzatu zen liburua aurkezteko prentsaurrekoan. Gogoratu zuen liburua 2007an idatzitakoa dela, eta adierazi zuenez, garai hartan biktimek ez zuten ahotsik izaten eztabaida publikoan. Kasu jakin bat ere ekarri zuen gogora. Aldo Moro Italiako lehen ministro izandakoaren erailketaren urteurrenetako batean, haren hiltzaileei eman omen zieten ahotsa telebistan, eta ez zuten halakorik egin biktimaren gertukoekin. Indarkeriaren biktima gisa, «mingarria» suertatu zitzaion idazleari, adierazi zuenez: «Ez dut uste terroristek edo terrorista izandakoek ezin dutenik hitz egin, baina gizarte osasuntsu batean biktimei eman behar zaie ahotsa eta lehentasuna».
Liburuan «etorkizunaz» hitz egiten da, autorearen hitzetan «beharrezkoa» baita aurrera begiratzea, baina «zer gertatu den» jakinik: «Bestela zauriek bertan iraungo dute». Horri dagokionez, gaineratu zuen biktimak ez direla «alderdien arteko borroka politikoetarako» erabili behar: «Etorkizunari begiratu ahal izateko, beharrezkoa da erantzukizunak garbi edukitzea eta, batez ere, galtzaile izan direnen oroimena ondo gordetzea».
Kontakizun «hunkigarria»
Inazio Mujika Iraola Igela argitaletxeko editoreak nabarmendu zuen liburua «ez-fikziozko» lan bat dela, eta «ikasgai bikainak» ekartzen dituela «euskal komunitatearentzat». Editorearen hitzetan, egileak «ikuspegi pertsonaletik» abiatuta aztertzen ditu aitaren kontrako atentatuaren aurreko eta ondorengo gorabeherak, hala familiaren nola beste hainbat biktimaren lekukotzak jasoz. Hala, bere istorioa kontatuz, «Italiaren historiaren zati bat» ere kontatzen du. Mujika Iraola: «Elkarrizketa, ulermena eta bakearen kultura sustatzen ditu liburuak. Eta oinazetik sortutakoa bada ere, esperantzazkoa da; ez gorrototik sortua».
«Gugandik ez hain urrun, egoera politiko desberdin batean ondorio berdinak izan zituen terrorismo baten istorioa da hau»
LURDES AUZMENDIItzultzailea
Bi itzultzaileak bat datoz Calabresik istorioa modu «hunkigarrian» kontatzen duela. «Lehen aldiz irakurri nuenean, negar egin nuen, baina, aldi berean, egilearen kontatzeko era oso sendatzailea da», adierazi zuen Auzmendik. Azaldu zuenez, liburua irakurtzeko orduan Euskal Herriko gatazka ezin izan zuen burutik kendu, eta «Euskal Herriko terrorismoaren biktimak» etorri zitzaizkion gogora behin eta berriro; baita haien aurrean «aitzakien atzean gordetzen direnak» ere. «Gugandik ez hain urrun, egoera politiko desberdin batean ondorio berdinak izan zituen terrorismo baten istorioa da hau».
Bigurik, bestalde, nabarmendu zuen obra ez dela liburu «nekrologiko» bat, biktimen bizipenen kontakizun bat baizik. Horregatik, kritika egin zion gaur egun nabaritu duen joera bati. «Liburuak pentsarazi zidan azken urteetako joera ez ote den terrorismoari fikzioaren ikuspegitik heltzea. Fikzioa egitea ez dago gaizki, horiek ere hunkigarriak izan daitezke eta. Baina nik biktimen bizipenak ezagutzea botatzen dut faltan; zer jasan behar izan zuten jakitea».
Izenburuarekin bueltaka
Liburuaren gaztelerazko itzulpenak Salir de la noche du izena, baina Auzmendik eta Bigurik argitu dute haiek «bultzatu» hitza ipintzea erabaki zutela, iluntasunetik irtetea ez delako «ateratze lasai bat». «Bultzaka egin behar da iluntasunaren kontra», adierazi du Bigurik. Gainera, nabarmendu dute liburuaren berezko izenburua egilearen aitaorde Tonino Militeren L’intermittenzadel giallo poesia liburuko bertso batetik hartua dagoela. «Haize-oihal bat pasatzen da gaua harago bultzatuz» itzuli dute euskarara bertso lerro hori, eta bertatik hartu dute euskarazko itzulpenaren izenburua.