Zinema

‘Maspalomas’ euskal filmak Goya sarietarako bederatzi izendapen lortu ditu

Film onenaren garaikurra irabazteko ez ezik, zuzendaritza onenarena lortzeko hautagai dira Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga, eta aktore onenarena, berriz, Jose Ramon Soroiz. Alauda Ruiz de Azuaren ‘Los domingos’ filmak bildu du izendapen gehien.

Jose Ramon Soroiz, 'Maspalomas' filmaren eszena batean.
Jose Ramon Soroiz, 'Maspalomas' filmaren eszena batean.
Ainhoa Sarasola.
2026ko urtarrilaren 13a
19:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Zinema Akademiak otsailaren 28an banatuko ditu Goya sariak, Bartzelonan. Eta gaur jakinarazi ditu kategoria bakoitzean izendatu dituzten lanen eta artisten izenak. Horien artean da Maspalomas euskal filma: bederatzi izendapen lortu ditu denera, eta, film onenaren garaikurra irabazteko ez ezik, zuzendaritza onenarena lortzeko hautagai dira Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga. Halaber, filmean egindako interpretazioari esker, Jose Ramon Soroizek gizonezko aktore protagonista onenaren sarirako izendapena lortu du.

Arregik eta Goenagak iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten Maspalomas, Sail Ofizialeko lehian. Vicente du protagonista, bikotekidearekin hautsi ondoren Maspalomasen (Kanariar uharteak, Espainia) gustuko duen bizimodua daraman 77 urteko gizona. Istripu baten ondorioz, baina, Donostiara itzuli beharko du, eta aspaldi ikusi ez duen alabarekin elkartu. Vicenteren rolean egindako lanagatik Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Soroizek jaialdian, eta Goya saria irabaz lezake orain. Halaber, Kandido Urangak ere parte hartu zuen filmean, eta taldeko gizonezko aktore onenaren sarirako hautagaien artean da.

Goenagak idatzi zuen filmaren gidoia, eta, hari esker, jatorrizko gidoi onenaren sarirako izendapena lortu du zinemagileak. Halaber, filmerako egindako soinu bandagatik, Arantzazu Calleja jatorrizko musika onenaren sarirako izendatu dute; Javier Agirre Erauso, argazki zuzendaritza onenaren sarirako; Mikel Serrano, arte zuzendaritza onenaren sarirako; eta Karmele Soler eta Sergio Perez Berbel, makillaje eta ile apaintze onenaren sarirako.

Euskarazko beste lan batek ere lortu du izendapenik, hiru kategoriatan izendatu baitute Paul Urkijoren Gaua filmeko lantaldea: efektu berezienean —Jon Serrano, Mariano Garcia Marty, David Heras eta Iñaki Gil Ketxu—, makillaje eta ile apaintzearenean —Patricia Lopez, Paco Rodriguez eta Nacho Diaz—, eta jantzien diseinuarenean —Nerea Torrijos—.

‘Los domingos’

Alauda Ruiz de Azua zinemagile bizkaitarraren Los domingos lanak lortu du izendapen gehien biltzea: hamahiru, denera. Iazko Donostiako Zinemaldian, Sail Ofizialeko lehian estreinatu zen film hori ere, eta Urrezko Maskorra eskuratu zuen, baita Irizar saria ere. Ikusleen eta kritikaren faboritoen artean izan zen Los domingos jaialdian, eta faboritoen artean da Goya sariei begira ere. Film onenaren, zuzendari onenaren eta jatorrizko gidoi onenaren sarietarako hautagai da, Maspalomas bezala.

Klausurako moja bihurtu nahi duen 17 urteko neska bat du protagonista filmak, eta asmo horrek familia bati nola eragiten dion kontatzen du. Blanca Soroak, Patricia Lopez Arnaizek, Nagore Aranburuk, Miguel Garcesek eta Juan Minujinek parte hartu zuten aktore taldean, eta guztiek lortu dute izendapena —emakumezko aktore berri onenaren kategorian Soroak, rol protagonisten atalean Lopez Arnaizek eta Garcesek, eta taldeko aktore onenen sailean Aranburuk eta Minujinek—. Horiez gain, beste bost kategoriatan ere izendapenak lortu ditu filmak.

Maspalomas-ek eta Los domingos-ek beste hiru lehiakide izango dituzte film onenaren garaikurra eskuratzeko lehian: Manuel Gomez Pereiraren La cena, Oliver Laxeren Sirat —11 izendapen lortu ditu denera— eta Eva Libertaden Sorda. Hain zuzen, azken horretan egindako interpretazioagatik, taldeko aktore onenaren kategorian izendapena lortu du Elena Iruretak. Eta badira hautagaien artean egotea lortu duten Euskal Herriko artista gehiago ere, hala nola Ion de Sosa zinemagilea —Balearic filmagatik, zuzendari berrien kategorian—; Gaizka Urresti —Eloy de la Iglesia, adicto al cine lanagatik, film dokumental onenaren kategorian—; Susana Abaitua aktorea —Un fantasma en la batalla filmean jokatutako rol protagonistagatik—; eta Aitor Berenguer eta Urko Garai —biak ere soinu onenaren kategorian, El cautivo eta Sorda lanengatik, hurrenez hurren—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.