Mitoa albo batera uztea, eta haren bizitza aldarrikatzea. Hori izan da Garbiñe Ubeda idazle eta BERRIAko kazetariaren eta Ekaitz Agirre Garluk koloristaren helburu nagusia Maurizia. Biziminaren hotsa komikia prestatzeko orduan. Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailea du ardatz lanak. Xabiroi komiki aldizkarian atalka argitaratu ondoren, orain album gisa kaleratu dute. Gaur aurkeztu dute, Donostiako Elkar liburu dendan.
Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen eta Ikastolen Elkartearen elkarlanaren fruitu da komikia, eta, egileekin batera, bertan izan dira Itsaso Elizagoien Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakaria, Arantxa Munduate Ikastolen Elkarteko ordezkaria, eta Dani Fano Xabiroi aldizkariko koordinatzailea. Aldeiturriagaren bi biloba ere izan dira aurkezpenean, eta haren panderoa ere komikien alboan eduki dute.
Txikitan ikasi zuen Aldeiturriagak panderoa jotzen, eta herriz herri aritzen zen. Horrela ezagutu zuen Benantzio Bernaola trikiti jotzailea, eta hasieran musikarako kide izan zuen, baina, azkenerako, ezkondu ere egin ziren. Garai hartako pandero jotzaileen ikur bilakatu zen Aldeiturriaga, ordura arte gizonezkoena zen mundu batean lehen lerroan jartzea lortu baitzuen.
«Maurizia pertsona ekarri nahi izan dugu», azaldu du Ubedak. Horiek horrela, haren bizitzako momentu «zaurgarri» bat hartu dute ardatz. Haren senarra gaixotu eta ospitalean hainbat egun igaro zituztenekoa, harik eta Bernaola hil zen arte. Une gogor horretatik abiatu, eta hura gainditzera eta berriro musikaz gozatzera nola iritsi zen kontatu dute komikian. «Puska hori hartu dugu, hortik ateratzean Mauriziak are indar handiagoa erakusten duelako», gaineratu du idazleak. Hori bakarrik ez, denbora saltoak ere gehitu dizkiote kontakizunari, eta Aldeiturriagaren haurtzaroko eta gaztaroko momentuak azaldu dituzte. «Betiere musikarekin zerikusia duten momentuak dira», zehaztu du Garlukek.
Fikzioa, noraino?
Aldeiturriagarenaz gain, komikian Bernaolaren figura aldarrikatzen ere saiatu dira. «Tandem ona osatzen zuten», oroitarazi du koloristak. Gaixotu zenean, panderoa jotzen jarraitzera animatu zuen senarrak Aldeiturriaga: «Bere bidea egiten jarraitu zezan nahi zuen». Hori dela eta, Fasiorekin eta Leonekin plazetan jarraitu zuen pandero jotzaileak, eta kantu batzuk ere elkarrekin grabatu zituzten estudioan.
Bai Ubedak eta bai Garlukek izan dute esperimentatzeko tarterik. Komikian hainbatetan agertzen da musika, eta hori irudikatzeko modu berezia topatu dute, beste hainbat komikitan musika noten bidez egiten den irudikapena albo batera utzita. «Garai hartan musika belarriz ikasten zuten, ez solfeoarekin, eta, nolabait, hori irudikatu nahi genuen», azaldu du idazleak. Hori dela eta, soinu bakoitza modu berezi batean marraztu du Garlukek.
«Ez dago berebiziko abenturarik, lurrari oso lotutako bizitza bati egindako gorazarrea baizik»GARBIÑE UBEDAIdazlea
Ubeda: «Ez dago berebiziko abenturarik, lurrari oso lotutako bizitza bati egindako gorazarrea baizik». Aldeiturriagak izandako bizitza «xume» horrek berezi egin zuela sinetsita daude bi sortzaileak. «Lurrari lotutako mundu ulerkera horrek egin zuen handi Maurizia; horrek eman zion esentzia», gaineratu du Ubedak. Familiaren iritzia zein izango zen jakitea garrantzitsua iruditzen zitzaien idazleari eta koloristari. Batetik, senideak oraindik bizirik daudelako, eta, bestetik, pertsonaia publikoa izan zenez, jendeak haren inguruko datu batzuk ere badakizkielako. «Kezkatuta geunden familiarekin, baina konforme dira emaitzarekin, eta lasai gaude», adierazi du Garlukek.
Kezka horretaz mintzatu da idazlea ere: «Ikono baten inguruan ari gara hitz egiten, denon buruan dagoen norbaiten inguruan. Noraino sartu daiteke fikzioa?». Baina, komiki liburu bat egiteko ardura zutenez, fikzioa «nahitaez» egin behar zutela jabetu zen Ubeda. Hori dela eta, protagonistaren inguruko kontuak agertzeaz gain, haren esentziari ahalik eta fidelen izaten saiatu ziren. «Uste dugu horretan ez dugula huts egin».
Miren eta Maite Bernaola —Aldeiturriagaren bilobak— aurkezpenean izan dira. Biak ala biak gustura dira emaitzarekin: «Altxor baten aurrean gaude», adierazi du bigarrenak. Aurkezpena amaitutakoan, trikiti bat eta amonaren panderoa hartu, eta kalejira bat jo dute bi bilobek elkarrekin. «Aupa Maurizia!», esan du batek. Amonaren esentzia zabaldu da airean.
20 urte
Bigarren aldia da Ikastolen Elkarteak eta Euskal Herriko Trikitixa elkarteak, Xabiroi-rekin batera, komiki album bat kaleratzen dutela —lehena Elgeta trikitilariaren ingurukoa izan zen—. Trikitixa Elkarteak euskal kultura «jaso, bildu eta zaintzea» helburu duela azaldu du elkarteko lehendakariak, eta horrelako proiektuak zabalkunderako ematen duen aukera azpimarratu du: «Sinesten dugu komikiari esker bestela iritsiko ez ginen jendearengana iritsiko garela».
Bestalde, egun batzuk barru 20 urte beteko ditu Xabiroi-k, eta bihartik aurrera eskuragarri egongo da aldizkariaren 76. zenbakia. Hasieratik ibili dira Munduate eta Fano proiektuan lanean, eta bi hamarkada betetzearen lorpena nabarmendu du lehenak: «Ez dakit gure ametsik onenean ere imajinatuko genuen 20 urte egingo zituenik». Aurrera ere begiratu du Fanok: «Euskal kulturaren zabalkundean parte hartzea pribilegio bat da. Beti prest gaude kultur ondarea zabaltzeko».