Bizitzaren joan-jina irudikatzen du Ziklikoa-k. Hala erantzun du Patxi Cazenave Maskak taldeko kantariak karrikaratu duten azken diskoa definitzeko tenorean. Maskak-ek melodia ziklikoak sortu eta kantatu ditu hamar kantuz osatu diskoan. Buruz buru lehen diskoa atera zutenetik, taldea «heldu» egin da bertako kide bakoitza hazi joan den bezalaxe, Betti Albor gitarra jolearen arabera. Lehen aldian pop-rocka zena, egun, elektronikoagoa bilakatu da.
Musika elektronikoa hartu dute ardatz nagusitzat diskoa egiteko. Lehen albumeko estiloa garatu nahi izan dute bigarrenean, baina azken urtean musika elektronikoaz maitemindu direla erran du Alborrek, eta, beraz, erabaki dute bide horretatik joatea. «Festibal anitz egin ditugu, eta musika elektroniko anitz aditu dugu. Lauren artean deliberatu genuen disko berriko bidea hortik joanen zela».
Antton Larrandaburuk, Haize Alborrek eta Aetz Etxartek idatzi dituzte diskoko kantuak. Zikloa gaitzat harturik, taldeko kide bakoitzaren bizipenak eta istorio pertsonalak aipatu dizkiete kantu egileei, «bihotzean» zutena plazaratu nahi izan dutelako. Alborren erranetan, hitzen aldetik kantu «pertsonalagoak eta intimoagoak» egin dituzte aldi honetan. «Album zintzoa egin nahi izan dugu. Lehen entzunaldian ulertzen diren hitzak egitea izan da helburua».
Hil arteko zikloa
Bizitzaren zikloa gazte baten bizipenetatik hasten da diskoan. Gau ero kantuan, erraterako, edonork bestan bizi izan duenaz ari dira hitzak. «Biharamunetako doluak haste/ mamu beltzak ez dira joan batere/ gauak egunari bahitu dizkio/ nituen motibazio eta desio/ orain ondoko gaualdia dut obsesio».
Ez naizena kantuaren bideokliparekin egin dute diskoaren sustapena orain arte. Bertan, nerabezaroan edo helduaroan jasan daitezkeen presio sozialak ageri dira, baita norberak gorputzarekin duen harremana ere. «Ez naizena/ ote naiz ni azkenean/ edo bilakatzen horrela/ pentsatzen dudanean». Bizitzaren zikloa bukatzen denez beti, heriotzaren eta doluaren bizipenak ere presente dira Dolua kantuan.«Berriz bizi izan banitu/ urruntzen ari diren egunak/ norat eskapatu zira/ berpizten ari zaizkit beldurrak».
«Hutsetik» hasteko erronka
Lehen albumak harrera ona izan zuela zehaztu du Alborrek, eta, bigarrenerako, hobeki egin nahi izan dituzte gauzak. Estilo elektronikoa landu izanak parada eman die beren musika estiloa «ia-ia hutsetik» eraikitzeko. «Sekulako» erronka izan dela gehitu du, baina kide guziek «argi» zuten Maskak ez zutela pop-rockean mugatu nahi izan, eta, beraz, bide berriak jorratu beharra zutela.
Estilo elektronikoak oholtzan izateko maneran eraginen die taldeko kideei. Mugimendu «anitz» eskatzen du pop-rockak, baina elektronikoak, berriz, kontzentrazio handiagoa galdegiten du, Battitt Etxart tekla jolearen ustez. «Teknikoki dena aldatzen da; pop-rocka libreago da. Elektronikoak, berriz, teknikoki atentzio handiagoa behar du, eta dena milimetratua da. Oholtza gainean ere, ez gara hain eroak izanen; anitz kontzentratu beharko dugu, metronomoarekin bat egin behar baitu denak, etengabean».
Ikusgarri «bakana»
Martxoaren 6an eginen dute disko osoaren lehen aurkezpen kontzertua, Ezpeletako merkatu estalian (Lapurdi). Kontzertuaz haratagoko «ikusgarria» izanen dela segurtatu dute. Argi jokoak eginen dute ikusgarri «bakana», Alborren erranetan. Iraupenaren aldetik ere, ohiko kontzertuak baino luzeagoa izanen da, eta sartzeak dagoeneko salgai eman dituzte maskak.eus webgunean. «Ekitaldi bakana izanen da Ezpeletan aurkeztuko duguna. Behin bakarrik eginen dugu hori, eta segurta dezakegu emanen ditugun beste kontzertuak ez direla hala izanen. Show berezia izanen da, eta espero dugu disko berriak lehen bezain harrera ona izanen duela hemendik aitzina».