Ilusioz, baina baita urduritasun puntu batekin ere, 50 urte ez baitira urtero betetzen. Erein argitaletxea asteon heldu da urtemugara, eta BERRIA hiru ordezkarirekin elkartu da, argitaletxearen ibilbidea errepasatu eta etorkizuneko erronkez jarduteko. «Ilusioa dut, baina onartuko dut beti izaten dela zalantza ea dena ondo aterako den», aitortu du Gari Arzallus (Donostia, 1973) argitaletxearen kudeatzaileak. Alboan du Uxue Razkin (Iruñea, 1992) editorea, eta hark buruarekin baietz egin du, irribarretsu. Jexuxmari Mujika (Aizarna, Zestoa, Gipuzkoa, 1946), Administrazio Kontseiluko lehendakari eta Ereinen sortzaileetako bat, berriz, poz-pozik dago: «25 urte bete genituenean esan genuen hurrengo hogeita bostak ilusioz hartuko genituela, eta orain esan dezaket gertatu dela».
Urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zuten hilaren 3an. Donostian, bidean izandako egileekin eta erakundeetako ordezkariekin, baina besterik ere prestatu dute urteurrenaren harira. Aurreratu dute udaberrian «liburu berezi bat» kaleratuko dutela, eta beste batzuk ere bai, Oroimeneko liburua izeneko proiektuaren barruan. «Urte hauetan mugarri izan diren idazleen liburuak eguneratu ditugu, istorioei beste bizialdi bat emateko», jakinarazi du Arzallusek proiektuari buruz.
Bultzada bat pizkundeari
1976an sortu zen argitaletxea, baina Razkin orain bost urte hasi zen editore, eta Arzallusek hiru daramatza kudeatzaile. «Haiek azalduko dizute egungo egoera; niri historia azaltzea tokatzen zait», hartu du hitza Mujikak. 1970eko hamarkadaren hasieran Etor eta Gero argitaletxeak sortu zirela oroitu du, eta haien atzetik heldu zela Erein ere. Aurretik, urria zen ekoizpena, haren esanetan: «Bazeuden euskaraz idatzitako liburuak; esaterako, kristau fedearekin lotutakoak. Ondoren etorri ziren Hamabost egun Urgainen [Jose Antonio Loidik 1955ean idatzitakoa] eta Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua [1957]».
Egoera horretan jaio zen Erein. «Talde politiko bat sortu nahian genbiltzan ezker abertzalearen inguruan. Asko hezkuntzaren munduan genbiltzan irakurle handiak ginen: maite genuen literatura». Hori izan zen, akaso, gakoa. «Uste genuen politikan aurrera egitea ezinezkoa zela kulturan aurrera egin gabe. Orduan otu zitzaigun: 'Zergatik ez dugu argitaletxe bat sortzen?'». Esan eta egin; Jose Manuel Castells, Edorta Kortadi, Anjel Lertxundi, Xabier Lete, Asentxio Ondartzabal, Julen Lizundia eta Mujika bera elkartu, eta Erein sortu zuten.
«Idazleak aurkitzea ez zen zaila, amorratzen zeuden idazteko. Orduko hartan, euskarazko egileak ez zuen baliabiderik»
JEXUXMARI MUJIKA Ereineko Administrazio Kontseiluko lehendakaria eta sortzailea
Euskarazko lehen argitaletxeetako bat izan zen. «Garaia ona zen: Franco hil berria zen, eta militantziarako joera handia zegoen», gogoratu du. Euskararen aldeko nolabaiteko pizkunde horretan, erraz topatu zituzten lehen idazleak, eta harrera ona egin zieten. «Idazleak aurkitzea ez zen zaila, amorratzen zeuden idazteko. Orduko hartan, euskarazko egileak ez zuen baliabiderik». Mujikak ondo gogoan ditu argitaratutako lehen liburuak: Diálogos en torno a las elecciones, Eugenio Ibarzabal idazlearena, eta Euskadiko dependentzia ekonomikoa, Baleren Bakaikoa ekonomistarena; biak 1977koak. «Argi geneukan literatura nagusi izango bazen ere saiakeran ere sartu beharra zegoela».
Eragozpenak eta egokitzapenak
Halaber, konturatu ziren saiakeran ez ezik hezkuntzaren munduan ere ekarpena egin behar zela. «1980ko hamarkada zen, autonomia martxan zegoen, eta euskarazko testuak behar ziren». Mujikaren hitzetan, garai onak izan ziren ordukoak, digitalizazioaren aurreko urteak baitziren, eta, beraz, jendeak liburuak erosten zituen. «Hamabi-hamahiru langile ere izan ginen». Aldi hori bukatu, ordea, eta garai zailagoak iritsi ziren; hala, egokitzea tokatu zitzaien. «Nagusiki euskaraz lan egiten duen enpresa bat ezin daiteke aurrera atera inolako laguntzarik gabe. Alde horretatik, eragozpenak izan ditugu, baina laguntza jaso dugu, eta kudeaketa ona egin», esan du.

Dena den, Mujikaren ustez, belaunaldi aldaketa egitea izan da zailtasunik handiena. «Bolada batean, bata bestearen atzetik jubilatzear zeuden hainbat langile zeuden, tartean editorea eta kudeatzailea. Zalantza genuen asmatuko ote genuen ala ez, baina uste dut asmatu genuela: hementxe dituzu eserita», esan du, Razkini eta Arzallusi begiratuz. «Beste enpresetan bezala, zailtasunak izan dira, baina Ereinek erakutsi du etapa bakoitzean dagokionari egokitzeko ahalmena duela, baita erresilientzia ere. Eragozpenak izan direnean, irtenbideak aurkitzeko gai izan da», nabarmendu du Arzallusek.
«Beste enpresetan bezala, zailtasunak izan dira, baina Ereinek erakutsi du etapa bakoitzean dagokionari egokitzeko ahalmena duela, baita erresilientzia ere»
GARI ARZALLUS Ereinen kudeatzailea
Egokitzeko beharra ekarri zien, esaterako, teknologia berrien etorrerak. Digitalizazioaren aurretik hasi zen argitaletxea liburuak kaleratzen, eta, beraz, gerora iritsi ziren ordenagailuak eta haien ondoriozko eraldaketa guztia. «Hasieran dena paperean egiten zen, eta maketazioa eskuz. Gaur egun, idazle guztiek ordenagailuz idazten dute, testua ordenagailuz bidali, eta guk ere teknologian oinarrituta egiten ditugu tratamendu guztiak», azaldu du kudeatzaileak. Egun, liburu elektronikoak ere saltzen dituzte.
Irakurleei eutsi eta beste batzuk erakarri
Argitaletxeak 2.500 liburutik gora plazaratu ditu 50 urteko jardunean, eta mila egile ingururekin kolaboratu. Tartean daude euskal literaturan mugarri izan diren zenbait eleberri: adibidez, Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988). Mujikak Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean (2000) eta Martutene (2012) eleberriak nabarmendu ditu; Arzallusek, berriz, 31 urtez argitaratutako Ipurbeltz aldizkaria eta Toti Martinez de Lezearen Nur liburu bilduma. Izan ere, Ereinen haurrentzako, gazteentzako eta helduentzako liburuak editatzen dituzte.

Hasieratik aritu badira ere hiru alor horietan, landutako gaiak aldatu egin dira hiruretan, eta baita irakurzaletasuna ere. Luze hausnartu dute auzi horren inguruan. «Egia da irakurleak galtzen ari garela. Euskal hiztunak badaude, baina ez daude ohituta euskaraz irakurtzera, nahiz eta hizkuntza menperatu», adierazi du Razkin editoreak. Hainbatetan mahaigaineratu izan den fenomeno horrekin kezkatuta agertu dira argitaletxeko ordezkariak: uste dute euskarazko irakurketa eskolarekin eta betebeharrarekin lotzen dela, eta, ondorioz, asperdurarekin. «Irakaskuntzan lan egindakoa naiz, eta beti ohartarazi dut euskarak latinaren funtzioa betetzeko arriskua duela: ikasteko hizkuntza bat izatea, baina ez hitz egitekoa», azpimarratu du Mujikak.

Arazoa aldebikoa baita; gerta daiteke heldu batek ohiturarik ez izatea euskaraz irakurtzeko, edo gazte bati erakargarri ez iruditzea. Bigarren kasuan sakondu dute argitaletxekoek. «Haurtzaroan seguruenik ipuinak irakurtzen dira, baina gero, hezkuntzan aurrera egin ahala, derrigorrezko liburuak sartzen dira, eta, horren ondorioz, batzuetan irakurtzeari uzten zaio. Egia da gerora itzultzen direla, baina hor badago halako hutsune bat», azaldu du Arzallusek.
«Maitasun, krimen eta fantasia generoak [egun gehien irakurritakoak] euskaraz izatea da gure apustua, irakurleak ez dezan beharrik izan beste hizkuntzetara jotzeko»
UXUE RAZKIN Ereineko editorea
Hala editoreak nola kudeatzaileak nabarmendu dute ahaleginak egiten ari direla irakurle gazte horiengana iristeko. «Merkatuari entzun nahi diogu, jakiteko zer irakurri nahi duten», esan du Razkinek. Editorearen arabera, gaur egun gazteen artean maitasuna, krimena eta fantasia lantzen dituzten liburuak dira gehien irakurtzen direnak. «Genero horiek euskaraz izatea da gure apustua, irakurleak ez dezan beharrik izan beste hizkuntzetara jotzeko». Halere, bestelako gaiak ere landuko dituzte aurrerantzean ere, Arzallusek adierazi duenez, argitaletxearen ildoa horixe baita: «Euskal literaturak merezi du obra horiek euskaraz izatea».
Etorkizunari begira
50 urtean askotariko erronkei aurre egin behar izan die argitaletxeak. Hasierako urteetan, diru iturriak lortzea izan zen erronka nagusia; gero teknologia prozesuan barneratzea, eta, azkenik, belaunaldi aldaketa egitea. Halere, egin dituzte 50 urte, eta esker oneko agertu dira bidean izandako bidelagunekin. «Ereinen argitaratzeko konfiantza izan dutenak dira protagonistak: idazleak, ilustratzaileak, itzultzaileak, hornitzaileak... baina baita konpetentzia ere», azpimarratu du Arzallusek.
Orain bestelako erronka bat dute aurretik: dituzten irakurleei eustea eta beste batzuk erakartzea. «Sartu nintzenetik beretik argi daukat ikuspuntua aldatu behar dugula nolabait. Jendeari etapa bakoitzean disfrutatzeko euskarazko istorio bat eman behar diogu, betiere hizkuntzaren zuzentasuna errespetatuta», esan du Razkinek. Literatura irakurtzeko aukera bermatu, hizkuntza zaindu, eta erronka berrietara egokitzen jarraitu, beraz. Halere, Mujika lasai dago: «Jende gaztea dugu lanean, giro onean. Honek jarraipena izango du, jarraipen ona». Hori esanda, 50 urteak ospatu eta orain arte ereindakoaren fruituak jasotzea besterik ez zaie falta, etorriko denaren esperoan.