Metahaven kolektiboaren 'Kaosaren teoria' jarri du ikusgai Guggenheimek

Erakusketaren irekierak bat egin du Bilboko museoaren Films & Video aretoaren hamargarren urteurrenarekin.

Vinca Kruk eta Daniel van der Velden artistak, 'Kaosaren teoria' filmaren proiekzioaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Vinca Kruk eta Daniel van der Velden artistak, 'Kaosaren teoria' filmaren proiekzioaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko otsailaren 22a
14:15
Entzun

Zinemaren, bideogintzaren eta mugimendudun irudien esparruan egiten den arte garaikidea erakusteko asmoz zabaldu zuen Films & Video aretoa Bilboko Guggenheim museoak, eta hamar urte egin ditu aurten. Manuel Cirauqui komisarioak izan du haren ardura urteotan guztiotan, eta, azaldu duenez, alor horretan egiten den sorkuntza «askotarikoa» dela azaleratzea izan da helburu behinena beti. Eta, hain justu, askotarikotasun horren erakusgarri da zabaldu berri duten Metahaven: Kaosaren teoria instalazioa, haren hitzetan. Ekainaren 9ra arte egongo da ikusgai.

Amsterdamen bizi diren Vinca Kruk eta Daniel van der Velden artistek osatzen dute Metahaven kolektiboa, eta, hain zuzen ere, halako guneen defentsa egin dute lehen-lehenik. Diotenez, museoen saretik desagertzen ari baitira. «Oso urriak dira bideoari eskainitako guneak», azaldu du Krukek. «Eta daudenei eutsi behar zaie. Gero eta gutxiago daude eta».

Kaosaren teoria izeneko 25 minutuko filma da Bilbon ikusgai jarri duten erakusketako lan nagusia. 2021ean sortu zuten, eta X izeneko neskato baten eta Y/Z izeneko emakume heldu baten arteko elkarrizketa poetiko bat da ardatz nagusia. «Zinema narraziogintza ez-lineal eta zirkular batera eramateko saiakera bat da», azaldu du Van der Velden artistak. «Eta, beraz, aretora noiznahi sartuta ere, filmaren haria harrapatu ahalko duzu».

Euskarazko pasarteak

Bi oinarri nagusi ditu lanak, Van der Veldenen hitzetan. Gurasoen eta umeen arteko harremana edo menpekotasuna da bata, eta ziurgabetasuna da bestea. Patroiei eta kaosari buruzko joan-etorri moduko batek ere lotzen ditu, halere, proiekzioko pasarteak. Eta filmeko pasarte batean X neskatoak esaten duen esaldi bat aipatu dute artistek, horren guztiaren adibidetzat. «Gu garen hori ikusten dut gu ez garen gauzetan, hala nola autobusetako aulkietako marrazkietan».

Frantsesez, ingelesez eta hungarieraz mintzo dira pertsonaiak, eta ingelesezko azpidatziekin ikusi ahalko du lana bisitariak. Baina erakusketa Bilbon egingo zela jakinik, euskarazko pasarte batzuk ere txertatu dizkiote lanari. Hain zuzen ere, bi pertsonaiak beherantz daramatzan igogailuko abisua jarri dute euskaraz. Van der Velden: «Hizkuntza liluragarri horri buruz gehiago ikasteko aukera izan dugu, eta museoak asko lagundu gaitu esaldia euskaraz ongi idazten; besterik gabe Googleren itzultzailean jarriz gero ez baita ongi ateratzen».

Filmaren proiekzioaz gainera, hura ikustera esertzeko alfonbra erraldoi bat ere sortu dute artistek, eta beste bost pieza ere jarri dituzte areto nagusirako sarreran. Azken lau urteetan sortutako brodatu lanak dira, eta «ia-ia fotogramen baliokidetzat» dauzkate artistek. Hain zuzen ere, filmak lantzen duen patroi bilaketa igar daiteke lan horien muinean ere, eta aurrez sekula erakutsi gabeak dira haietako batzuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.