Zuzenketa ekintza moduko bat da. Ezin era nahasiagoan bukatu zen Fermin Muguruza musikariak maiatzaren 30ean Mexikoko hiriburuko Alicia Foroan emandako kontzertua. Saioa amaitu gabe zutela, Polizia Federaleko, Guardia Nazionaleko eta armadako kideek osatutako operatibo armatu bat azaldu zen, eta, tentsio handiko momentu batzuen ondoren, musikariek eten egin behar izan zuten emanaldia. Hurrengo asteetan polemika bizia eragin zuen indar armatuak bidaltzeko erabakiak, eta Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteak ere adierazpen publikoak egin zituen Muguruzaren aurkako betoa salatzeko. Orain, Mexikora itzuliko dela iragarri du artistak, eta, oraingo honetan, Mexikoko Hiriko Gobernuko Kultura Idazkaritzak egin dio gonbidapena. Abuztuaren 31n izango da kontzertua, Iraultzaren Monumentuan.
Ikusi gehiago
Alicia Foroko saio hark sentsazio «oso mingotsa» utzi ziola aitortu zuen Muguruzak berak ETB1eko Biba zuek programan, eta abandonu moduko bat sentitu zuela kontatu zuen. «Ni ez naiz espainola, eta ez dut ezer espero espainiar estatutik: horrelako gauza bat pasatu da, Mexikon arazo nazional bilakatu da, eta oraindik ere telebistetan egunero ari dira gertatu zenari buruz, eta estatu espainoleko inork ez du ezer esan, baina hemen ere, ez Irungo Udalak, ez Gipuzkoako Aldundiak, ez Eusko Jaurlaritzak ere ez dute ezer esan; denak mutu daude. Orduan, zer babes daukagu euskal herritar gisa?».
Aurrez ere, Muguruza maiz izan da Mexikon, eta lotura estua du hango hainbat mugimendu sozial eta kulturalekin. Maiatzean, Alicia Foroko kontzertuaren biharamunean bertan, 20.000 ikusleren aurrean aritu zen musikaria, Nezahualcoyotl hirian emandako kontzertuan.
25.000 ikuslerentzat
Hilabete amaieran emango duen kontzertua ere «jendetsua» izango dela iragarri dute orain. Doakoa izango da sarrera, eta 25.000 pertsona bilduko direla espero dute antolatzaileek. Muguruzarekin batera, gainera, Tijuana hiriko Tijuana No taldea eta Monterey hiriko Niña Dioz rap abeslaria ere izango dira oholtzan. Eta Muguruzaren taldeak hedabideetara bidalitako oharrean biltzen denez, aldarrikapen kutsua eman dio saioari Mexiko Hiriko Kultura Idazkaritzak ere. «Iraultzaren Monumentuko kontzertua askatasunaren aldeko dei eta ekintza bat da».
Eta, hortaz, emanaldiak osagai guztiak ditu Muguruzaren 40. urteurreneko nazioarteko birako beste mugarri sendoetako bat bilakatzeko.
Edonola ere, ordura arte, beste zenbait kontzertu ere baditu musikariak. Gaur bertan, esaterako, Gasteizko txosnetan arituko da, eta abuztuaren 14an, berriz, bere sorterrian, Irunen (Gipuzkoa). Azkenik, urriaren 4an emango du nazioarteko birako azken kontzertua, Iruñeko Nafarroa Arenan. Sarrerak duela ia urtebete amaitu ziren.