Hilberria

Mike Love hil da, The Beach Boys taldearen sortzaileetako bat

Taldeko abeslari nagusietako bat izan zen, eta haren ahotsean egin ziren ezagun 'Surfin' USA', 'California Girls' eta beste hainbat kantu. Kalifornian hil da, 85 urte zituela.

Mike Love musikaria, iazko uztailean, Donostian. JON URBE / FOKU
Mike Love musikaria, iazko uztailean, Donostian. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2026ko azaroaren 29a
22:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBetako mendebaldeko kosta, gazteak, eguzkia, hondartza eta surfa. Giro argitsu horrek bustitako kantuak sortu zituen The Beach Boys taldeak, eta Mike Lovek jarri zien ahotsa taldearen abesti ezagunenetakoei. Kalifornian sortu zuten taldea Lovek, Brian, Carl eta Dennis Wilson anaiek —eta Loveren lehengusuek— eta haien lagun Al Jardinek, 1960ko hamarkadaren hasieran. Taldearen sortzaileetako bat ez ezik, bandaren ibilbide osoan aritu zen bakarra izan zen Love, baita bizirik zegoen bakarra ere. Eta 85 urterekin hil da, Malibun (Kalifornia), ibilbide luze eta oparo bat eginda. 

Los Angelesen sortu zen Love, 1941ean. Musikarako zaletasuna amarengandik jaso zuen, eta Wilson anaien etxera egiten zituen bisitetan hasi ziren taldearen lehen hazia jartzen. Laster batu zitzaien Al Jardine, institutuko laguna. Surfin' Safari (1962) izan zuten estudioko lehen albuma, eta Surfin' USA eman zuten hurrengo urtean. Haien ondotik, beste hamaika lan plazaratu zituen taldeak, eta California Girls, I Get Around, Help Me, Rhonda, Good Vibrations eta beste hainbat kanturen bidez, arrakasta lortu zuten AEBetan eta nazioartean, milioika disko salduta.

Taldeak hainbat gorabehera izan zituen hurrengo urteetan, baita kide aldaketak ere, eta Lovek gatazkak ere bai haietako batzuekin —Brian Wilsoni salaketa jarri zion, kantuen egile eskubideen harira—. Love izan da hasierako taldetik bizirik iraun duen azkena. Iazko uztailean Kursaalean izan zen kantuan, taldeak Donostiako Jazzaldian emandako kontzertuan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA