«Hastapenetan/ mundua aldatu/ nahi genuen,/ baina azkenean/ munduak berak aldatu/ gaitu nahi baino/ lehenago. Garai hauetan non/ hautu bat egiteak bere/ ondorioak dakartzan,/ ez egiteak bezain». Egunerokoari eta inguruari behatu die Mikel Ibargurenek Haize begitik poema liburuan. Liburu «auto-sozio-biografikoa» dela azaldu du, intimitatea eta gai sozialak lotu baititu. Seigarren poema liburua du, eta Susa argitaletxeko Leire Lopez Ziluaga aritu da editore.
Asteko lau egunen izenek osatzen dituzte liburuaren atalak: Ilen, Ebiakotz, Eguen eta Igande. Orotara, 50 poema bildu ditu idazleak, eta laburrak dira gehienak. Liburuaren azaleko itsasargiarekin —Lander Garroren argazkia da— alderatu du editoreak poemetako ahotsa: «Inguruari begiratzen dion norbait da». Baina desberdintasun bat ere aipatu du: «Ez du ingurura begiratzen itsasargiak ematen duen altuera horretatik, nagusitasun batetik; hurbileko begirada da berea, bikotekideari, lagunari, lankideari, auzokoari, baztertutakoari begiratzen diona».
«Ez du ingurura begiratzen itsasargiak ematen duen altuera horretatik, nagusitasun batetik; hurbileko begirada da berea, bikotekideari, lagunari, lankideari, auzokoari, baztertutakoari begiratzen diona»
LEIRE LOPEZ ZILUAGA Editorea
Lehenengo atalean, oroitzapenak eta gogoetak nagusitzen dira. Halaxe dio Ibargurenek Arrotz olerkian: «Aspaldion/ arrotz nabil/ neure kautan/ ez dut etxetik/ ateratzeko asmorik,/ hozkailuan lau jogurt/ kadukatu eta/ Heineken botilak». Bigarrenean, greba egunak, etxebizitzaren arazoa, lan mundua eta pentsio planak daude. «Urteko merkealdian/ errazegi saltzen da/ amets egiteko gai ez den/ jendearen lan indarra», dio Bezeroa poemak. Hirugarrenean, migranteekin izandako harremanak ageri dira, idazleak esan duenez, «egun xaloenekin kontrastean». Azkenik, laugarren atalean, Ibargurenek kontatu bezala, bere alde behatzaileena ageri da: «Nire haize begitik, nire leihotik, nire talaiatik begira, auzotarren joan-etorriak gehien deskribatzen dituen atala da».
Egunerokoa
Egun arruntak izan ditu hizpide Ibargurenek, Gero arte poeman bezalaxe: «Iratzargailuak betiko tenorean esnatu zaitu,/ astelehena da zure laneguneko agendan». Baina, finean, hutsalak diruditen egunei erauzi die zer kontatua; izan ere, egileak esan du begirale moduan jarri eta «ezkutatzen diren keinu txiki edo anekdotak» atzemateko asmoa izan duela. Hala, errutinari erreparatu dio egileak: «Iruditzen zait gutaz asko esaten dutela daramagun bizi erritmo hiperazeleratuan ohiko bilakatu diren detaile edo keinu txiki horiek». Baina egun arruntak aldrebesteko gaiak ere presente izan ditu; besteak beste, minbizia, grebak eta mugak.
«Iruditzen zait gutaz asko esaten dutela daramagun bizi erritmo hiperazeleratuan ohiko bilakatu diren detaile edo keinu txiki horiek»
MIKEL IBARGUREN Idazlea
Errealitatearen eta poesiaren arteko muga lausotu duela kontatu du idazleak: «Batzuetan errealitatea bera poesia bilakatzen dela dirudi edo, aitzitik, poesia errealitate». Gainera, idatzi bitartean, hautu kontziente bat egin du: «Nire klase kondizioa zein den nabarmendu nahi izan dut». Hortaz, poesia erabili du egungo gizartearen aurrean dituen kezkak eta larritasunak kontatzeko, gizartea eta poesia elkarri lotuta ulertzen baititu: «Horixe da nik poesiari edo literaturari eskatzen dizkiodan baldintzetako bat: bizi dugun errealitateari atxikia izatea, errealitate horri eskaner bat pasatzea».
Ni-a da Haize begitik poema liburuaren abiapuntua, baina ni-a egitura sozialean dago txertatuta. «Haize begitik liburua behaketa sozial intimo eta afektibo batetik egina da», esan du egileak. Gainera, liburua gonbidapen bat izatea ere nahi du, «txikitik eta zarata handirik gabe, baina gure bizimoduak betetzen dituzten egun arrunt horiei laudorio» egiteko. Halaxe azaldu du editoreak ere: «Poema batzuei malenkonia bat darie, baina badago poemotan bizitzaren ospakizun moduko bat. Bizitza txiki baten ospakizuna. Norberarena. Bakoitzarena. Su festa handirik gabe». Finean, idazleak poesiaren bitartez mundua begiratzeko modu bat eskaini nahi izan du, «poesiaren itsasargitik begien aurrean duguna» begiratzeko modu bat. Gainera, poesia gabe bizitza «akats bat» litzatekeela ziurtatu du Ibargurenek.
Ospatzeko argitalpena
Susa argitaletxearen 100. poesia liburua izan da Haize begitik, eta ohore handiz jaso du Ibargurenek horren ardura. Hori dela eta, Lopezek kontatu du aldatu egin dutela liburuaren diseinua. Ibargurenek beste bost poema liburu ditu argitaratuak: Hemen gauak lau ertz ditu (Susa, 1996), Deserriko Karrikak (Susa, 2002), Ahapetik (Kutxa, 2007), Joan da negua (Susa, 2011) eta Bide batez esanda (Utriusque Vasconiae, 2013). Halere, bera poeta ote den irakurleek erantzun beharko dutela dio: «Ni langile klasekoa izaki, konforme naiz hitzen langile izatearekin. Baina hori bai: beti paratuko naiz poesiaren alde».