Eztena arte eszeniko garaikideen jaialdiak hamazazpigarren aldia du aurtengoa, eta, urte hauetan guztietan lanean aritu diren antolatzaileak eta babesleak omentzeko xedez, eztenakide figura berreskuratu dute. Lanean aritu den jendeari ez ezik, jaialdiaren habia izandako tokiari ere gorazarre egingo diote. Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo kultur elkartean sortu zen Eztena, eta, etenaldi baten ostean, hara itzuliko da jaialdia. Aitortza hori nabarmentzeko, Sorlekua izenburua eman diote aurtengo aldiari. Bihar hasi eta igandera arte egingo dute jaialdia, Errenteriako Niessen kulturgunean, Lekuona Fabrikan eta Mikelazulon; 11 emanaldi egingo dituzte.
Mendia antzezlana izango da lehena. Mendiari uko egin arren mendira itzultzera behartuta dagoen alpinista bat du protagonista pieza horrek. Niessen kulturgunean taularatuko du Mikele Urrozek, bihar, 20:00etan.
Heriotzak Eduardo duizena saioa emango du Formol Laborategiak ostiralean, 19:00etan, Niessenen. «Poesia ez-errezitala» omen dena Munduko Poesia Kaierak bildumaren hamargarren urteurrena ospatzeko sortu zuen taldeak. Beste emanaldi bat ere egingo dute ostiralean: Mari Zaunka konpainiak Erreka ondoan, bi gezur antzerki eta dantza ikusgarria taularatuko du Lekuona Fabrikan, 20:30ean.
Zanguango Teatrok Paso a paso, la mirada nómada kale ikuskizun ibiltaria abiatuko du Mikelazulotik, larunbatean, 12:30ean. Egun berean, Daisy Crazy antzezlana taularatuko du Pez Limbok, 18:00etan, Mikelazulon. Las Nenas konpainiaren Torcidxs performancearen txanda izango da ondoren, 20:00etan, Lekuona Fabrikan.
Herri Arte Eskolako antzerki talde gazteak Ametsak eta Motorrak pieza taularatuko du igandean, hilak 8, 18:00etan, Niessen kulturgunean. Eta, azkenik, Rosa Romerok Soy un baile eskainiko du 19:30ean, Lekuona Fabrikan.