Jakinarazi dute nor izanen den Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko jaialdiko zuzendari artistikoa aurrerantzean: Miquel Marti Freixas (Bartzelona, 1978). Zinema programatzailea, irakaslea, kultur kudeatzailea eta kritikaria da, eta eskarmentua du zinema festibaletan: besteak beste, programatzaile aritutakoa da Rotterdameko Nazioarteko Zinema jaialdian, Zinebin eta Curtocircuiton (Galizia), eta hark sortu zuen La inesperada izeneko ez-fikziozko zinema jaialdi katalana, beste kide batzuekin elkarlanean. Orain, Manuel Asinen lekukoa hartuta heldu dio Ikuspuntuko karguari, eta 2029ra arte izanen da zeregin horretan lanean.
Zuzendari aldaketa aurreikusia zegoen lehendik, eta, hain zuzen, 2025eko otsailean eginiko Ikuspuntu festibalean Asinek despedida aireko hitzak bota zituen han eta hemen. Lekukoa nork hartuko zion argitzeko zegoen, ordea. Izan ere, Nafarroako zinema jaialdiak sorreratik du ezarria zuzendaritza artistikoa lau urtean behin berritzeko irizpidea, bai eta zuzendaria aukeratzeko prozedura ere: NICDO enpresak gauzatutako lehiaketa publikoen bidez zehazten da postu hori, eta, hortaz, horretan gailendu ondoan izendatu dute zuzendari Freixas. Ebazpenaren arabera, katalanaren ekarpenak nabarmen aberastuko du iragan urteetan aritutako lantaldeek eginikoa. «Iaioa da kontzeptualki, analisirako gaitasun handia du, eta etorkizunari so egiteko begirada zentzudun eta ausarta», argudiatu dute plazaratutako oharrean.
Zinema festibaletako esperientziaz gain, Zumzeig Cinema kooperatiba eta hari loturiko hainbat ziklo sortzeagatik ere bada ezaguna Freixas. Irakaskuntzari dagokionez, Kataluniako ESCAC Zinema Eskolan, UAB Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta UPF Pompeu Fabra Unibertsitatean jardun da, besteak beste. Ez-fikziozko zinemari buruzko Blogs&Docs aldizkarian ere aritu zen 2006tik 2013ra artean, editore.
Freixasen aurretik, honako hauek jardun dira Ikuspunturen zuzendaritza artistikoan buru: Carlos Mugiro, Josetxo Cerdan, Oskar Alegria, Garbiñe Ortega eta Manuel Asin.
Hautaketa batzordea ere, berrituta
Aurrerantzean Ikuspuntuko Sail Ofizialaren gaineko ardura izanen duen hautaketa batzordea ere berritu dute, gainera. Ines Calero, Ekhiñe Etxeberria Garjon, Antonio Miguel Arenas eta Margot Mecca izanen dira talde horretan. 2029ra bitartean antolatuko diren jaialdietan sail ofizialean kabiaraziko dituzten filmen hautaketa izanen dute zeregin nagusietako bat —Freixasekin batera ariko dira—.
Emandako informazioaren arabera, lantalde berria 2026ko festibalari so ari da dagoeneko: apirilaren 20tik 25era eginen dute, Iruñean. Hain justu ere, urteurren biribil baten bueltan helduko diote erronkari aurrenekoz: XX. aldia izanen du Ikuspuntuk.