Hotzak bertsoa eskatzen du. Kulturgune bat, txamarra lodia eta zerua ilun. Barnean, berriz, oasi bat bertso: txalo zaparradak eta elkar berotzen duten kasik bortzehun lagun. Beti ez da izaten horretarako aukerarik, baina bertsolari txapelketak abian direnez oraindik, gaur bazegoen nahikoa arrazoi Baigorrira (Nafarroa Beherea) bidaiatzeko. Xilabako lehen finalaurrekoa jokatu dute, eta Miren Artetxe Sarasolak batu ditu puntu gehien: 551,5. Hortaz, zuzen-zuzenean sailkatu da finalerako; hilaren 31n izanen da, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Gainerako bertsolariek sailkapenari begira gelditu beharko dute, harik eta heldu den larunbatean bigarren eta azken finalaurrekoa jokatzen den arte, orduantxe zehaztuko baitia sei finalisten zerrenda. Bertsolariok sailkatu dira, horrenbertzez, Artetxeren gibeletik gaur: Maddalen Arzallus Antia (535,5 puntu), Elixabet Etxandi Goihenetxe (518,5 puntu), Haira Aizpurua Ibargarai (511 puntu), Mizel Mateo Salaberri (501,5 puntu), eta Nahia Sasco Etxeberri (452 puntu).Â
Zozketaren araberako ordenan aurkeztu ditu bertsolariak Joana Itzaina Malharin gai jartzaileak, eta berehala seiak lanean jarri. Ohiko moldean abiatu da saioa: zortziko handian. Normalean izaten diren baino umoretsuagoak izan dira neurri horretako gaiak, zortziko txikikoen itxura hartzeraino. Mateo eta Etxandi, erraterako, 70 hamar urteko bikote bat izan dira; ohartzen hasiak direnak entzumena galtzen hasiak direla. Umorez hasi zaio kontu kontari Mateo: «Batzutan ez dut espres egiten/ bainan beste batzutan bai». Goxokiro erantzun dio Etxandik: «Aparatu bat jarriko dut nik/ benetan da erosoa/ luzaro Mizel entzun nahi nuke/ zure bozaren goxoa».Â
Eta umorez aritu dira zortziko handian Artetxe eta Sasco ere, hondartza bateko bi zaindariren rolean. Turista bat ikusi dute laguntza eske, eta umorez abiatu da Artetxe: «Baina begira begiak gorri/ burua urdin, begira/ nere irudiko bere lagunei/ kuku egiten ari da». Galdera bota dio Sascok kideari: «Bi diru moltsak bete-beterik/ hondartzara dira jiten/ baina ez dakit nola ikasten/ duten igeri egiten».
Zortziko txikia izan da hurrengo ariketa, eta hor ere umorez jardun dira gehien-gehienean. Ardo saltzailea izan da Mateo, eta dastatzera joandakoa Aizpurua. Dastatu bai, baina ez dio botila bakarrik ere erosi. Kexuka hasi da Mateo, eta lasaitzeko erran dio Aizpuruak: «Pixkat angustiatua/ edo zira, aizu/ hartu zazu pixka bat/ ongi jinen zaizu». Baina ezezkoan izan da saltzailea, «Milesker arno hori/ ez dut gustukoa/ bakarrik edaten dut/ nik Bordelekoa».Â
Senideak izan dira, berriz, Arzallus eta Sasco. Arzallusek Interneten salgai topatu du senideari oparitutako abrigoa, eta salmenta lekutik idaztea erabaki du. «Ehun da berrogei euro/ jarri du jadanik/ barka laurogei euron/ erosi nuen nik». Sascok izan du erantzun bat gordea: «Ta nere kargua da/ nik ez ulertzea/ zuk nere taila oino/ ez ezagutzea».Â
Hamarreko txikian bi medikuren larruan jarri dira Artetxe eta Mateo, eta kontrabandistez jardun dira, berriz, Aizpurua eta Sasco. Ariketa horretan poto egin du Sascok, eta bakarkako bigarren bertsoan ere bai. Neurri horretan kantatzen azkenak Etxandi eta Arzallus izan dira, eta etxegabeak laguntzeko enpresa bateko bi lankiderena egin dute.Â
Ailegatu da ganbara: puntu erantzunak eta bakarkako hiru bertso, bakoitzak nahi duen doinuan eta neurrian. Arrazakeriari buruz kantatu dituzte zortziko txikian bi puntu erantzunak, eta hau izan dute bakarka aritzeko gaia: «Gaur ukan duzu sekula egin ez dizuten aitortza edo errekonozimendua».Â
Aizpurua izan da kantatzen lehena, eta emazte baten larruan jarri da. Kontatu du oraingoan, aitortza senarrari egin beharrean, berari egin diotela. Herriko alkatea da senarra, eta beti sentitu izan da haren itzalean. Egoerak, ordea, bertze aldean jarri du, eta esplikatu du herriko etxearen kanpoaldean topatu dituela lankide ohi guztiak. «Nere senarrak protagonismo/ ainitz zuen ta ze eder/ baina badakit argia zuen/ nire itzalari esker». Txaloka jarri ditu ikusleak, eta irri txikiz jaurti die denei azken mezua. «Kasu egizue alkate gisa/ ni aurkeztu eginen naiz».Â
Txapelketa batean kantatu duen lehen emakumea izan da, berriz, Arzallus; txapeldunari txapela jartzen irudikatu du bere burua. «Txapeldunari nik jantzi diot/ merezitako txapela/ ta hein batean iruditzen zait/ txapela neretzat dela». Kontatu du bidean oztopo andana izan duela, baina maitasunez oroitzen dituela igarotako urte denak. Hortaz, azken mezu bat igorri du publikora: «Neska gazteak segi zazue/ guk behin hasitako lana».Â
Gai serioa hartu du hurrena Etxandik; Betharramgo kasuarena, hain justu. Txoriak kablean abestia bertsotara moldatu du —aitzineko saioan egin zuen eran—, eta doinu berezi horretan aritu da bakarka. Agudo kantatu ditu hiru bertsoak, eta kontatu du nola oroitzen duen apaiz haren bortizkeria. «Gogoratzen dut ene laguna/ berdin-berdin biluzia/ gure eskua hola emana/ erregelaz igurtzia». Apaiza hilik dago jada, baina salatzea erabaki zuten Etxandik eta garaiko bertze biktima batzuek. «Betharram anitz bada gaur egun/ oraindik salatu gabe».Â
Puntu erantzunek agindutako gai berean josi ditu Mateok bakarkako lanak. Ginean kokatu du bere burua, baina Europara begira beti: «Mediterraneoa pasa/ nahi nuen ahal zen gisara/ bizirik ateratzeko/ gogoarekin baitezpada/ hirurehun kilometro ur/ mila hiltzeko parada». Horra hor zein den egindako aitortza: asilo papera eman zioten. Hunkituta begiratu dio etorkizunari: «Orain asilo paperak/ eskuratu ditut hala/ berriz bizitzen ahalko naiz/ beste guziak bezala».Â
Eta mikrofono aitzinean zela, musikari baten rolean kantatu du Sascok. Baina ez zegoen kulturgune batean, Baigorriko plazan baizik, herriko bestetan. Musikaria izatea zuen amets, eta lehen aldiz deitua dute herriko bestetan jotzeko. Ganbaran entseatzen sentitzen zuen gozamenaren bila atera da plazara. Heldu da bukaerara: «Nekatua naiz bainan pozik naiz/ besterik ez dut logura/ azken kantua egin ta plaza/ orain txaloz lehertu da».Â
Saioko irabazlea izan da azkena kantuan. Ofiziotan aipatutako gai bati egin dio erreferentzia, eta bikain josi ditu hiru bertsoak, herri txiki batean urte luzez aritu den mediku baten rolean. Erretiroa hartu berritan, omenaldia egin diote herrian. «Denak dauzkat hor niri begira/ ale, atera atera/ eta hauxe dut denei milesker/ zintzo esateko aukera/ batzutan egin nahi ez den hori/ egin behar den horixe da». Altxatu da azkenean, eta halaxe eman ditu eskerrak, umorez eta ironiaz: «Zuek barnetik ezagutzea/ plazer handi bat izan da». Bardozera begira jarri dira orain Xilabako begi guztiak.Â