Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

Oinak lurrean, badoa hegan

Miren Artetxe 709 punturekin gailendu da Hazparnen, txapelketako lehen saioan. Hemezortzi punturen aldea atera dio bigarrenari, Maddi Ane Txoperenari.

Miren Artetxe bertsolaria, Hazparneko saioan kantuan. HIBAI AGORRIA / BERTSOZALE ELKARTEA
Miren Artetxe bertsolaria, Hazparneko saioan kantuan. HIBAI AGORRIA / BERTSOZALE ELKARTEA
Iratxe Muxika
Hazparne
2026ko irailaren 19a
19:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bazirudien ez zela inoiz ailegatuko, baina hemen da dagoeneko. 17:00ak Hazparnen (Lapurdi). Lasai-lasai ez dago inor, eta ezinegona areagotzeko mekanismo hagitz eraginkorra da sintonia. 

Atera dira bertsolariak, eta oholtzaraino iritsi. Abian da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, eta, konturatu orduko, badu lehen irabazlerik: 709 puntu bilduta, Eibarrera (Gipuzkoa) begira dago Miren Artetxe Sarasola, saioa irabazteak modua eman baitio zuzenean finalaurrekoetara joateko. Lehen agurretik abisatu du zer aldarte zekarren: «Begiak ortzi mugan/ ta oinak lurrean». Harekin batera kantuan izan diren bertze bortz bertsolariek lehen fasea bukatu arte itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera erabakiko baita nor igaroko den bigarren fasera. Aurreneko faseko zazpi saioetan lehena izan da gaurkoa, eta bigarren egin du Maddi Ane Txoperena Iribarrenek, 691 puntu lortuta. Jarraian sailkatu dira, hurrenez hurren, Xabat Galletebeitia Abaroa (672 puntu), Unai Anda Delika (636,5 puntu), Peru Abarrategi Sarrionandia (631 puntu) eta Eki Mateorena Zozaia (589,5 puntu).

Aritz Bidegain gai emaileak gidatuta sartu dira bertsolariak, eta txapelketako saio baten ohiko egitura agindu du hark. Serio hasi dituzte lanak, eta Galletebeitia eta Abarrategi nabarmendu dira bereziki. Bi lagun gorpuztu dituzte, zeintzuek, heteroarauaren presioak eraginda, sorterritik hirira egin behar izan zuten ihes. Urte andana kanpoan egin ondotik, bueltatzea erabaki du Galletebeitiak: «Burua altu itzuli nahi dut/ jarriz alfonbra gorria/ nahiz ta agian ez den espero/ nire ongietorria». Abarrategik, baina, ez du hala ikusten. «Aspaldidanik nire herritarrak/ ez ditut asko jasaten/ etiketa bat nire gainean/ aspaldi jarri zidaten».

Zortziko txikiak berehala goratu du Hazparneko umorea, eta Artetxe eta Anda izan dira lehenak hori lortzen. Enpresa bereko kideak dira, baina elkar gurutzatzen dutenean Andak ez du Artetxe agurtzen. Laguntza eske hurreratu zaio Anda, eta hara: «Ba, lagunduko dizut/ eta pozik, aizu/ nire izena esaten/ baldin badakizu», bota dio Artetxek, umoretsu bezain fin. Eta ederki egokitu da Anda lankideak jarritako moldera: «Ez jakitea ordaindu/ behar nuke garesti/ nola ez nuke jakingo/ zure izena, Esti». Mateorena eta Abarrategi bizkor aritu dira lanean, adostasunera ailegatu ezin den bikote baten larruan, eta Txoperena eta Galletebeitia, berriz, alaba-gurasoen larruan jardun dira elkarri adarra jotzen.

Puntu erantzunetan arin-arin kantatu dute seiek, eta, hala, berehala jarri dira hamarreko ttikiak agindutako forman. Zahar etxe bateko egoiliarrak izan dira Mateorena eta Anda, eta bi aktore, berriz, Artetxe eta Galletebeitia. Ale gozagarriak utzi ditu azken horrek, esplikatu baitu dena ez dela beti dirudien bezain polita. «Alfonbra ta zenbaki/ dena dugu gorri», bota du Artetxek, eta halaxe gehitu Galletebeitiak: «Beti izar artean/ ta beti antzezten».

Begietan egia

Eta berriz sintonia, ganbara datorren seinale. Halaxe dio gaiak: «Begietara begiratu diozu; ez dakizu sinetsi edo berriro gezurra erraten ari zaizun». Azkar, sakon eta fin aritu da Mateorena, esplikatuaz hurbileko lagun bat berriz hurbildu zaiola diru eske. Aipatu du besta eta droga munduan dabilela laguna, eta ez diola dirurik eman nahi inguru horietan mugitzen segitzeko. «Bion arteko kontua da hau/ eta hala izan bedi/ baina badaki pena gehiago/ ematen didala neri», erran du goxo. Baina topatu du aterabiderik, azkenerako: «Proposamena luzatu diot/ nahiz ez den izango arin/ behar adina utziko diot/ klinika baten sar dadin».

Maitekiro-maitekiro josi ditu gero hiru bertsoak Artetxek, amarekin batera irudikatu baitu, hain justu, bere eszena. Zaharra du ama, eta bera arduratzen da haren zaintzaz. «‘Dutxatu al zara?’, galdetu diot/ eta berak baietz dio/ dutxatu dela goizean goizik/ baina usaina dario». Alabak komunera sartu du ama, eta dutxatzeko bide eman dio. Amak, baina, elkarrekin dutxa daitezela erregutu dio, eta halaxe deskribatu du unea Artetxek, dagoenik eta modurik goxoenean: «Ama ondoan daukat begira/ saiheska ta zelatari/ dutxa barrura sartuak gara/ magal jori, bular handi/ nere amaren bi begi txiki/ neronen parean adi/ besoan laztan bat egin diot/ ta eman diot urari».

Mateorenak nola, drogen eta lagunen bidea hartu du Andak ere, eta kontatu hari ere malkotan etorri zaiola laguna. Zer egin ez dakiela geratu zaio hari so: «Berak maite du taberna ertza/ edota kale izkina/ gertukoentzat, senideentzat/ pentsa zazue ze mina/ lapurtzen eta istiluetan/ hori da egi gordina/ nahiz egin duten ta egin duen/ aldatzeko ahalegina/ ezin izan du eta sinetsi/ beharko nioke jakina/ baldin askotan esan ez balit/ malkotan gauza berdina».

«‘Ez nion musurik eman/ bakarrik izan zen dantza’/ begietara begira/ baina egiten dut zalantza/ azken aldi horretatik/ galdu baitut konfiantza». Horixe izan da Txoperenak hartutako bidea: ez dela fio bikotekidearen hitzaz. Galdetu eta galdetu aritu baino, ordea, bere burua lehenestea erabaki du azkenerako: «Bada, harremana utzi/ beharko da beharbada/ hain arina baldin bada/ nigan duzun begirada».

Eta hirugarren bertsolaria lagun drogazaleari kantuan: Galletebeitia. Horixe izaten du ganbarak, maiz bide beretik abiatzen dutela lana. Edonola ere, hagitz bertzelakoa izaten da bertsoa nola josten eta osatzen den, eta hiztegi eta errima aberatsez ondu du Galletebeitiak. «Iltzatu zaizkit bere hitz guztiak/ esan baitit: ‘Begiratu/ benetan diot, luzaro da deus/ ez dudala esnifatu/ ta sinisteko eskatzen dizut/ baina nitaz ez fidatu’». Lagunaren erranak aditu ondotik, halaxe erantzun dio: «Beste aukera bat emango dizut/ baina jada bromak zero/ ta hemen izan nazazuke zuk/ nahi bazenu inoiz, edo/ ez drogatzeko erabakia/ hartu dezazun goizero». Abarrategi izan da azkena kantatzen: Minbizia du bere aitak, eta, hark hala eskatuta, oporretara joan da semea. Baina ez da egia: «Ospitalera gaur iritsi naiz/ familiako azkena/ jakizu majo damutuko zait/ aita ez agurtzearena/ bizi osoan ordaindu behar/ izango dudan kondena». 

Hurrengo bertso geltokia, udazkena heltzean.

HAZPARNEKO SAIOKO SAILKAPENA

  1. Miren Artetxe Sarasola (709 puntu)
  2. Maddi Ane Txoperena Iribarren (691 puntu)
  3. Xabat Galletebeitia Abaroa (672 puntu)
  4. Unai Anda Delika (636,5 puntu)
  5. Peru Abarrategi Sarrionandia (631 puntu) 
  6. Eki Mateorena Zozaia (589,5 puntu)

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA