Misterio beltza XX. mendearen hasierako Bilbon

Bilboren industrializazio garaitik abiatuta, 'Medium' komiki liburua ondu dute Etxeberria anaiek eta Iñaki Holgadok. 8 eta 12 urte artekoentzat da, eta bi neska gazte ditu protagonista. Liburuak espiritismoa eta bestelako gai sozialak ditu hizpide.

Etxeberria anaiak eta Iñaki Holgado, ostiralean, Donostian. JON URBE / FOKU
Etxeberria anaiak eta Iñaki Holgado, ostiralean, Donostian. JON URBE / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2025eko azaroaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gau Beltzaren misterioarekin bat eginez, Medium komiki liburua aurkeztu zuten urriaren 31n Xabier eta Martin Etxeberria anaiek eta Iñaki Holgadok. Bi nerabe dira protagonista: Sara, jakintza zientifiko handia izanik ere espiritismo saioak eskaintzen hasi dena, eta Dolores, bere garaiko egoera sozialak erabat zeharkatzen duen neska arrazionala. Izpiritu batek bezero baten heriotza iragarriko dio Sarari, eta profezia bete egingo da. Kaleko haurrak lagun, bi neskek krimena argitzea izango dute helburu. Sortzaileek azaldu dute «bi nesken istorioa historiarekin» nahastuko dela. Hain zuzen, Dolores Ibarruri Pasionaria da protagonistetako bat. Elkar argitaletxeko Antxiñe Mendizabalek editatu du 8-12 urte bitarteko misteriozko eleberri grafikoa, eta larunbatean Etxeberria anaiak Hernanikomik azokan izango dira —Hernanin (Gipuzkoa)— liburua aurkezten. 

Bilbon girotua dago Medium, industrializazio garai betean, hau da, XX. mendearen hasieran. «Meatzeak zirela eta, Bilbok herri izateari utzi zion, eta hiri bihurtu. Biztanleria hirukoiztu egin zen, eta Euskal Herrian proletargoa sortu zen lehenengoz», azaldu du Xabier Etxeberriak. Hortaz, garaiaren alde sozialari erreparatzeko, Dolores Ibarruri politikari komunistari «keinu» egin nahi izan diote, Etxeberriak adierazi duenez, eta hala sortu zen protagonistetako bat: Dolores, neska gazte «azkarra eta gogorra».

«Espiritismoak balio izan zuen hildakoenganako harremana erlijioaren atzaparretatik ateratzeko»

XABIER ETXEBERRIA Idazlea

Espiritismoa da eleberri grafikoaren beste ardatzetako bat, Xabier Etxeberriak argitu duenez, eragin handia izan baitzuen orduko gizartean: «Espiritismoak balio izan zuen hildakoenganako harremana erlijioaren atzaparretatik ateratzeko». Eleberrian, Sara protagonistaren eskutik garatuko da zientziaren eta espiritismoaren arteko lotura, eta kontrajarriak diruditen bi diziplina horien arteko harremanaren adibide gisa, idazleak gogora ekarri ditu Curie senar-emazteak eta Arthur Conan Doyle idazle eta medikua, Sherlock Holmes-en sortzaile izan zena. Izan ere, Etxeberria anaiek inspirazio iturri izan dituzte detektibe ingeles hark bizi izandako nondik norakoak; hala, Holmesen eta Watsonen lekukoa hartuko dute Sarak eta Doloresek.

«Liburua haurrentzat denez, aldatu egin dut paleta, eta kolore laranja eta moreak nabarmendu»

IÑAKI HOLGADO Marrazkilaria

Orduko feminismoaren eta espiritismoaren arteko lotura azpimarratu dute Etxeberria anaiek: «Espiritismoak aitzakia —edo modua— eman zien emakumeei gizonik gabe eta, beraz, baimenik gabe elkartzeko». 1888an egin zen Nazioarteko Espiritismo Kongresua lehenengoz, Bartzelonan, baina idazleek Euskal Herriratu egin nahi izan dute gertaera historiko hura, eta, liburuan, Bilboko industria artetik kontatu dute. Martin Etxeberriak gaineratu du oinarri historikoa bermatuta edukiko zuen istorio entretenigarri bat sortu nahi izan dutela. Bestalde, liburuari informazio gehigarria erantsi diote azken atalean, argazkiak eta datu historikoak eskaintze aldera; besteak beste, Bilboko langileen eta kaleen argazkiak topa daitezke.

Marrazki berri «tradizionalak»

1990eko hamarkadan argitaratu zituen Iñaki Holgadok lehen komikiak, eta gaur egun ere garrantzitsua zaio komikigintzari eustea. Gainera, «metodo tradizionalen» alde egiten du, baita Medium komiki liburuan ere: «Adimen artifizialik batere gabeko marrazkiak dira denak». Marrazkiak egiteko, papera eta ordenagailua erabili ditu, eta xehetasunez eta kolorez josi ditu irudiak. 

Dena den, kolore monokromatikoak gustuko dituela kontatu du Holgadok, eta hartzailearen arabera moldatzen dituela. «Liburua haurrentzat denez, aldatu egin dut paleta, eta kolore laranja eta moreak nabarmendu». Morea, gainera, feminismoarekin lotu du, protagonista diren bi neskei erreferentzia egiteko. Hartara, orriak pasatu ahala, irakurlea kolore desberdinetako abentura ezkutuetan murgildu ahal izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.