Pello Reparazek badu ezezagunerantz abiatzen diren esploratzaileen aura hori. 2018an, bere goxoenean zegoela desegin zuten Vendetta taldea, eta Zetak proiektua hutsetik abiatzeko baliatu zuen aukera; haren hitzetan, «gauzak ezberdin egiten saiatzeko». Euskara hutsean aritzeko uste sendoz eta hasiera-hasieratik komunitate bat osatzeko deia eginez aurkeztu zuen taldea prentsaren aurrean, Bilboko Kafe Antzokian, eta, geroztik, urratsez urrats joan da bere buruarentzako asmatutako bide bat sortuz.
Musika da proposamenaren oinarri nagusia, baina hasieratik izan du bere zaleei esperientzia berriak eskaintzeko asmoa ere. Hala egin zuen lehen diskoaren aurkezpena. Emanaldia non izango zen jakin gabe erosi zituzten entzuleek sarrerak ordukoan, eta beltzez jantzita joateko ere eskatu zieten, gero aretoan entzungailu bana jaso eta, hala, taldearen kantak lehenengoz entzun ahal izateko. Eta, orain, zazpi urteko ibilbidearen eta hiru diskoren ostean, euskal musikan beste inork baino urrunago eraman du esplorazio asmo hori Mitoaroa izenpean bildutako ikuskizunen trilogiarekin.
2025eko urtarrilean abiatu zuen zikloa, Iruñeko Nafarroa Arenan. Donostiako Ilunben taularatu zuen bigarren atala, iazko irailean. Eta asteburu honetan itxiko du zikloa, Mitoaroa III emanaldiarekin Bilboko San Mames futbol zelaia bitan betez, bihar lehenik, eta larunbatean ondoren.
Aspaldi daude sarrera guztiak salduta, baina BERRIAlagunek oraindik ere badute deskontudun sarrerak eskuratzeko aukera. Biharko kontzerturako tiketak dira, eta ostiral eguerdira arte egongo dira salgai komunitatearen webgunean. Guztira, 80.000 ikus-entzule baino gehiago bilduko dituzte bi egunetan. 22:30ean hasiko da biharko saioa, eta 22:00etan, berriz, larunbatekoa, eta bai batean eta bai bestean bi ordu lehenago irekiko dituzte ateak: 20:30ean eta 20:00etan, hurrenez hurren.
Ikusi gehiago
«Badakigu Mitoaroa ez dela kontzertu bat, baina ez dakigu zer den. Gu ere deskubritzen ari gara». Donostiako iazko emanaldiak bukatu berritan, oraindik ere, proposamenaren definizio zehatzik eman ezinik zebilen Reparaz BERRIAri eman zion elkarrizketan. Izan ere, musika ez ezik, folklorea, antzerkia, dantza, mitologia, ikus-entzunezkoak, satira eta aldarrikapena ere uztartu dituzte Mitoaroa trilogiako lehen bi atalek, eta, taldekideek orain arte iragarritakoaren arabera, aurrekoak bezain hibridoak izango dira asteburu honetako Bilboko emanaldiak ere.
Distopia eta mitologia
Aurreratu dutenez, bi ordu inguruko iraupena izango du emanaldiak, eta 2084an girotutako eta «kontrol sozial ikaragarri baten pean» bizi den Euskal Herri distopiko bat aurkeztuko du. George Orwellen 1984 nobelari egindako keinu bat dela azaldu izan du Reparazek, eta, era berean, orain arteko trilogiaren beste bi ataletan bezala, protagonismo berezia izango duela euskal mitologiak oraingoan ere. Izan ere, antolatzaileek zabaldu duten emanaldiaren laburpenaren arabera, lotuta daude bi munduak. «Gizartearen kontrola erabatekoa da. Izaki mitologikoak gure artean bizi dira berriro, baina gizakien gaitz guztien errudun eta eraso ororen jomuga bilakatu dira. Jipoiak, istiluak eta erailketak albiste dira egunero, eta zurrumurruak zabaltzen hasi dira: gerra dator». Eta indarkeria horren guztiaren erdian, Reparazek ez du nora jo jakingo. Alde batetik, ez baita izaki mitologikoen taldekoa, baina, era berean, laburpenean zehazten denaren arabera, ez baitu gizaki denik ere onartu nahi.
Eszenografia berezia izan zuen Iruñean taularatutako lehen Mitoaroa-k, eta Donostiako saioa ere hasieratik egon zen urrun kontzertu baten ohiko formatutik. 360 graduko emanaldia izan zen hura, eta entzungailuekin entzun zuten ikus-entzuleek. Baina oraingoan Bilbon ez dela halakorik egongo ziurtatu zuen Reparazek berak, apirilean egindako proiektuaren aurkezpen publikoan. «Formatua ez da lehentasun bat guretzat: egingo dugun lekura egokitzen dugu showa».
Ikusi gehiago
Eta, hain zuzen ere, lekua bera ere garrantzitsua izango dela nabarmendu zuen musikariak ordukoan. San Mames bera emanaldiak eskainiko duen narrazioaren parte izango baita, bai eta Zetak taldea bera ere. «2084. urte horretan Zetak ere sistema horretan integratuta dago, eta herria San Mamesera doa, Zetak ikustera, eguneroko distopiko hori guztia tarte batez ahazteko eta etxera lasai-lasai joateko. Beraz, Zetak distopia horren eta sistema horren parte aktiboa da, eta kontakizunean San Mames horixe bera izango da, San Mames».
Gonbidatu talde esanguratsua bildu izan du Reparazek trilogiako lehen bi saioetarako, eta halakoa izango da hirugarrena ere. Edonola ere, oraindik ez dute kolaboratzaileen zerrendarik jakinarazi, eta, gaineratu dutenez, kolaboratzaile talde horrek ez du emanaldiaren muina osatuko. Bestalde, orain artean, taldeak esku artean zerabilen hurrengo erronkaren berri emateko era baliatu dute Mitoaroa trilogiako atal bakoitza, eta ikusteko dago oraingoan ere halakorik egingo ote duten.
Euskara, eszena makroan
Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa ere izan du taldeak Bilbokoa antolatu ahal izateko. Apirilean egindako prentsaurrekoan zehaztu zutenez, milioi bat eurokoa izango da laguntza hori. Halakorik jaso ezean halako neurriko emanaldirik ezingo zutela egin ere esan zuen Reparazek aurkezpenean, eta eskerrak eman zizkion erakundeari horregatik. «Oso-oso-oso konplikatua da estadio batean kontzertu bat egitea, eta gu egiten ari garena, gainera, ez da kontzertu bat bakarrik».
Hartu duen neurriagatik, eta egin duen proposamen artistikoaren mailagatik, mugarri argia ezarri du Zetak-en trilogiak euskal musikaren azken urteetako bilakaeran. Baina izan da proiektu horrek sustatzen duen emanaldi erraldoien ereduari buruzko kritikarik ere. Eztabaida hori «interesgarria» dela onartu izan du Reparazek berak ere, eta proiektuak bere kontraesanak dituela ere aitortu izan du. Taldea garai onean dagoela uste du, halere, eta aldeko haize hori baliatzearen alde azaldu da. «Momentu hau aprobetxatzen ari gara, benetan oroituko dugun zerbait egiteko». Defendatu izan duenez, gainera, bere ustez, «sanoa» da «euskarak ere bere txokoa izatea» gehienetan nazioarteko proiektuek hartu ohi dituzten lekuetan.
Sarrerak eta zuzenekoak
Salgai jarri eta hiru orduan amaitu ziren larunbateko kontzerturako sarrerak irailean, eta orduan iragarri zuten biharko kontzertua ere egingo zutela. Motelago, baina saldu egin dira biharko tiket guztiak ere. BERRIAlagunek, halere, aukera dute oraindik ere sarrerak eskuratzeko. Pistarako dira guztiak, eta komunitateko kideek beherapenarekin izango dituzte eskuragarri; 56 euroan, hain justu. Kontzertu eguneko 12:00etan itxiko da salmenta.
Bertaratu ezinez gero, emanaldia telebistan zuzenean ikusteko aukera ere izango da; orain arteko kontzertuekin egin bezala, EITBk zuzenean emango du asteburu honetako bi saioetako bat ere. Hain zuzen ere, ETB2 zein ETB On kateetan ikusi ahalko da larunbateko emanaldia, eta pentsatzekoa da Primeran plataforman ere jarriko dutela gero ikusgai, trilogiako beste bi atalekin batera.