Modiano, Blanco-Amor eta Ernauxen lan bana euskarara ekarri dituzte

'Dora Bruder', 'Parranda' eta 'Begira zenbat argi, maitea' liburuak plazaratu ditu Igela argitaletxeak; Monika Etxebarriak, Ramon Etxezarretak eta Xabier Aranburuk itzulitakoak, hurrenez hurren

Joseba Urteaga, Ramon Etxezarreta eta Xabier Olarra, liburuak aurkezten, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2015eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Mundu osoko literatur obra esanguratsuenetakoak euskaraz argitaratzen urteak daramatza Igela argitaletxeak. Orain gutxi plazaratu zuen James Joyceren Ulises euskaratua. Eta asmo horri jarraikiz, beste hiru liburu kaleratu berri ditu, hiru itzultzailek egindako lanari esker: Patrick Modiano Literatura Nobel sariaren Dora Bruder euskarara ekarri du Monika Etxebarriak; Eduardo Blanco-Amor galiziarraren Parranda Ramon Etxezarretak; eta Annie Ernauxen obrarik berriena, berriz, Xabier Aranburuk. Elkarren artean arras ezberdinak diren hiru liburu, euskaraz irakurri ahal izango direnak aurrerantzean.

'DORA BRUDER'

Duela 25 urte, iragarki xume bat irakurri zuen 1940ko urteetako hasierako egunkari batean Patrick Modiano idazle frantsesak. «Paris: Neska gazte baten bila gabiltza, Dora Bruder du izena, 15 urte, metro eta 55 zentimetro, aurpegi obalatua, begi gris-marroiak, beroki mehe grisa, jertse granatea, gona eta kapela urdin ilunak, oinetako marroiak. Zerbait jakinez gero, Bruder jaun-andreengana jo, Ornano bulebarra, 41, Paris». Idazlea «obsesionatu» egin ei zen iragarkiarekin, eta neskaren berri jakin nahian, ikertzeari ekin zion. Laster jakin zuen Dora Bruder judua zela, etxetik ihes egin zuela, polizia kolaborazionistak atxilotu eta Auschwitzera eraman zutela, eta han hil zutela. Baina gehiago jakin nahian, neskaren bizitzan arakatzen jarraitu zuen. Hala jaio zen Dora Bruder eleberria, idazlearen lanik «adierazgarrienetako bat», Xabier Olarra Igela argitaletxeko ordezkariaren ustez: «Modianoren literatura zerbait baldin bada, hor agertzen da».

Nobela dokumentala edo erreportaje nobela gisa definitu daiteke Dora Bruder, neskaren bizitza arakatzearen emaitza dena. «Halako obsesioek bultzatuta idazten du beti Modianok, ahaztutakoa oroimenera ekarri nahian». Desagertzeen ingurukoa da idazlearen obsesio nagusia, «baina ez bakarrik halako desagertze nabarmenekin, baizik eta egunero hiri batean, denbora batetik bestera, egiten diren aldaketekin, jendearena edo saltokiena». Bere haurtzaroko hiria, «Paris oniriko bat» aurkeztu ohi du bere lanetan, eta horri benetakotasuna emateko, aldaketa horien zehaztasunak bilatzen ditu idazleak. Jende xehearen istorioak izaten dira bere lanen oinarrian.

Egilearen Udaberri alua eta Villa Triste eleberrien ondotik eman du Igelak argitara Dora Bruder.

'PARRANDA'

Ourensen (Galizia) jaio zen, 1897an, eta Argentinara emigratu zuen 1919an Eduardo Blanco-Amor idazleak. «Esaten da Buenos Airesen egin zuela topo hainbat intelektual galegorekin eta galegoa ikasi zuela», Etxezarretaren esanetan. Berriemaile gisa ere aritu zen, eta Galiziara ere egin zituen joan-etorriak, baina errepublikazalea izanik, Buenos Airesen igaro zuen 1936ko gerra. Ondotik, gaztelera izan zuen nagusiki hizkuntza literarioa, harik eta 1959. urtean A Esmorga kaleratu zuen arte, Etxezarretak orain euskaratutako Parranda. 1970ean eleberriaren behin betiko edizioa argitaratu zuen. Urte haietan idatzi zituen bere lan adierazgarrienetako bi ere: Os biosbardos (1962) eta Xente ao lonxe (1972).

«Parranda batetik oso samarrik atera den gizon batek juezaren aurrean egiten duen deklarazioa», horixe da nobelaren argumentua, Etxezarretaren hitzetan. Orduko instituzioen aurrean egiten duela gizonak deklarazioa, eta garai hartan Galizia «seguruenik estatuko herririk analfabetoena» izango zela ekarri du gogora itzultzaileak. «Ruralidadea, batik bat harren mundu bat islatzen du, eta horretan homosexualitatea marka bat da, nobelan sentiberatasun bat dena, ez dena esplizituki agertzen». Etxezarretarentzat, halaber, «deigarria da oso, data horietan idatzitako nobela bat izateko, torturarekiko sentsibilitatea».

Adituen ustez, A Esmorga mugarritzat jo daiteke Galiziako letretan, Etxezarretak azaldu duenez. «Indarra du nobelak, gaurkotasuna du gaiak, eta uste dut ez zaiola inori eskuetatik erortzen».

'BEGIRA ZENBAT ARGI, MAITEA'

Igela argitaletxeak idazle kutunetako bat du jada Annie Ernaux. Aurrez, haren beste hiru lan kaleratu ondotik, Ernauxen lanik berriena euskaratu dute orain, iaz ondu zuen Begira zenbat argi, maitea. Aurreko hiru lanak idazlearen lan auto(sozio)biografikoen artean sailkatu daitezke, Joseba Urteaga Igelako ordezkariak azaldu duenez. Egunkarien multzokoa litzateke Begira zenbat argi, maitea, idazleak gaztetatik idazten dituenak.

Egunkaria izan arren, ez dela intimoa ohartarazi du Urteagak. Idazleari proposatu zioten Ikusezinen parlamentua egitasmoaren barruan argitaratu den Raconter la vie liburu sailerako ale bat idazteko, bizitzako edozein arlori buruz. «Ernauxek ez zuen zalantzarik izan: zentro komertzial bati buruzkoa idatziko zuen». Bere auzoko saltoki handira urtebetean egindako bisitak egunkari batean idatzita argitaratuko zituen. Haietan ikusten zuen bizitza «sentsazio eta emozio iturri» zitzaiola, eta literaturan oso gutxi landutako gaia dela iritzita osatu zuen lana. «Gizarte frantsesari buruz egiazko nobela bat» egin nahian, pertsonen «topaleku» hori erakutsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.