Uber bat eskatzen dugu Alberto teknikariak eta biok hotelera bueltan, lehenengo kontzertua eman eta gero. Eskuak izozten ari zaizkigu kantoian erositako pretzel-ei eusteagatik. Hotelean, hori afaltzen dugu, hummus hotzarekin.Â
Hurrengo goizean, esnatu eta bigarren kontzertua daukat. Taberna txiki batean da, eta bertan daude Olaia eta taldekideak, haien soinu proba egiten. Aurreko gauari buruz galdetzen diet, eta antzeko esperientzia izan dutela kontatzen didate, jende oso gutxi, giro eskasa.Â
Kamerinoa tabernako bulegoa da, guztiok partekatzen dugu, baita tabernakoek ere. Gauzaz beteta dago, eta cateringa bol batean bildutako mandarina pare batek, gominolek eta patata-poltsa batzuek osatzen dute. Goizeko bederatzi eta erdiak dira, egun on.
Soinu proban akats tekniko bat dago, eta ezin dugu proba egin aurreko kontzertua bukatu arte. Ondo doa gero, eskerrak. Olaiarekin doan teknikariak asko laguntzen digu. Arindu bat da haiekin jotzea, nahiz eta elkarrekin denbora gutxi egon, anaitasuna sortzen da segituan munduko punta batean kointziditzean.
Jotzen ari naizela, nabaritzen dut giro polita dagoela, oraingoan jendea etorri dela, nire harridurarako. Noraino baldintzatzen duen publikoak emaitza, hala iruditzen zait beti.
Niña soñando abestean, nire barruko izakitxoan pentsatzen dut, ume bat izango dela, bere zalantza eta bizitzarekiko galdera propioak izango dituela. Arnasa ondo hartzen dut ahotsa sendo mantentzeko.
Bukatzean, ondoko tabernara goaz, managerrak Gruff Rhys ezagutu nahi duelako, eta han jo berri duelako. Aurkezten gaitu, eta zer esan jakin gabe nago hor, managerrak nire disko bat oparitzen dio, eta berak, konpromisoan jarri eta gero, bakoitzari kasete bat ematen digu.
Arratsaldean, itxiera-koktel-era goaz. Fabrika antzeko batean, azoka-jaialdi honetan egon garen musikari eta batez ere agente asko gaude batuta. Kolorezko argi lausoak, gelatxoak bertako musikarien disko eta merchandising-ez apainduak. Donutsak, edariak, artista horietako baten izena duten gozokiak. Instrumentuak eta soinu-ekipoak estudio bakoitzean erakusgai, DJ bat… Falafel-bola bat eskuan, zirkua begiratzen dut. Festa horretan jarritako esfortzua gure lana gauzatzeko beharrezko baldintzetan jarri izan balitz…