Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Montreal I

2026ko urtarrilaren 11
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Autoetan eta hegazkin luzeetan egun osoko ibilaldia eta gero, Kanadan nago. Uber batean afaria eskatzen dut, nire printzipioak etxean ahaztuta utzita. Nekatuta nago eta ez naiz ongi-etorri-koktel delako horretara joango.

Zerua beltz dago, nahiz eta hemen arratsaldeko seiak diren. Jet lag-a ez izateko aholkurik ez dut betetzen, eta lo hartzen dut. Nire sabelean dagoen umetxo hau ondo egongo al da? Ez dut nabaritzen oraindik; ezin jakin.

Hurrengo egunean beste koktel bat dago, euskalduna. Bertan, a cappella abestu behar dut, eta Olaia Intziartek beste abesti bat. Jende asko dago koktelean, pintxoak eta edaria dohainik daude. Nazioarteko feria musikal bat da Montrealeko hau, non industriako agenteak etortzen diren musikariak gero programatzeko, eta haien artean etorkizunak saretzeko, besteak beste. Horrelakoetan, musikaria, noski, nahiz eta edukia jartzen duena izan, okerren ordaindutakoa da (ordaintzen badiote), eta, gainera, zorte handia dauka, aukeratua izan delako.

Nire esperientzia horrelako azoketan zera da, kontzertuak atera ezkero, prekaritate-baldintza berdintsuetan gauzatutakoak izaten direla, eta berriro ere, ilusioz beteta baiezkoa ematen dugula artistok, ez dakit non joko dugulako, eta Willy Fog buhameak sentitzen garelako, mundua musikaz hornituz, udaberriak paisaia lorez betetzen duen gisan.

Lehenengo kontzertua iristen da. Gaua da, eta kaleak izoztuta daude. Elurrak estaltzen ditu bizikletak, espaloiak… Aretoa eskailera batzuk jaistean topatzen dut. Kamerinoa hiru taldek partekatzen dugun komunik, ispilurik eta berogailurik gabeko gelatxo txiki bat da. Bi sofa daude, orbanez beteak. Batean esertzen naiz, lo dagoen mutil baten ondoan, eta parean beste taldekideak daude. Ingelesez hitz egiten dugu, jatorrak dira, eta kontzertua baino bost minutu lehenago esaten diet ea irten daitezkeen, arropaz aldatu nahi baitut. Lo dagoena esnatzen dute, gajoa, eta atera egiten dira. Sakelako telefonoan begiratzen dut neure burua, atera, eta kontzertua ematen dut. Bi foku argia egiteko, eta arraro entzuten da. Oso pertsona gutxi daude aretoan. Espero dut koktelean zegoen jendea Olaiaren kontzertuan egotea behintzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.