Larunbateko etxeko girotik igandeko saio jendetsura. Bero, batean zein bestean, txapelketako liburuxkak haizemaile. Eta ikusmina. Beste hamabi bertsolarik egin dute berea lehenengo fase honetan eta sailkapena estu dago azken asteburura begira. Askoren pena eta gutxi batzuen poza, ez dago erdibiderik txapelketan. Emaitzak emaitza, izan da zer nabarmendua, guztia halako zutabe batean errenditzea ezinezkoa den arren.
«Arren ez joan, morena»: ganbarako ariketan jo zuen goia Saioa Alkaizak Donapaleun. Ariketa horretako lehenengo bertsoa kantatzearekin batera geltoki bateko agur malenkoniatsua modu estandar xamarrean deskribatuko zuela pentsa zitekeen, baina bai zera! Bigarren eta hirugarren bertsoetan sekulako mosaiko koloretsua osatu zuen Alkaizak, kontaketari benetako sinesgarritasuna erantsiz. Eman zuen lehenago ere egin zezakeenaren pistarik, bakardadean zoriontsu bizi den artzainaren argazki bukolikoa deskribatzean adibidez, ezpain artean lasto eta guzti («nik etxolan dut urritz makila/ su bazterraren beroa// eguzkia da ordularia/ ta zelaia bulegoa»…). Merezita kantatuko du finalerdietan.
Lagun eta Leon: Nafarroa Arenan kantatzetik bi puntu eta erdira geratu zen Julio Soto 2022an. Aurten ere, pentsatzekoa da borroka horretan egongo dela azkenera arte. Tolosan, erregistro guztiak egoki menperatzen dituela erakutsi zuen (beste behin ere). 8ko txikian plaza lehertu Unai Mendibururekin batera, puntu erantzun bikainak osatu erregaien prezioaren harira eta ganbarako hunkigarri batekin borobildu zuen arratsaldea, lekukoa alabari pasatuko dion baserritar zahar baten larrutik. Tolosaldeko elementuz eta erreferentziaz jantzitako bertsoaldi ederra.
Inurri lanean: badira bertsolariak zeintzuek euren presentzia hutsarekin gorputza ematen dioten oholtza gaineko taldeari. Oihana Iguaran da horietako bat. Saio ona ondu zuen, eta askok irabazletzat geneukan Donapaleun amaierako kinieletan. Aurrera egingo duela dirudi. Maider Arregiri dagokionez, bertsotan oso erraz egin zuen, inolako akatsik egin gabe, une batzuetan hurrengo fasera igarotzeko borrokak eskatzen duen tentsioa falta izan zitzaiola iruditu zitzaigun arren, bere xalotasunean parean antilope saldo bat izanagatik ehizatzeari uko egin eta beste alde batera begiratzen duen lehoia balitz bezala edo… Amaia Iturriotzek hanka bat kanpoan du uneotan, baina itxaron egin behar. Ofiziotan hurbildu zen tarteka bere benetako mailara, eta ganbarakoan ondu zuen bere ariketa borobilena, erretiroa hartzera doan unean erreleboa gazteari pasatzera doan mediku beteranoaren azaletik.
Borrokan eroritako soldaduak: puntu gehien zakuratzen dituzten horien lanaren oihartzunak irauten du gure memorietan, baina eskertzekoa da denen ahalegina. Eneko Lazkozen sendotasuna, Iñaki Viñaspreren umorerako gaitasuna, Sarai Roblesen tenplea, Eli Pagolaren iruditeria, Aitor Servierren aldarrikapenak eta Oihana Bartraren heldutasuna. Aipamen berezia merezi du (uau!) Unai Mendiburuk: ordezko bezala oholtzaratu izanak presiorik gabe kantatzeko patxada emango zion ziurrenik, eta freskotasun harrigarria erakutsi zuen, ganbarako ariketan salbu. Izango da, Julio Sotorekin egindako 8ko txikiko bertsoaldiaren ostean, txakurkumeren bati Leon izena jarriko dion bertsozalerik… Agur eta ohore eroritako soldaduei.