Muguruzak Anoetan ezarriko du bere nazioarteko birako mugarri nagusietako bat, larunbatean

Amerikan egindako kontzertuen ondoren, guztira 30.000 ikusle inguru bilduko ditu musikariak Donostian, eta antolatzaileek dei egin diete zaleei arratsaldean bertaratzeko, kontzertuak orduan hasiko baitira.

Fermin Muguruza musikaria Anoetan eskainiko duen kontzertuaren muntatze lanetan, atzo. IRATXE ETXEANDIA
Fermin Muguruza musikaria Anoetan eskainiko duen kontzertuaren muntatze lanetan, atzo. IRATXE ETXEANDIA
Inigo Astiz
2025eko ekainaren 12a
09:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mugarriz mugarri doa Fermin Muguruzaren nazioarteko bira. Hainbat urteko etenaldiaren ostean, Miarritzeko Atabal aretoaren gertutasunean abiatu zituen kontzertuak, iazko abenduaren 17an, eta Bilbo Arena bete zuen handik hiru egunera. Geroztik, Bartzelonan, Madrilen, Santiagon, Parisen, Berlinen, Kanaria uharteetan, Txilen, Argentinan, Uruguain eta Kolonbian ere egon da, eta Mexikon eta Erroman ere izan da berriki. Berez, bi kontzertu eman behar zituen Mexikon, baina armadak eta Poliziak, soinean armak zituztela agertu, eta galarazi egin zien Alicia Foroan hasia zuten emanaldiarekin jarraitzea. Italian izan dira asteburuan, eta, orain, musikariak beste mugarri esanguratsu bat ezarriko du kontzertu, lorpen eta traba zerrenda luze horretan, Euskal Herrian arituko baita: larunbatean, Anoetan emango du kontzertua. 30.000 ikusle inguru batuko dira guztira, eta, Muguruzaren kontzertua 21:00etan hasiko den arren, ateak 17:00etan irekiko dituzte, eta ordutik izango dira zuzeneko emanaldiak.

Muguruzaren hitzetan, haren musikari bizitzako «erronkarik handiena» izango da Anoetako kontzertua, eta lagun sorta baten laguntza izango du oholtzan. Orain arte, Muguruzak bere ibilbidean gertuko izan dituen hainbat musikari gonbidatu ditu bere birako kontzertuetara, eta Donostiakoa ez da salbuespena izango. Are gehiago, antolakuntzak «eskari berezia» helarazi die sarrera erosi duten guztiei, «babesa» eman diezaieten talde horiei ere. Horrez gainera, infografia bat ere prestatu dute aretora errazago sartzeko eta emanaldien ordutegiak adierazteko.

(ID_17497241709335) Fermin Muguruzak Anoetan emango duen kontzerturako infografia
Fermin Muguruzak Anoetan emango duen kontzerturako infografia. BERRIA

Stepi Selektah disko jartzailea izango da larunbatean oholtzan izango den lehen musikaria, esaterako. 17:00etan hasiko du saioa. Niña Coyote eta Chico Tornado arituko dira 18:00etan, Palestinako DAM hip-hop taldeak 19:00etan izango du kontzertua, eta Des-Kontrol izango da Muguruzaren aurretik zuzenean arituko den azken taldea, 20:00etan. Horren ondoren hasiko da Muguruzak orain arteko emanaldietan «akelarre antifaxista» deitu duena.

Palestinaren aldeko argazkia

Palestinaren aldeko argazki bat ere aterako dute Anoetan biltzen direnekin. 18:55ean izango da hori, justu DAM talde palestinarraren emanaldiaren aurretik. Antolatzaileek gomendatu dute garaiz iristea ekintza horretan parte hartzeko.

Iragarri dutenez, bi aurkezle ere izango ditu kontzertuak. Oihana Barrena eta Sambou Diaby ariko dira lan horretan. Iragarpen horiekin guztiekin batera, kontzertuan kontuan hartu beharreko hainbat ohar ere helarazi ditu antolakuntzak. Esate baterako, gogorarazi dutenez, objektu arriskutsuak eramatea ez ezik, debekatuta egongo da kontzertura argazki edo bideo kamera profesionalekin joatea, euritakoak edo kaskoak eramatea, eta makiladun banderak sartzea ere.

Sarrera kontzertu amaierara arte gordetzeko gomendioa ere egin dute, Anoetatik ateraz gero ezingo baita bueltatu sarrerarik gabe. Eta, horrez gainera, adingabeek baimen orria beteta eta sinatuta eramateko gomendatu dute, baita heldu bat laguntzaile izateko ere.

Donostiakoaren ondoren, beste bi emanaldi ditu musikariak. Tokion izango da uztailaren 23an, eta, gero, urriaren 4an emango du birako azken kontzertua. Iruñean izango da hori, Nafarroa Arenan.

Euskal erakundeen babes falta

Mexikon gertutakoari buruz ere aritu da Muguruza egunotan, Euskal Herrian. «Tentsio handia pasatu genuen». Esaterako gogoratu du Poliziak eta armadak Alicia Foroko kontzertua eten izanak soka politiko luzea ekarri duela Mexikon, eta, bestalde, euskal erakundeen arreta falta ere salatu du, ETB1eko Biba Zuek programan. «Sentsazio oso mingotsa daukat, sentitzen baitut euskaldunok ez daukagula babes instituzionalik. Ni ez naiz espainola, eta ez dut ezer espero espainiar estatutik: horrelako gauza bat pasatu da, Mexikon arazo nazional bilakatu da, eta oraindik ere telebistetan egunero ari dira gertatu zenari buruz, eta estatu espainoleko inork ez du ezer esan, baina hemen ere, ez Irungo Udalak, ez Gipuzkoako Aldundiak, ez Eusko Jaurlaritzak ere ez dute ezer esan; denak mutu daude. Orduan, zer babes daukagu euskal herritar gisa?».

Musikariak zalantza azaldu zuen, babes falta hori orokorra ote den, edota berarekin bakarrik jokatzen ote duten horrela. «Horrek hondoratu egin nau pixka bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.