Mundu osoko 34 artistak Fermin Muguruza omendu dute 'La linea del frente' bilduman

Irungo musikariaren edo haren taldeetako baten abestien bertsioak egin dituzte zenbait hizkuntzatan. Hiru binilo eta bi CD argitaratuko dituzte, Kirmen Uriberen eta Miquel Ramosen testuek lagunduta. «Artista unibertsalari» gorazarre egin nahi izan diote.

Fermin Muguruzak abenduan eskainitako kontzertua, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Fermin Muguruzak abenduan eskainitako kontzertua, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
edurne begiristain
2025eko ekainaren 12a
09:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Izan zitekeen omenaldi bat musikariaren ibilbideari. Edo disko bilduma bat artistaren abesti ezagunen bertsioekin. Eta, egia esateko, hori ere bada, baina hori baino gehiago ere bai: Fermin Muguruzak 80ko hamarkadatik gaur egun arte egindako bide «eredugarriari» egindako aitortza bat da La linea del frente disko bilduma. Mundu osoko 34 artistak esku hartu dute proiektuan, Muguruzaren edo haren taldeetako baten abesti baten bertsioa eginda. 34 kantu, 34 talderen eskutik, nork bere esparrura eramanez, nork bere nortasuna erantsiz. Frantziako Sabor Discos zigiluaren eta Alemaniako Lucha Amada kolektiboaren ekimenez kaleratuko dute lana, bihar, hain justu ere Muguruzak Donostiako Anoetan kontzertua eskainiko duen bezperan.

Kontinente guztietako musikari ugarik parte hartu dute proiektuan: Massilia Sound System, Amparanoia, Esne Beltza, Arpioni, Lenguero, Hamientoh, La Basu, EKD y Los Charangas, Skaparapid, Nuei, La Severa Matacera, Zea Mays, Resaka Sonora... Munduko zenbait hizkuntzatan kantatu dituzte Muguruzaren eta bere azken berrogei urteetako taldeek egindako abesti ezagunen bertsioak, hala nola maputxeen hizkuntzan, japonieraz, gazteleraz, euskaraz, frantsesez edo italieraz.

Lana hiru binilotan eta CD bikoitza batean jarriko dute salgai, eta Kirmen Uribe idazleak eta Miquel Ramos kazetariak idatzitako testuekin liburuxka bat ere emango dute argitara.

«Artista unibertsala da Fermin Muguruza, osoa, eta merezi zuen horrelako errekonozimendu bat». Herve Molia Sabor Discos zigilu frantsesaren arduradunaren ustez, Muguruzak ezin hobeto gorpuzten ditu euskal kultura, konpromiso «antifaxista», independentzia artistikoa eta nazioarteko kulturak, eta, horregatik, hain justu, merezi du aitortua izatea. «Eredu delako», haren iritziz. Muguruzak aspaldian erakutsi zuen kulturaren arlo desberdinetan aritzeko gaitasuna— zinemagintzan, telebistarako dokumentalgintzan, bideogintzan, ekoizpenean, komikigintzan,...— eta diziplina askotariko artista moduan nazioartean izan duen «eragin handia» ere bistaratu nahi izan dute bildumarekin.

Muguruzaren «konpromiso politikoa» ere nabarmendu du Moliak, bereziki musikariak hizkuntza gutxituekin eta antifaxismoarekin duen engaiamendua: «Eskuin muturra Europan eta munduan hauspotzen ari den garaiotan, garrantzi handikoa da bere jarrera politikoari tinko eustea».

«Berritzailea da Fermin, eta beti du gogoa zerbait desberdina egiteko eta aurrera egiteko, euskararen alde, kulturaren alde, faxismoaren aurka... Horrek denak balio izugarria du gaur egun»

HERVE MOLIASabor Discos zigiluko arduraduna

Baina batez ere musikaria da Muguruza, eta musikaren bidez egin nahi izan diote omenaldia. Musikan etengabe aritu —eta aritzen— baita hainbat estilotako han-hemengo talde eta musikarekin elkarlanean, nekaezin, munduko bazter guztietako artistekin esperientziak biltzen. Ondoan dituenekin bat egitea du gogoko Muguruzak, eta musikan ere nahasketara jotzen du: reggaea, duba, soula, drum and bassa, junglea, raggamuffina, folklorea, dancehall, hip-hopa... Hamaika estilotan plazaratu du bere musika. Eta, preseski, hamaika estilotako musikarik parte hartu dute haren omenezko bilduman.

Mundu zabalean eratu duen sare edo komunitate horren esker ona emateko modua ere bada proiektua, zigiluko arduradunak azaldu duenez. «Berritzailea da Fermin, eta beti du gogoa zerbait desberdina egiteko eta aurrera egiteko, euskararen alde, kulturaren alde, faxismoaren aurka... Horrek denak balio izugarria du gaur egun».

Fermin Muguruza «humanoa»

Belaunaldi oso baten soinu banda da Muguruza, garai baten sinbolo eta ispilu. Horixe bera izan zen Kirmen Uriberentzat. Uribek Berlingo Lucha Amadaren eskutik jaso zuen Muguruzari buruzko testu bat idazteko enkargua, eta, BERRIAri kontatu dionez, argi zuen ez zuela nahi milaka jarraitzaile biltzen dituen «Fermin ezagun» hori irudikatu, ez zuela «epikarik» kontatu nahi. Kontrara: artistaren alde «humanoa» bistaratu nahi zuen, eta «zalantzez» eta «aldaketaz betea» zegoen musikari gazte hartaz idatzi.

«Kirmen pertsonatik idatzi dut testua», azaldu du Uribek. Idazlearentzat belaunaldi baten «zaurgarritasunaren» eta «konpromisoaren» lekuko bizia da Muguruza, eta gisa horretan islatu nahi izan du idatzian. Eta, hartarako, gogora ekarri du Kortatuk Lekeitioko gaztetxean (Bizkaia) kontzertu bat eskaini zuenekoa.

«Eskertzekoa da [Fermin Muguruzak] egindako lan guztia, eta bereziki euskarari eutsita egin izana»

KIRMEN URIBEIdazlea

Ondarroako (Bizkaia) gaztetxeko lagunekin batera joan zen idazlea euskaraz abesten hasi berria zen Kortatu entzutera. Garai hartan, taldea gaztelaniatik euskarara jauzi egiten ari zen, eta Uribek uste du aldaketa horrek garrantzi handia izan zuela, «konfort eremutik» ateratzen ari zelako, eta pauso hori ez zelako soilik linguistikoa, haragokoa baizik: «Iruditu zitzaidan euskaldunak ginen punki haiei ari zitzaigula kantatzen, euskaraz lan egiten genuen edo euskaraz mugitzen ginen jende alternatibo horri».

Gaur egun, Lekeition hotel bat dago gaztetxea zegoen tokian—«horrela aldatu direlako gauzak»—, eta, hain justu, garai hartan Euskal Herrian indartsu zen mugimendu alternatibo hura eta sistematik at bizi zen jendearen borroka moldeak gogora ekarri ditu idazleak. «Gaur egun ia ezinezkoa da sistema bazterrean uztea, baina pozgarria da ikustea nola iritsi den Fermin gaur arte, eta zein lan egin duen».

Muguruzaren musikak eta mezuak mugak zeharkatzen jarraitzen dute, eta horrek badu garrantzi berezia Uriberentzat: «Eskertzekoa da egindako lan guztia, eta bereziki euskarari eutsita egin izana».

Fermin Muguruza-La linea del Frente
La linea del frente diskoaren azala. SABOR DISCOS

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.