Dantza

Mundu zaharraren zaurietan dantzan

Led Silhouette dantza konpainiak 'Ultimatum' obra estreinatuko du bihar Lesakan. Munduaren eta batik bat naturaren gainbehera du abiapuntu lanak, eta, hari so, «urgentziaren eta paralisiaren arteko orekan» dantzarazi dituzte gorputzak.

Led Silhouette dantza konpainiaren azken emanaldiko irudia: 'Ultimatum'. IRANTZU PASTOR
Led Silhouette dantza konpainiaren azken obraren irudia: 'Ultimatum'. IRANTZU PASTOR
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko apirilaren 11
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gertatzeko probabilitate txikiena duten gauzen artean kokatu ohi da tximista batek inor erdiz erdi jotzekoa. Eta kalkulatu orain, hortaz, zenbateraino den probablea, zenbat kausalitate edo kasualitate edo izar beharko liratekeen lerrokatu, tximista batek preseski orein bat jotzeko eta, halako batean, sei mendizalek harekin topo egiteko, bestela bezala, animalia asfaltozko bide baten bazterrean botata denean, hil hurren, baina artean arnaska. Zaila da halakorik begiztatzea, non eta ez den fikziozko molderen batean. Eta horra hor Led Silhouettek eginikoa. Dantza konpainiak hilzorian den oreinaren eszena baliatu du bere azken obraren abiapuntu gisara, hori bera bistaratzeko, bai, baina baita gain behera doan mundu zahar bat irudikatzeko ere. Eta horretan, igual, ez da hainbesteko fikziorik. Ultimatum deitu diote ikuskizunari, eta bihar taularatuko dute estreinakoz, Lesakako (Nafarroa) Harriondoa kultur etxean.

Jon Lopezek eta Martxel Rodriguezek zuzendu dute obra, bai eta dantza ikuskizunak atzean duen kontzeptua landu ere. «Azken urteetan edo are hamarkadetan sentitzen dugun zerbait da, hain zuzen, ea ez ote gauden mundu zahar baten bukaeran eta berria den beste zerbaiten aurrean, halako inflexio puntu batean», esplikatu du Rodriguezek. Dioenez, kezka horixe bera da ikuskizunean «gorputzetara» eraman dutena, horregatik ultimatumaren ideia, eta, horregatik, iradoki duenez, tarteka orekari batzuen antzera ari direlako sentsazioa. «Urgentziaren eta paralisiaren arteko oreka moduko bat bilatu baitugu».

Guztira sei dantzari oholtzaratuko dira obran: Lopez eta Rodriguez ez ezik, bai eta Katalin Arana, Lucia Burguete, Nicolas Martinez eta Edoardo Ramirez ere. 

Konpainiak muntatutako ikuskizun gehienetan ohi denez, dantza dago Ultimatum obraren erdigunean ere, baina antzerkitik hurbilago dauden baliabideek ere badute pisua, besteak beste. Eszenografiak garrantzia du, eta off-eko ahots bat txertatu dute, hari moduko bat ehuntzeko. Mathilda Haynesek idatzi eta lokutatu du testu hori, ingelesez, eta haren itzulpena egin du Danele Sarriugartek. 

Zauriak azaleratzea

Erabateko abstrakziotik urruntzeko ez ezik, ikusleari galdera batzuk egiteko ere baliatu dituzte antzerkitik hurbilago diren elementuak ikuskizunean. Rodriguezek, kasurako, horretarako aukera antzematen du obraren hastapenean irudikatutako eszenan bertan, oreinarenean. Gainera, ordutik aurrera taularatuko duten tramari buruzko pistaren bat ere eman du zuzendariak: «Oreinarekin topo egin ondotik, sei pertsonaia horiek harekin zer egin erabaki beharko dute, adostu beharko dute zauritutako animalia nola zaindu».

«Hasierako eszenografiaren iruditik abiatuz, hari batzuei tiraka beste irudi batzuk sortzen ditugu, eta halakoek balio izaten digute jakiteko nondik nora eginen dugun bidaia»

MARTXEL RODRIGUEZ Led Silhouette konpainiako zuzendari eta dantzaria

Hain zuzen, jokamolde bat zehaztu behar horretan, bateko eta besteko erreakzioak azaleratuko dituzte mendizaleek, eta eboluzio bat ere ikusiko da haietan. Ilunetik argira eginen du istorioak, nolabait. Rodriguez: «Hasieran, pertsonaiek izanen dute bulkada, tentazioa, modu indibidualean eta kasik biolentoan ateratzeko egoera horretatik. Gero, ordea, konturatuko dira denon artean aritu beharko dutela eta, nolabait, norberak dituen zauriak ere aldera ditzaketela oreinak dituenekin». Orduan nabarmenduko da istorioan, zuzendariak kontatu gisara, zaintzaren ideia ere, eta «afektuzko keinuek dakarten argia». 

Baina horiek guztiak gorputz mugimenduen bidez nola kontatu, horra gakoa.

Bide horretan, storyboard gisako batzuk sortzea maite dute Led Silhouetteko zuzendariek. Halakoen bitartez, bata bestearen atzetik zer «irudi» klase bistaratu nahi duten imajinatzeko ariketa izaten da hori, nolabait, eta bereziki maite dute horrek dakarkien «ikuspegi zinematografikoa». Rodriguez: «Hasierako eszenografiaren iruditik abiatuz, hari batzuei tiraka beste irudi batzuk sortzen ditugu, haietan zehaztuz, adibidez, zenbat jendek eta zer tentsio motarekin aritu behar duen bakoitzean, eta, nahiz eta ez duten hasiera-hasieratik forma itxi bat izaten, balio izaten digute erreferentzia modura, jakiteko nondik nora eginen dugun bidaia». Hori osatua dutelarik hasi ohi dira, gerora, koreografia bera sortzen. 

Zurruntasuna urtuz, apurka

Ultimatum-en kasuan, hori bai, storyboard-a guztiz zehazteko aukera izan aurrean ekin zioten koreografia lantzeari ere. «Deialdien eraginez-eta, tempoak diferenteak dira batzuetan...», argudiatu du Rodriguezek. Izan ere, eskura izanen zuten aurrekontua zenbatekoa zen artean ez zekitela hasi ziren horretan lanean, 2025eko abuztuan. «Prozesua desberdina izan da oraingoan, baina izugarri interesgarria izan da, aldi berean. Irudi bertikalak —dramaturgiarenak— eta horizontalak —koreografiarenak— pixkanaka joan dira bata bestea elikatuz», aitortu du Rodriguezek. 

Obraren hastapenean, dramaturgiak proposatzen duen bidaiaren mesedetan, gorputzak bereziki tentsionaturik dantzatuko dira oholtza gainean, eta mugimendu lasterrak izanen dira nagusi. Argiztapenak ere lagunduko die, gainera, bortizkeria transmititzen, bizi-bizi piztu eta itzaliko baitira, tximista batzuk simulatuz batzuetan. Ondotik, baina, giro horren kontrastean, eta ikuskizunak aurrera egin ahala, dantzarien mugimenduak nabarmen leunduko dira, «likidoago» azalduko dira oholtzan. Rodriguez: «Laztan batekin ere alderatu litezke horiek, kasik». 

'ultimatum'-en bira

  • Bihar, apirilaren 12an, Lesakan, Harriondoa kulturgunean (Nafarroa). 
  • Apirilaren 15ean, Valentzian, Teatre Principal de Valencian (Herrialde Katalanak).
  • Apirilaren 17an, Castellon Jaume I.a Unibertsitatean (Herrialde Katalanak).
  • Apirilaren 19an, Agoitzen, kulturgunean (Nafarroa).
  • Apirilaren 25ean, Castejonen, kultur etxean (Nafarroa). 
  • Maiatzaren 8an, Iruñean, Gaiarre antzokian. 
  • Maiatzaren 10ean, Berriozarren, kultur etxean (Nafarroa). 
  • Maiatzaren 21ean, Bilbon, Azkuna zentroan. 
  • Ekainaren 11n, Gasteizen, Felix Petite antzokian. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA