Musika

Musik(H)abian programa sortu du Musika Bulegoak, proiektu musikalak bideragarri bilakatzen laguntzeko

Lau proiektu hautatuko dituzte, eta, 1.500 euroko laguntza batez gainera, prestakuntza saioak eta mentoretza ere jasoko dituzte. Irailaren 16ra arte egongo da hautagaitza aurkezteko aukera, eta urritik abendura izango dira saioak.

Musi(H)abian proiektuaren aurkezpena, Durangoko Plateruenan, gaur. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Musi(H)abian proiektuaren aurkezpena, Durangoko Plateruenan, gaur. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
Durango
2026ko uztailaren 16a
14:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Musikan talentua eta sormena ezinbestekoak dira, baina ez dira nahikoa proiektu bat sendotzeko». Eta, hain zuzen ere, Iñaki Egitegi Musika Bulegoko proiektuen eta zerbitzuen kudeatzaileak azaldu duenez, horregatik sortu dute Musik(H)abian proiektua. Haren bidez, tresnak, laguntza eta ezagutza eskaini nahi dizkiete musikariei zein musika sektorean profesionalizatzeko asmoz diren ekintzaileei. Hasieran ideia huts izandakoak proiektu sendo, bideragarri eta iraunkor bihur daitezen laguntzea da helburua. Lehen deialdia izango da aurtengoa, eta lau proiektu hautatuko dituzte. Euskal Herri osoko proposamenen artean hautatuko dituzte haietako hiru, eta Durangoko Udalak sustatutakoa izango da laugarrena.

1.500 euroko laguntza jasoko du hautatutako proiektu horietako bakoitzak, eta urritik abendura bitarte, hamar astez, hainbat prestakuntza saio ere jasoko dituzte. Formakuntzaz gainera, ordea, mentore baten laguntza ere izango dute lau proiektuetako kideek. Presentzialak izango dira saio guztiak, eta Durangon (Bizkaia) eta Errenterian (Gipuzkoa) egingo dituzte. Irailaren 16ra arte egongo da zabalik hautagaitza aurkezteko epea.

«Musikan talentua eta sormena ezinbestekoak dira, baina ez dira nahikoa proiektu bat sendotzeko»

IÑAKI EGITEGIMusika Bulegoko kidea

Programan parte har dezaketen bi profil aurreikusi dituzte antolatzaileek: euren jardun artistikoari lotutako proiektu bat profesionalki egituratu nahi duten musikariak daude, batetik, eta musikaren industrian enpresa egitasmo bat abiatu nahi duten ekintzaileak, bestetik.

Iragarri dutenez, sektoreko profesional garrantzitsu batzuek emango dituzte programako prestakuntza saioak, eta, besteak beste, negozio ereduaren diseinua, komunikazioa, finantzaketa, monetizazioa eta nazioartekotzea landuko dituzte.

Taldetasuna

Saioen presentzialtasunaren garrantzia nabarmendu du Egitegik, baita taldean egotearena ere. «Oso garrantzitsua da ekintzaileek prozesu hori bakarrik ez egitea. Programak prestakuntza, banakako mentoretza eta sektoreko profesionalekin harremanak izateko aukera uztartzen ditu, parte hartzaileek beren proiektua ikuspegi integral batetik landu dezaten eta Euskal Herriko musika ekosisteman txertatzeko aukera izan dezaten».

Musika Bulegoak sortu du programa, eta Durangoko Udala izan du babesle nagusia. Hain zuzen ere, horregatik aurkeztu dute programa Plateruena Musika Aterpearen aurrealdean. Errenteriako (Gipuzkoa) Agustinak zentroaren lankidetza ere izan dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA