Durangoko alkatea

Mireia Elkoroiribe: «Durango musikaren eta batez ere euskal musikaren hiriburu izatea nahi dugu»

Durangoko Udalak 2025erako espero zuen zabalik Plateruena Musikaren Aterpea, baina proiektua eraldatzen joan da, eta Durango Musikaren Aterpea izeneko aterki zabalagoaren parte izango dela iragarri dute gaur. 2027rako martxan egon dadin nahi dute.

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Plateruena aurrean. DURANGOKO UDALA
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkatea, Plateruena aurrean. DURANGOKO UDALA
Inigo Astiz
Durango
2026ko uztailaren 16a
14:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Durangoko Udalak zabaldu egin du hasieran Plateruena gunearentzako pentsatutako plana. Hemezortzi urteko ibilbidearen ostean, 2020an itxi zituen ateak kafe antzokiak, eta 2022az geroztik hura kudeatzeko hainbat plan proposatu izan ditu udalak. Hasieran, herritarrek eta eragileek osatutako kultur mahai batek gidatutako proiektua aurkeztu zuen EH Bilduk eta Herri Aldaketak osatutako udal gobernuak, baina udala aldatu egin zen 2023ko hauteskundeetan, eta, 2024an, Plateruena Musikaren Aterpea izeneko egitasmoa aurkeztu zuen EAJ eta PSE alderdiek osatutako gobernuak. Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak (Abadiño, Bizkaia, 1975) gaur azaldu duenez, ordea, handitu egin da hasierako asmo hura, eta, aurrerantzean, Durangoko Musikaren Aterpea izeneko proiektu zabalagoaren parte izango da Plateruenakoa. Haren bihotza, zehazki. Gaur aipatu du proiektuaren izen berria lehenengoz, Musika Bulegoarekin batera sortutako Musik(H)abian programaren aurkezpenean.

Eraikina berritzeko eta egokitzeko milioi bat euroko inbertsioa iragarri zuten duela bi urte, eta lan horiek 2025erako amaituta egongo zirela ere esan zuten. Aurkezpen hura egin zutenetik, proiektua eraldatzen joan da, ordea, eta horren ondorio izan da atzerapena. Data berria ere eman du gaur Elkoroiribek, eta, zehaztu duenez, 2027ko Durangoko Azokarako egongo da martxan Plateruena berritua.

Zer da Durango Musika Aterpea?

Plateruena zer izan behar zen jakiteko prozesu bat hasi genuen duela urte batzuk. Azterketa batzuk egin genituen, beharrik handiena non zegoen ikusteko, eta beharrik eta aukerarik handiena musikaren arloan zegoela ikusi genuen. Edukiei buruzko proiektu bat lantzen hasi ginen orduan, eta eraikina moldatzeko aurreproiektua ere egin genuen. Baina, hori egin bitartean, proiektuarentzako bidelagunak bilatzen jarraitu genuen. Musika Bulegoarekin elkartu ginen, Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta besterekin, eta lanketa horren bidez proiektua handitzen eta sendotzen joan zen. Orduan ikusi genuen ezin zela Plateruenan bakarrik gauzatu. Beste dimentsio bat hartzen ari zela ikusi genuen, eta proiektu horrek Landako gunea, bertako entsegu gunea eta Bartolome Musika Eskola ere hartu behar zituela.

Eta proiektu zabalago horretan zer leku izango du Plateruenak?

Plateruena izango da proiektuaren bihotza. Hori izango da musikaren esparrurako erreferentea, azpiegiturei dagokienez. 

Eta zein izango da Durango Musika Aterpearen helburua?

Musikaren esparruko arlo guztiak hartuko ditu kontuan. Gaur aurkeztu dugu, adibidez, Musika Bulegoarekin elkarlanean antolatutako Musik(H)abian proiektua, eta ekintzailetza eta profesionalizazioa bultzatuko ditu. Baina, horrez gainera, sorkuntza eta kontzertuak ere hartuko ditu. Horretarako funtsezkoa izango da Plateruena, eta horretara egokitzeko atzeratu dugu proiektua. Orain exekuzio proiektua lizitatzen ari gara, eta urte honen bukaerarako exekuzio proiektu hori amaitzea espero dugu, 2027an obrak egin ahal izateko; noski, lan horiek Durangoko Azoka baten eta hurrengoaren artean egingo ditugu, oztoporik ez eragiteko.

«Durangoko Azokan, euskal kulturaren hiriburu bihurtzen da Durango, eta musikak aukera emango du hiriburutza hori urte osora zabaltzeko»

Agian lan horiek bukatzean ikusiko dute argien proiektua herritarrek?

Orain Plateruena bizirik dago. Guk hainbat eta hainbat ekintza programatzen ditugu, eta kanpotik ere etortzen zaizkigu proposamenak. Durango musikaren mapan kokatzen ari gara jadanik, eta behin Plateruenaren obrak amaitutakoan eta Plateruenaren zerbitzu guztiak emateko lizitazioa ateratzen dugunean, are gehiago nabarituko da. Askoz ere konstanteagoa izango da kontzertu programazioa ordutik aurrera, eta, aldi berean, Musika Bulegoarekin batera jarraituko dugu prestakuntza lantzen.

Proiektuaren eragina Durangoz harago iristea da asmoa, beraz?

Bai. Beti esan dugu Durangoko Azokan euskal kulturaren hiriburu bihurtzen dela Durango, eta beti esan dugu pena dela hiriburutza horrek asteburu bat bakarrik irautea. Hori zabaltzeko asmoa izan dugu beti, horregatik. Musikak aukera ematen du hiriburutza hori urte osora zabaltzeko. Durango musikaren eta batez ere euskal musikaren hiriburu izatea nahi dugu.

Euskarak zer leku izango du proiektuan?

Erdigunean izango da euskara. Ez da euskarazko musikari eskainitako gune bat bakarrik izango; horrez gain, euskal musikak garrantzi oso handia izango du, baita berdintasunak ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA