Aise egin liteke musika eszenaren eta itsaso zakar baten arteko konparaketa. Nork bere proiektua ur azalean mantentzeko ahalegin handiak egiten dituzte artistek etengabe, eta zaila da olatu bortitz batek azpian nor hartuko duen aurreikustea ere: izan musikaria izan, besta batzuetako antolatzailea edo jaialdi bateko arduraduna. Zaila da oreka atzematea, eta hain zuzen ere, orekaren hainbat ertz aztertu dituzte Badalabek eta EHZk, Hazparneko Xuriatea ostatuan (Lapurdi). Ana Jaunarena EHZ festibaleko kideak bortz lagunez osatu mahai inguruaren moderatzaile izateko ardura hartu zuen eta problematika zabal horren peko hainbat gai jorratu dituzte. Euskal musika programatzeko erronkez, irizpideez eta korapiloez mintzatu dira, hori dena oren bat eta erdiko solasaldian.
Programazioaren erronkak xehatzeko, musika zirkuitua instituzionalaren, herrikoiaren eta autogestionatuaren ordezkari batzuk gonbidatu dituzte. Jaunarenak banazka presentatu ditu gaian murgildu aitzin: Francois Maton Atabal musika aretoko zuzendaria, Kattina Haran-Razin EHZko langilea, Maia Iribarne musikagile eta zinegilea, Kattalin Perrier GaGa Donibane Garaziko Gaztetxeko kidea eta Eñaut Etxeberria Makeako (Lapurdi) besta komiteko kidea.
Musika programazioaren hainbat alderdi aletu dituzte hasteko, baina haien artean bitartekaritzaren eboluzioak sortu du eztabaida gehien. Haranek kontatu duenez, bitartekaritzak geroz eta traba gehiago sortzen ditu EHZko programazioan, taldeekin eta musikariekin den harremana usu mozten baitu. «Anitzetan ez dakite nora heldu diren, Ipar Euskal Herriaren ezagutza ttipia dute eta prezioak negoziatzeko tenorean geroz eta zailtasun handia dugu. Joera hori COVID-19aren pandemiaren ondotik azkartu da».
«Bitartekariek anitzetan ez dakite nora heldu diren, Ipar Euskal Herriaren ezagutza ttipia dute eta prezioak negoziatzeko tenorean geroz eta zailtasun handia dugu. Joera hori COVID-19aren pandemiaren ondotik azkartu da»
KATTINA HARAN-RAZIN EHZko langilea
Haranek erranikoa berretsi du Etxeberriak, eta nabarmendu, duela urte batzuk ez bezala, taldeekin prezioak negoziatzea ezinezkoa dela egun, eta managerren rola anitz kanbiatu dela. Horri gehiturik gainera, taldeek gadegiten dituzten baliabide teknikoak anitzetan bete ezinik ezezkoak ematera behartuak direla herriko bestetako programazioa osatzeko tenorean.
Iribarnek ez ditu joera horiek ukatu baina gehitu du bitartekaritzak alde positibo anitz dituela. «Artistaren prekarizazioa beheititzeko funtzioa du, eta bitartekari on batek bere lana egiten badu, ekarpen handia egin lezake lan artistikoari, denbora eta energia aurrezten baituzu». Problematika horrek artisten lan baldintzak mahai gainean eman ditu, eta gaineratu duenez, artista gisa baldintzak negoziatzea deserosoa izan daiteke. Anitzetan bitartekari batek koadro bat eman dezake prekarizazioa ttipitzeko, eta artistak bere burua prekarizatzeko duen joera neurri batean oztopatzen duela aditzera eman du.
Maton ere ildo beretik joan da, eta kontatu du musika programatzerakoan managerrak orotarikoak direla, eta arlo horretan hainbat maila desberdin daudela. «Espekulazioa egin dezakete, noski, baina merkatua maluruski kapitalista da, eta hortik ateratzea zaila zaigu. Denek talde bera nahi badugu, prezio altuena eskaintzen dionarengana joanen da managerra». Horri aurre egiteko, programatzaileen arteko harremana indartu behar dela erran du, taldeen egiazko baldintzez jakinean izateko.
«Artistaren prekarizazioa beheititzeko funtzioa du bitartekaritzak, eta bitartekari on batek bere lana egiten badu, ekarpen handia egin lezake lan artistikoari, denbora eta energia aurrezten baituzu»
MAIA IRIBARNE Musikagilea eta zinegilea
Hala ere, Haranek, aitzineko guziarekin bat egin arren, bitartekari batzuk «marrazoak» izateko joera dutela azpimarratu du. Festibaleko plazako programazioaren taldeko kidea den heinean, adibide konkretu bat ekarri du solasaldira. «Behin manager bati ezezkoa eman genion talde batentzat, plazako baldintzak ez zirelako egokiak, baina segidan beste manager batek pentzeko programazioko kideei talde beraren publizitatea egiten hasi zitzaien, eta horretan ikusten da haien arteko marrazokeria».
«Sosaren menpe girea?» bota die ondotik Jaunarenak; eta diruaren menpe baino gehiago, Maton blokeatua sentitzen da Atabalek duen espazio faltagatik. Oraingoa baino leku handiagoa nahiko luke, eta bertze areto bat eta klub bat egiteko xedea lukete. Iribarnek berriz, zehaztu du baldintza ekonomikoa irizpide garrantzitsua dela beretzat. Baldintza duinen bermatzearen alde da, eta horrek militantziaren parte izan behar lukeela ohartarazi du. Haren erranetan gainera, baldintza ekonomikoen inguruan salbuespenak «usu» gertatzen dira. «Dena delako testuinguru ekonomikoa dugu eta horretan behar da desberdindu zer espaziotan ari garen, baina oro har leku frankotan gure berezko baldintzak baina apalagokoak ukaiten ditugu».
Estiloen «homogeneizazioa»
Musika programatzeko irizpideez eta erronkez gain, Ipar Euskal Herrian makro eredu kultural baten zantzuak antzematen ote duten galdegin die moderatzaileak. Etxeberriak joera hori sumatzen du iruditzen baitzaio herriko besta gehienetan talde bertsuak ibiltzen direla. Horrek musika estiloen «homogeneizatzea» ekar lezake eta denborarekin joera «problematikoa» izan daitekeela zehaztu du. Haran ere bat dator horrekin, eta joera horren aleak xehatu ditu. «Usu Hegoaldeko taldeak dira afixa buruetan, eta harrigarria da udan herriko bestetan gehien entzunak diren taldeak aritzen direla».
Maton berriz, harritua agertu da galderarekin. Ez zaio iruditzen Ipar Euskal Herrian taldeen monopoliorik baden, eta horren kontrakoa defendatu du estilo geroz eta orotarikoagoak ikusten dituela erranez. «Frantzian makro eredua eta monopolioa existitzen dira, baina hemen, erranen nuke estiloak dibertsifikatu direla, estilo kasik guzietan Euskal Herrian zerbait atzeman daitekeelako, eta hori pozgarria da».

Horren karietara, Iribarnek gehitu du ezin garela makro eredu batez mintzatzen ahal Ipar Euskal Herrian, baina Hego Euskal Herriaren kasuan, berriz, bai, mundu mailako estetika batzuetatik edaten dutelako talde handi batzuek. Perrierrek ere uste du makro eredu batez mintza daitekeela Euskal Herriko talde jakin batzuk aipatzen badira. «Uste dut besta komite batzuek hartzen dutela joera hori, baina makro ereduaz mintzo bagara talde jakin batzuez mintzatu behar da». «Eta hain zuzen ere, Zetakek ez luke gure gaztetxean lekurik, ez baitu bat egiten gure irizpideekin», gehitu du.
Mahai ingurua Ipar Euskal Herriko musikagintzaren eskasez mintzatuz finitu dute. Matonek zein Iribarnek erran dutenez, eszenatoki ertainen behar handia dago. Gaztetxeez eta Atabal bezalako gela handiez gain, bien arteko espazioen falta sumatu dituzte. Bertzalde, Haranek zehaztu du EHZn programazioak indar handia duela, eta eztabaidak eztabaida, festibalaren baloreak zein diren ahantzi gabe jardunen dutela geroan, eta horren araberako programazioa eskainiko dutela. Etxeberriak berriz, kontatu du herrietako bestetan euskaraz programatzeko eta bestak ahalik eta herrikoienak izan daitezen, dinamika euskaldun orokortu bat behar litzatekeela.