Asteburuan Bizkaiko ehunka musikazalek metroa hartu dute jaialdi berezi batera joateko. Kokalekua bera ere ez da batere tipikoa: ez dago Bilbon bertan. Izan ere, gauza bitxienak askotan periferian gertatzen dira, eta, gainera, prezio onean. Basauriko MAZ jaialdiak hamalaugarren aldia izan du aurtengoa, eta, aurreko urteetan bezala, Basauriko Social antzokiko tenperatura izugarri igo da giroaren ondorioz.
Ostiralean Rockein lehiaketaren irabazleak hasi zituen emanaldiak, Reeler taldeak, hain zuzen. Europako hainbat herritatik etorritako kideek taldea sortu zuten Bizkaian, eta hainbat urte daramatzate britpop soinuak jotzen. Hangxiety, A Change In The Heart edota Cut out The Middleman abestietan 90eko hamarkadako oihartzunak identifikatu genituen: Supergrass, Cast edo Oasisen melodia goxoak etorri zitzaizkigun burura. Jarraian, Maika Makovski igo zen eszenatokira. Oraingo biran, abeslariak bere lehen diskoko abestiak berreskuratu ditu, orduko bere bandarekin. Egiten duen rock klasikoa ez da modaz pasatzen, eta saiorako sarrera guztiak amaitu egin zirela da horren froga. Kontzertua itzela izan zen, hasieratik amaierara. Erdian izan genuen momentu goxoena: Basauriko Mariana Perez (Maikaren azken urteetako bateria jotzailea) igo zen oholtzara, panderetarekin eta ahotsarekin Love you til I die kantan laguntzeko.
Amaitzeko, Aranjuezetik etorritako Rufus T. Firefly taldeak Espainian existitzen den bidaia psikodelikorik onena eskaini zigun, El Coro del Amanecer kantatik hasita. Julia bateriara igo zen Ceci n'est pas une pipe kantatzera. Egiten duten musika nabarmen hazten da zuzenean.
La Bien Querida
Doako ekintzak ere badaude jaialdian. Larunbatean, goiz osoz egin zuten haurrentzako TxikiMAZ. Besteak beste, Juan Solo DJ-ak eta Nuria Culla abeslariak hartu zuten parte. Arratsaldea, MAZ Kalean izan genuen berriro Reeler, baita Silkat eta Getxoko Monos ere, herriko giroa berotzen. Egun luzea, aurrekoa bezala, Sozial Antzokian amaitu zen. Fernando Alfarok Convento Freak izeneko disko berria aurkeztu zuen. Gitarra akustikoarekin eta banda osoarekin lagunduta, bere mundu bitxia ireki zigun. Eskainitako abesti guztiei buruzko azalpenak eman zituen: besteak beste, Terapia eta Supervivir-i buruzkoak. Gaurko kantak Surfin´Bichos eta Chucho taldeen garaikoak baino lasaiagoak dira, ez hain elektrikoak. Haren alaba Lea Leonek (Natalia Alfarok) teklatua jo zuen.
La Bien Queridak, bestalde, Ni bien ni mal abestiarekin hasi zuen kontzertua. Talde osoarekin izan zen oholtzan. Jaialdian publikoaren parte hartzerik beroena izan zuen emanaldia izan zen, bai ¿Qué? dantzatuz, bai Corpus Christi ala Jeanetten Porque te vas abestuz ere. Amaiera puntu ezin hobea.
Egitarauak jarraitu egiten du, ordea. Ostegun honetan, esaterako, Emakumeak eta industria musikala izeneko hitzaldia eskainiko dute Marienean, Basauriko Emakumeen Etxean. Afrika Bibang eta Lova Lois artistak izango dira protagonistak, eta Myriam Mirandak gidatuko du topaketa. Musika arloak ere feminista izan behar du, eta, hori praktikan jartzeko, Basauriko MAZ jaialdian emakumezkoen presentzia, urtero bezala, beste jaialdi gehienetan baino handiagoa izan da: egitaraua osatu duten hamar proiektuetako seitan presente daude emakumeak.
