Horma guztiak ez dira berdinak. Batzuk zailagoak dira zeharkatzen, baita musikarentzat ere. Kartzeletako pareten artean, espetxeen barrenetan, inoiz gutxitan izaten da zuzeneko kontzerturik, eta, izatez, bada musika klasikoko emanaldi bat sekula hartu ez duen presondegirik ere. Zaballako espetxea (Araba) multzo horretakoa zen orain arte, baina atera da jada. Oraintsu egin du. Atzo, ostiralean, Bilboko Orkestra Sinfonikoak kontzertua eman zuen espetxeko entzunaretoan, presoen aitzinean. Areto horretan estreinako aldiz aditu ziren melodia klasikoak bozgorailu premiarik gabe.
Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailaren laguntzarekin antolatu du BOSek Zaballako kontzertua. 50 minutu iraun du, eta dozenaka preso izan dira publikoan. Mikel Fernandez zuzendariak gidatu du emanaldia, eta orkestrako 45 musikari aritu dira haren aginduetara. Musika instrumentala ez ezik, ahotsa ere txertatu dute emanaldian. Lorea Lopez sopranoa eta Aitor Garitano tenorra aritu dira kantari.
Jesus Guridi (1886-1961) euskal konpositorearen pieza ugari interpretatu dituzte, hala nola Mirentxu opera (1910), eta El caserío (1926) eta La meiga (1928) zarzuelak —ez dituzte osorik eman, zati batzuk baizik—.

Kontzertua bukatutakoan, Iñigo Alberdi BOSeko zuzendari nagusiak azpimarratu du tankera horretako emanaldiak egiteak zer-nolako balioa duen. Nabarmendu duenez, BOSen helburu nagusietako bat da musika «askotariko eremuetara» eramatea, «bereziki musika klasikoa hain presente ez dagoen tokietara», eta, hain zuzen ere horregatik, iritzi dio Zaballan jo izanak guztiz bat egiten duela daukaten helburu horrekin. «Orkestrak argi du kulturak gure gizarteko txoko guztietara iritsi behar duela. Proiektu honen bidez, aukera izan dugu erakusteko musikak edozein horma zeharkatu dezakeela. Ez da soilik kontzertu bat izan: enpatiaz beteriko ekintza bat izan da, eta birgizarteratzeko konpromiso zibiko bat».
«Orkestrak argi du kulturak gure gizarteko txoko guztietara iritsi behar duela. [Zaballakoa] ez da soilik kontzertu bat izan: enpatiaz beteriko ekintza bat izan da, eta birgizarteratzeko konpromiso zibiko bat»
IÑIGO ALBERDI BOSeko zuzendari nagusia
Gainera, aitortu du hemendik aurrera ere bide hori urratu nahi dutela. «Zerbitzu publiko bat garenez gero, aurrerantzean ere egingo ditugu horrelako ekinaldiak, baita beste presondegi batzuetan ere».
Bestalde, emanaldia «gozagarria» izan dela adierazi du Alberdik. «Gozagarria haientzat, presoentzat, eta baita guretzat ere. Hunkigarria izan da».