1964. urtean sortu zen The Monks taldea, Mendebaldeko Alemanian. Beatlemania garaiak ziren, Liverpooleko laukoteak munduko bazterrak aztoratu zituenekoak. The Monks anti-Beatles gisa deskribatu izan ziren ordea, egin beharreko guztiak alderantziz egin baitzituzten: burua soildu zuten monjeen erara, alboetan ile koroa gisako zera itsusi bat utziz; abestiak hausten zituzten justu itsaskor bihurtuko zirela zirudienean; banjo bat sartu zuten beat gisakoak sortuz, gero oihuka hasteko... Bitxiena, dena den, haien jatorria zen: estatubatuar kuadrilla bat zen, Gelnhausengo basean destinatuta egondako militar ohiak.
Inor gutxik esperoko luke halakorik musika eta armada kontzeptuen baturatik. Baina gertatzen dira halakoak. Jordi Costak, Espainiar Estatuko kontrakulturaren jatorriaz ari dela, Morongo eta Rotako base militarretan topatzen ditu korronte haren erroak. Bertara bidalitako militar estatubatuarrek eraman omen zituzten droga, musika eta ideia berriak hara eta ernaldu ziren gero lur emankorretan. Soldaduek dakartzaten soinu guztiak ez dira horren eraikitzaileak, esan gabe doa. Metallicak jo zuen Moskuko aerodromo militar batean 1991n Sobietar Batasuna amildu aurretik, zenbaitek dioenez, 1,6 milioi zale eta soldaduren aurrean. Askatasunaren ikur omen ziren heavy haiek, Europa ekialdean Radio Free Europe irratiak jartzen zuen jazz musika lehenago izan zen bezala. Dave Brubeckek esan omen zuen 1958an Polonia bisitatzean: «Ez dago jazza jasango duen diktadurarik». Mendebaldearen soft power hori pixka bat hard bihurtu zen, dena den, Guantanamoko tortura ziegetan Metallicaren Enter Sandman —sarean ikus dezakezue Moskuko jendetzaren aurrean abestia zuzenean— presoei kantua behin eta berriz bolumen handian jartzen zietenean.
2026a aski modu militarrean hasi dugu, ez dut uste nondik norakoak azaldu beharrik dudanik. Urtarrilaren 3an Estatu Batuek Nicolas Maduro bahitu zuten eta hamarnaka militar hil zituzten bidean. Bertan izandakoen testigantzek diotenez, bat-batean soinu antzeko zerbait bortitza igorri zuten soldadu yankiek. Jendea sudurretik odoletan hasi omen zen, batzuek ahotik ere bota zutela diote. Musika? Egungo botere biluziak uhin biluziekin aski.