Musikaren azpitik dabilen etengabeko murmurio moduko bat da. Agerian gelditzen da gremioko kideen arteko elkarrizketa bizietan, hitz-aspertuetan, gogoetarako esparruetan. Kezka bat da: milaka kantu dabiltza esparru digitalean igerian, eta, inguru horretan zure musika agerrarazteko modu bat bilatu ezean, erraza da ozeano itzel horretan, ohartzerako, hondorantz joatea. Hori bihurtu da, hain justu, musikarien lan zama handienetako bat gaur egun: plazaratze egunarekin loturiko maniobrak, amuak botatzeko single itsaskorrak, Tiktok, podcastak. Horiek guztiak eta beste behar direlako sentipena da nagusi. «Eta halere...».
Munduan dozenaka mila abesti sortzen eta argitaratzen dira egunero. Datu batera ekarrita, Spotifyk egunean 100.000 kantu jaso zituen 2024an —haren kontrako nazioarteko boikot deialdiaz geroztik, pentsatzekoa da zenbatekoak aldatu egin direla—. Euskaraz ere, oso handia da eguneroko emaria. «Urte osoan ez dago kaleratzerik gabeko asterik, eta hori bera dezenteko astakeria da», ohartarazi du Gazteako B Aldea saioko kazetari eta musikari Julen Idigorasek.
Aurten dira hamar urte irratsaio hori gidatzen hasi zela, eboluzio askoren lekuko izan da jardun horretan ari denetik, eta, besteak beste, segidan ekarri du hizpidera azkenaldian argitalpen egunari dagokionez antzeman duen aldaketa. «Nazioartean, eta ez dakit joera ez ote datorren AEBetatik, historikoki ostiralak izan dira abestiak edo diskoak emateko egunak, eta, lehen, euskaldunak salbuespenak izaten ziren horretan, baina orain horrela da hemen ere, eta ostiraletan pilatzen dira».
«Badago etengabe leku guztietan egoteko behar bat, bestela zutaz ahaztuko direlakoan, eta okerrena da beharbada baietz, balitekeela zutaz ahaztea bizpahiru hilabetean ez baduzu ezer ateratzen»
GORKA EROSTARBEÂ 'Badok' atariko kazetaria
Idigorasen antzera, BERRIAren Badok musika atariko kazetari Gorka Erostarbek ere aspaldi jarria du arreta astero-astero kaleratzen diren kantuetan, baina are zorrotzago so egiten die orain, Murmur podcastean saio bat eskaintzen baitie bi astean behin euskal nobedadeei. Preseski, halakoetan begien bistara gelditzen zaio ekoizpena nola puztu den. Dioenez, albumak singleka kaleratzeko joera boladan delako gertatzen da hori, neurri batean. Eta, bestalde, artistek etengabe arian eta pil-pilean izateko urgentzia sumatzen dutelako. «Uste dut badagoela etengabe leku guztietan egoteko behar bat, bestela zutaz ahaztuko direlakoan, eta okerrena da beharbada baietz, balitekeela zutaz ahaztea bizpahiru hilabetean ez baduzu ezer ateratzen».Â
Hona hemen Erostarbek bere kolkorako eginiko kalkuluaren emaitza: «Astero-astero, hamar bat abesti berri euskaraz, eta nabarmen gehiago, noski, udaberrian eta Durangoko Azokaren aurrean».Â
Formularen bila haztamuka
Musikariak lehen baino maniobra gehiago egin behar ditu hedapenerako, bai bere kantuak pil-pilean egotea nahi duenean, bai asmo nagusia zera denean ere: behintzat musika proiektua bideragarri izateko moduko oihartzuna izatea. «Musikariak erabat dibertsifikatu behar du musika erakusteko lan hori, nahiz eta jakin hortik apenas lortzen dela dirurik, non eta ez zaren izar handi bat», azaldu du Erostarbek, zorrotz. Haren esanetan, musikariek «erakusleihoan egoteko asmoz» ematen dituzte kantuak dozenaka euskarritan, baina, aldi berean, badakite bide digitalen «ezkutuko joerek» kontra eginen dietela. Algoritmoa da erantzuleetako bat. Erostarbe: «Beti egiten du bultza norabide berera, eta arrain txikia erabat galdurik gelditzen da ozeano horretan».
Euskal musika entzuteko aplikazio bat garatzen ari da BERRIA
Musika aditzeko plataforma bat garatzeari ekin dio BERRIA Taldeak. Euskal musika guztia entzuteko aukera eman nahi du aplikazio berri horren bitartez, erabiltzaileei musika aditzeko esperientzia on bat eskainita. Baina plataforma berri hori ez da musika aditzeko tresna hutsa izango: euskal musikaren ekosistema osoa babestu eta bizkortu nahi dute sustatzaileek proiektuaren bidez, eta euskal musikariei ikusgaitasuna eman. Euskal musikaren berri emateko plaza bat ere sortu nahi dute, artistak eta zaleak elkarrekin harremanetan jarrita.
Idigorasen iritziz, euskal eszenan apenas dagoen banaketarako estrategiaren bat aintzat hartzen ez duen musikaririk. «Eta halakorik baldin bada, izango da ez delako iristen edo prozesuaren fase horretara oso nekatuta iristen delako, zeren hori gertatzen da normalean». Hala eta guztiz, irudipena du asko direla haztamuka dabiltzanak; behinik behin, halaxe sumatzen du bere burua. «Etengabe berritzen ibili behar duzulako irudipena dago, nolabait. Garairen batean, igual, zaratarik handiena egiten zuenak izango zuen arreta erakartzeko gaitasunik handiena, beste inoiz azkarrenak lortuko zuen hori, baina, hainbeste buelta eman dizkiogu kontuari, eta hain gaude estimulatuta... nik behintzat ez daukat oso argi zer den hoberena».
Patroi zabalduena zein den galdetuta, zera erantzun du esatariak: «Imitazioa. Atzerriko artistak imitatzen ditugu, modu batera edo bestera, eta Euskal Herriko artistok elkar imitatzen ere aritzen gara. Egokitzat jo du joera hori, «normaltzat» ere bai, baina, iradoki duenez, badu arriskurik. Izan ere, nork asumitu lezake, adibidez, Beyoncerena egitea, beldurrik gabe?
Bat-batean, aurrez inolako abisurik eman gabe eta aurrerapen kantu bakar bat ere atera gabe album bat kaleratzeari esaten zaio Beyoncerena egitea, abeslari estatubatuarrak halaxe plazaratu baitzuen Beyoncé izeneko albuma 2013an, eta haren arrakastak goia jo zuenez geroztik hala izendatu da joera hori. Idigoras: «Ikusgarria da, pentsa daiteke hype-aren kulturaren kontra ere egiten duela, baina pribilegio bat da aldi berean. Artista txiki batek, hori eginez gero, lanaren irisgarritasuna mugatuko du segur aski». Kazetariak ez du adibiderik eman, baina euskal musikarien artean, Gorka Urbizuk Hasiera bat diskoarekin egindakoa izan da azken urteotako kasu sonatuetako bat.
«Guztiari baietz», ezinbestean
«Eta, dena dela, aspaldi utzi diogu natural izateari». Etsipen airearekin baina hori bera kasik saihestu ezinezkoa balitz bezala mintzatu da Idigoras musikariek beren obra banatzeko garaian izan ohi duten jokamoldeaz. «Zeren ulergarria ere bada, alde batetik». Haren ustez salbuespenetan baizik ez baitute bat egiten merkatuak ezarritako tempoak eta artistaren gogoarenak. «Normalean, artista batek lehenbailehen atera nahi izaten du jada prest daukan hori, ilusioak orduan jotzen baitu goia, eta, horri men egin beharrean, itxoin egiten da hedapenerako ustez egokiena izango den garai horretara arte». Bi aldi horien arteko tartean, nolanahiko itxaronaldi hori iragan bitartean, zerbait ez ote den galtzen, zalantza hori plazaratu du Idigorasek, «baina...».
Sentipen hori ezagun zaio Ana Arsuaga musikari eta BERRIAko kolaboratzaileari —Basilika podcast egitasmoko Klub Kutun saioaren gidari izandakoa ere bada—. Zehazki, halako zerbait gertatu izan zaio Verde Prato gisara disko bat ondu, hura behingoz kaleratu nahi bai, «baina...» haren kontratazio agentziak esan izan dion aldi oro hobe duela beste hilabeteren batean kaleratu. Eta hobe duela, gainera, single bat edo pare bat aukeratu, eta ahalegindu abestiek bideoklipak ere izan ditzaten, eta testu bat, «prentsarako-eta...». «Eta, batera edo bestera, nahi gabe ere, behartuta zaude estrategiak buruan izatera».Â
Promoziorako egindako edo egitea burutan izandako maniobrak aletzen hasi, eta zerrenda eten puntuekin bukatu beste erremediorik ez du izan Arsuagak. Hizpidera ekarri ditu, adibidez, kontzerturen baten aurretik Tiktokerako edo Youtubeko kanalen baterako eginiko elkarrizketa bizi-lasterrak, bai eta «bat-batean tipo batekin bilera bat» zeukala jakin eta batzar hori egin egin zuenekoa, «aukera batzuk aztertzeko». Sare sozialei ere egin behar izaten die so, «bestela...», eta podcastak ere ezin ahaztu. «Eta ematen du inoiz ezin duzula ezetzik esan».Â
Zerrenda atergabe horretan, hondar-hondarrerako utzi du hedabide konbentzionalei buruzko aipamena, eta horretan, preseski, ez da paradoxarik. Promoziorako eta musikaren zabalpenerako bide garrantzitsutzat dauzka oraindik ere, baina, iradoki duenez, mendekotasuna ez da lehenago bezalakoa. «Uste dut lehen sekulako mugarria izan zitekeela, adibidez, Radio 3 irratira joatea, eta gaur jada ez da hala. Neurri batean, Radio 3 jada ez baita musika deskubritzeko gure iturri nagusia, eta duela hogei urte igual bazen. Orain, agian KEXP irratira joatea izan daiteke mugarri, edo Tiny Desk eta Gallery Sessions ekimenetan aritzea». KEXP AEBetako irrati kate bat da, eta hara gonbidatutako artistek zuzeneko emanaldiak egiten dituzte; aipatu beste bi egitasmoetan ere, antzera: ikus-entzunezko landuetan biltzen dituzte hango eta hemengo artisten zuzenekoen grabaketak.Â
Nor eta zer den notizia
Idigorasek hedabide konbentzional batean dabilen kazetariaren talaiatik so egin dio auzi horri, hain justu. Arsuagaren sintonia bertsuan mintzo da gaiaz, eta, besteak beste, nabarmendu du «musika urbanoa deitzen zaion hori» boladan izateak ekarri duela aldaketa, partez bederen. Dioenez, estilo urbanoagoan zebiltzan askorentzat ez zen hain erraza komunikabideetarako bidea egitea, eta Interneten eta sare sozialetan aurkitu zuten barreiatzeko bidea. Joera horrek derrigor ekarri ditu aldaketak funtzionatzeko maneran; alde batean, batez ere. «Gehiagotan ikusi ditut komunikabideak medio berrietara egokitzen, artistak komunikabideei jarraika baino».
Eta, hortaz, nola jardun behar du kazetariak, baldin eta egoki eman nahi badu nobedadeen berri? Muga batzuk lausotu direla onartuta ere, komunikabideak oraindik ere «galbahe» direla uste du Erostarbek, arreta batera edo bestera zuzendu dezaketela askotan, neurri handi batean haiei baitagokie zehaztea zer den notizia eta zer ez. Eta kazetariak berak aurretiazko bilaketa zer-nola egin, funtsezkoa da hori. Nekez funtziona liteke orain dela berrogei urte bezala. «Kazetariarentzat ezinbestekoa da oraindik ere begi-belarriak erne izatea, eta adi erreparatzea, sare sozialetan zein plataformetan mugitzen denari, hedabide nagusietako bogako korronte eta taldeei eta garaian garaiko hype-ei ez ezik, baita lekuan lekuko eszena txikiei ere, zirkuitu eta hedabide independenteetan eta lokalagoetan mugitzen denari, eta mugitzen den horrek dakartzan oihartzunei zein aurrekoekiko loturei zein hausturei».Â
Kate baten gisara ere aurkez daiteke musikarien premien segida: haien musikak entzuleengana iristeko modua behar du, horrek oihartzuna ekar dezan, eta oihartzuna kontratazio bihurtu dadin gero. Izan ere, artista gehienentzat, zuzeneko emanaldiak izaten dira diru iturri nagusia, nahiz eta, Arsuagak aipatu duen gisara, halakoek ere ez duten bermatzen proiektua bideragarri izatea: «Arazo handiena prekaritatea da, eta askotan gertatzen da kontratatu bai baina baldintza onak ez bermatzea».Â
«Zenbaki kontu bat egoten da hor [programatzaileen buruetan]: entzunaldi asko pilatzen dituzten artistak kontratatu nahi izaten dituzte, eta ez hori bakarrik, baita Instagramen jarraitzaile asko dituztenak ere»
ANA ARSUAGAÂ Musikaria
Kontratazioen ertzari loturik, programatzaile baten buruan sartzeko eskatu dio BERRIAk Arsuagari, eta zera aitortu du musikariak: «Zenbaki kontu bat egoten da hor: entzunaldi asko pilatzen dituzten artistak kontratatu nahi izaten dituzte, eta ez hori bakarrik, baita Instagramen jarraitzaile asko dituztenak ere». Salbuespenak badirela ere esan du, dena den.
Plataforma digitaletako datuak helduleku izatea bera irizpide tranpatia ez ote den, duda dute bai Arsuagak eta baita Idigorasek ere. Gazteako esatariaren arabera, kantu baten entzunaldiek eta artista baten hilabeteko entzule kopuruak ez dute zertan zintzo islatu musikari horrexek zenbat ikusle erakar ditzakeen areto batera. Eta hainbat arrazoirengatik gertatzen da hori, dioenez. Spotifyren kontrako boikotak plataforma digitalak «heterogeneizatu» izana aipatu du, batetik, eta zehaztu du, hain zuzen, Qobuz, Deezer, Apple Music eta bestek ez dituztela agerian uzten kantuen entzunaldi kopuruak. «Hortaz, programatzaileak jada ez du halako lasterbiderik jakiteko ea zer den ustez arrakastatsua; hobe horrela». Eta, bestalde, zer gertatzen da, adibidez, bi artistaren arteko kolaborazio bat plazaratu eta bataren eta bestearen ohiko entzuleak nahasten direnean? Edo kantu bat nolanahiko abesti zerrenda batean kabiarazi dutelako haren entzunaldiak kolpez puzten direnean? «Badira halako tranpak eta estrategiak, gauzak biziatzeko moduak, eta horrek are irrealagoa bihurtzen du guztia».Â
«Segur aski infoxikaziora bueltatuko gara, baina uste dut jendea jada hasia dela gelditzeko beharra nabaritzen, bai musikariak bai entzuleak, eta izan daiteke osasun mentalagatik ere, baina gauza organikoetara itzultzen ari gara»
JULEN IDIGORASÂ Kazetaria eta musikaria
Horrek guztiak entzuleari berari nola eragiten dion ere kezka iturri du Idigorasek aspaldi. Horixe azaldu zuen, izatez, 2024ko abenduan Gasteizko Jimmy Jazzen euskal eszenaren inguruan antolatutako solasaldi batean mintzatu zenean ere, ez ote den musika modu «pasiboagoan» entzuten oro har. Ideia hori ekarri du hizpidera orain ere. «Euskarri digitaletan, diagonalean ere aditu dezakegu musika, irakurtzean egin daitekeen bezala, salto eginez etengabe, eta uste dut algoritmoa dela gaitz handiena horretan». Norberaren irizpidea «alfertu» egiten duelakoan dago.
Eta, hala eta guztiz, dena ez da ilun, Gazteako kazetariaren ustez; behintzat, uste du dena ez doala etengabe okerrera orain. «Ziklikoa da, eta segur aski infoxikaziora bueltatuko gara, baina uste dut jendea jada hasia dela gelditzeko beharra nabaritzen, bai musikariak, bai entzuleak, eta izan daiteke osasun mentalagatik beragatik ere, baina gauza organikoetara itzultzen ari gara, eta gurpiletik jaisten, tarte baterako behintzat».Â