Musika

Euskal Herriko 162 musika taldek utzi egin dute Spotify, Musikariak Palestinarekin egitasmoarekin bat eginda

Egitasmoak gaur artean urratutako bidea aletu dute Iruñean eginiko agerraldian: abuztuan jarri zuten martxan, eta 650 musikaritik gora dira orain haren inguruan. Boikotari eusteko asmoa nabarmendu dute, eta entzuleak ere deitu dituzte horretara.

Musikariak Palestinarekin plataformako hainbat kide, gaur, Iruñeko Katakraken. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Musikariak Palestinarekin plataformako hainbat kide, gaur, Iruñeko Katakraken. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko azaroaren 18a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Multinazionalen esku dagoen plataforma batek, dena delakoa izanda ere, nekez ditu eskuak garbi. Gaur, nolanahi ere, horietako bat seinalatzera gatoz: Spotify». Ez da salatzen duten lehenbiziko aldia, marmarra aspaldi hasi zen, eta jadanik zenbait hilabete joan dira itzulingururik gabe adierazten dutenetik Spotifytik aparte nahi dutela egon. Diotenez, lehendik ere bazituzten horretarako motiboak, baina, ekainean, Spotifyren eta Israelgo teknologia militarraren arteko loturaren berri izandakoan jo zuen goia ezinegonak. Abuztuan hasi ziren musika plataformaren kontrako mugimendua aktibatzen, elkarren artean saretzen. Eta musikari gutxi batzuk ziren hasieran, baina ehunka dira orain, egitasmoa jendaurrean aurkeztu dutenerako: Musikariak Palestinarekin izena du ekimenak. Iruñeko Katakraken aurkeztu dute. 

Spotifyren kontrako boikota da Musikariak Palestinarekin egitasmoaren ekinaldi nagusia, eta deialdi horrek eskuratutako emaitzak nabarmendu dituzte prentsaurrekoan, batik bat: 162 musika taldek egin dute bat boikotarekin; 650 musikari inguruk. Haiek guztiek desagerrarazi dute beren musika Spotifytik. Urrats hori egin dutenen eta egitasmoari atxikimendua adierazi dietenen artean dira, besteak beste, Aiert, Audience, Broken Brothers Brass Band, Dena, Eire, Esanezin, Fermin Muguruza, Gaizka Insunza, Ibil Bedi, Joseba Irazoki, La Furia, Lide Hernando, Maruxak, Monsieur leCrepe, Mice, Mikosis, Nakar eta Perlata. 

Spotifyri kontra egiteko behar zuten azken bultzada Daniel Ek musika plataformaren buruak eman zien azkenerako, azaldu dutenez —Miren Narbaiza Mice-k irakurri du manifestua egitasmoaren izenean—. «Bi urte pasatxo dira Israelgo estatu sionistak bortizki gogortu zuela palestinar herrian aspaldi gauzatzen ari den okupazioa. Hondoko zarata bihurtu zaigun hori genozidio bat da, eta testuinguru horretan izan genuen askorendako urak gainezka egiteko falta zen tanta izan denaren berri». Izan ere, orduan zabaldu zen notizia hau: Spotifyren buruak kasik 700 milioi euroko inbertsioa egin dio Helsing Defense armagintza enpresari, eta hark harreman zuzena du Israelgo hainbat enpresarekin. 

Gehiago izanen direlakoan

Abuztuan, bi musika taldek piztu zuten Musikariak Palestinarekin egitasmoa sortzeko lehenbiziko txinparta, irailerako beste batzuk ere batu zitzaizkien, eta atez ate jardun dira ordutik, atxikimendu bila. «Lagunekin hasi, ezagunengana hurbildu eta ezagunen ezagunengana heldu dira talde motorreko kideak. Zalantzak eta beldurrak tarteko, ilusioa eta esker ona ere topatu dute bidean», kontatu du Narbaizak. Gainera, sareko kideek nabarmendu dutenez, sinetsita daude aurrerantzean are eta musikari gehiagok eginen dutela bat egitasmoarekin. «Geruza asko ditugu ukitzeko». Hala eta guztiz, ohartarazpena ere egin dute egitasmoko kideek: esan dute ez dutela moralkeriatan aritzeko asmorik boikotarekin bat egin ez dutenekin, «are gutxiago gremiokideak seinalatzeko xederik». Kasuan-kasuan egoerak diferenteak direla onartu dute. 

«Jakinik Spotifyrendako ez garela inor, asmo hori bera bultzatu nahi dugu kontrako norabidean: Spotify ez dadila ezer izan guretzat»

MUSIKARIAK PALESTINAREKIN 

Haiek tinko eutsiko diote boikotari, dena dela. «Argi dugu, gure kultur ekosistemaren egoera gaur egungoa izanda ere, beste behin kritiko izatea tokatzen zaigula gure dirua non utzi erabakitzeko orduan», argudiatu dute sareko kideek. «Jakinik Spotifyrendako ez garela inor, asmo hori bera bultzatu nahi dugu kontrako norabidean: Spotify ez dadila ezer izan guretzat». Hain zuzen ere, boikotaren eragin ahalmenaz ere gogoeta egin dute musikariek hilabeteotan. Agerraldian azpimarratu dutenez, jakitun daude «apenas» dutela musika plataformaren egoera ekonomikoan eragiteko gaitasunik, baina, diotenez, besterik da boikoit kolektibo batek eta haren bidez zabaldutako mezuak zer lor dezaketen. Hain zuzen, agerraldian Aiert Alberdi musikariak hartu du hitza gai horri buruz gogoetatzeko. «Oso kontziente gara ez dagoela baldintzarik Spotifyren kontrako gerra ekonomiko baterako, baina uste dugu Spotifyren inbertsio milioidunak mediatikoki edukitako oihartzuna izan daitekeela aukera bat euskal gizartean sionismoaren kontrako politizazioan sakontzeko eta kaleko antolakuntzara dei egiteko», azaldu du. 

Hain zuzen, entzuleei ere zabaldu diete mezurik agerraldian. Musikariei ez ezik, haiei ere helarazi baitiete Spotifyri boikot egiteko deia. Alberdik nabarmendu duenez, «mugak muga», entzuleen artean ere hedatu beharra dago gaiaren inguruko kontzientziazio politikoa. «Are gehiago jakinik entzuleak ez direla entzuleak bakarrik, badirela herritarrak, agente politikoak, izan daitezkeela gaztetxeetako militante edo bestelako espazioetan partaideak». 

boikotarekin bat egin duten taldeetako batzuk

  • Amaren Alabak.
  • Adur.
  • Argazki bat behelainoan.
  • Bi Zaldi.
  • Borla.
  • Bloñ.
  • Chuleria Joder!
  • Galder.
  • Hiuzz.
  • Ines Osinaga.
  • Ithaka.
  • Kortatu.
  • Kokein.
  • Labar.
  • Mahl Kobat.
  • Mursego.
  • Naxker.
  • Nhil.
  • Orbel.
  • Pelax.
  • Xak.
  • Xutik.
  • Zinez

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.