Ekainean argitaratu zituen Eldiario.es hedabideak Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko harpa irakasle baten kontrako salaketak. Zehazki, hamar ikaslek umiliazioak, irainak, alor akademikoari loturiko kalteak eta min fisikoak eragiterainoko gehiegikeriak salatu zituzten, baita salatutakoa lekukoek berretsi ere. Hala, testigantza horiek esku artean, Musikenek ikerketa bat abiatzeko konpromisoa adierazi zuen, eta jakinarazi berri du ikerketaren lehen fasearen emaitza: hasteko, zentroak diziplinazko espediente bat ireki du, eta, jarraitzeko, irakaslea kanporatu du, espedientea bideratu eta ikerketa amaitu arte, gutxienez.
«Ikerketaren lehen faseak agerian utzi du egon badaudela ikasleen ongizatean eragin negatiboa izan dezaketen egoera eta jarduera batzuen zantzuak». Horixe adierazi du Musikenek harpa ikasleei bidalitako ohar batean. Aldi berean, zentroak ikerketa «sakon» bat egin duela ziurtatu du, eta horretarako hogei lagun entzun dituela: tartean, egungo ikasleak, ikasle ohiak eta «zerikusia» izan zezaketen bestelako kideak.
Lehen fasea amaituta, Musikenek adierazi du aurrerantzean garatuko duen prozesuari esker gertakariak argitu ahal izango direla, eta hala «erantzukizunak» zehaztu ahal izango dituela, «betiere aurreikusitako berme guztiak zainduta». Hain zuzen, hori lortzeko bidean eta kautelazko neurri gisa, egokia ikusi dute harpa irakaslea bere eginkizunetatik at uztea. Instituzioak hala azaldu du ohar bidez: «Lanean jarraituko dugu Musikene hezkuntza komunitate osoarentzako espazio segurua, errespetuzkoa eta konfiantzazkoa izan dadin».
Salatutako irakasleak hamabost urte zeramatzan Musikenen irakasle, 2011tik gaur egunera, eta, bitarte horretan, ikasleek behin baino gehiagotan idatzi zituzten haren aurkako kexak.