Musikeneko harpa irakasle batek tratu txarrak eman dizkiela salatu dute zentroko hamar ikaslek

Umiliazioak, alor akademikoari loturiko errepresaliak eta kalte fisikoak salatu dituzte, besteak beste. 2025era arte, irakaslea Parisko zentro batean ere jardun zen lanean, eta han ikasle izandako batek ere adierazi du andreak tratu txarrak eman zizkiola.

Donostiako Musikene zentroa, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Donostiako Musikene zentroa, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko ekainaren 22a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko irakasle baten kontrako salaketak azaleratu ditu Espainiako Eldiario.es hedabideak plazaratutako ikerketa lan batek. Zentro horretako harpa irakasle batekin loturikoa da auzia. Agerkariak zabaldutako informazioaren arabera, hamar ikaslek salatu dute irakasleak tratu txarrak eman dizkiela, eta haien testigantzak berretsi dituzte hainbat lekukok. Umiliazioak, askotariko irainak, alor akademikoari loturiko kalteak eta min fisikoak eragiterainoko gehiegikeriak salatu dituzte, besteak beste. Urteetako kontua da, gainera, diotenez; irakaslea 2011n hasi baitzen Musikenen lanean, eta salatzaileen esanetan ordutik eta orain arte luzatu baitira tratu txarrak. Hamabost hilabeteko ikerketa prozesu baten ondoan argitaratu du informazioa Eldiario.es-ek, eta hark albistea zabaldu eta gutxira erantzun du Musikenek. Ikerketa bat abiatzeko konpromisoa azaldu du ikastegiak, baina esan du orain artean ez dutela ezein salaketaren berririk izan.

Salatzaileak 20 eta 40 urte artekoak dira; gizonak eta emakumeak daude tartean. Eta, berriki azaleratutako informazioaren arabera, haietako batzuek musika ibilbideari uko egin diote irakaslearen tratu txarren ondorioz. Jazarpenaren larritasuna nabarmendu du El.diario.es-ek, eta zenbait adibide eman ditu, orobat. Esate baterako, salatzaileetako batzuek kontatu dute min fisiko biziak ere jasan dituztela urteetan, irakasleak modu jakin batean joarazten duelako instrumentua, bortxaz. 

Donostiako zentroko ikasleen testigantzak ez ezik, harpa irakasle berberarekin Parisen jasandakoak ere salatu dituen beste lekukotasun baten berri ere eman dute, gainera. Irakaslea, Musikenen bakarrik ez, Parisko kontserbatorio batean ere jardun zen lanean zenbait urtez, eta orduan ikasle izandako emakume batek ere salatu du tratu txarrak eman zizkiola. 

Argitara ateratako salaketak guztiak «erne aztertzeko eta ikertzeko» konpromisoa azaldu du Musikenek orain, eta berretsi du bere hezkuntza komunitatearen «ongizatearen» alde jokatuko duela. Are, nabarmendu du zentroak «beti» jokatzen duela horrela ikasleen edo hezkuntza komunitateko zernahi kideren «kexak» jasotzen dituztenean. Zabaldutako oharraren arabera, gainera, ikasturte honetan zenbait aldiz bildu dira harpa ikasleekin, eta batzar horietan hizpide izan dute, esaterako, «ea min fisikorik izan ote den» eta «nolakoa zen eskoletako giro orokorra». Edonola ere, zera nabarmendu dute orain: zentroak arretaz entzunen dituela zernahi kalte jasan duen «edozein pertsonaren» testigantzak. Inork halako premiarik balu bide ofizialak baliatu eta zentroko arduradunekin harremanetan jar daitezela gomendatu dute, zehazki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA