Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikus-entzunezkoetako teknikariek zenbait lanuzte egin dituzte udan, lan baldintzak hobetuko dizkien hitzarmen baten alde. Atzeragotik dator soka, eta protestan dabiltza arlo horretako Nafarroako beharginak ere. Salatu dute patronalarekin bi urtez negoziatzen ibili ostean ez dutela lortu adostea lan egoera hobetuko eta arautuko dien hitzarmen bat; are, salatu dute «isiltasuna» izan dutela erantzun. Hala, LAB sindikatuak deituta, greba egingo dute larunbatean, eta aurreratu dute mobilizazio aldi berri baten lehen geltokia izan daitekeela hilaren 10ekoa.
Lau elkarretaratze egingo dituzte: 11:00etan Nafarroako Jauregian, 12:00etan Baluarte aretoan, 18:30ean Gaiarre antzokian, eta 20:00etan berriro ere Baluarten.
Hain justu, Baluarten ari dira egiten egunotan Iruñeko Topaketetako ekintza ugari, eta larunbat iluntzerako programatuta zegoen dantza emanaldia, Ash izenekoa, bertan behera utziko dutela iragarri dute topaketen antolatzaileek. «Beharrezko baldintza teknikoak» bermatu ezin dituztelako hartu dute erabakia, eta dirua itzuliko diete sarrera hartuta zeukatenei. Egun horretan egitekoak diren gainontzeko saioei, hitzaldiei eta elkarrizketei eutsi egingo diete, betiere «grebak eragindako baldintzetara egokituta».
«Ikuskizun bakoitzaren muntatzearen eta desmuntatzearen atzean, eszenatoki bakoitzaren atzean eta talde tekniko bakoitzaren atzean langileak daude, eta langile horiek lan baldintza duinak eta egonkorrak merezi dituzte», defendatu dute sindikatuko ordezkariek. Sektorearentzako lehen lan hitzarmena litzateke borrokatzen ari direna.