Nak Fusioa jaialdiak musikaz beteko ditu Iruñeko aretoak

Gaur hasiko da festibala, eta gai nagusia fusioa izanen da. Kontzertuez gain, soinuekin esperimentatzeko formakuntzak egonen dira

Elisa Urrestarazu saxofoi jotzailea. NAK FUSIOA 2021.
Olaia L. Garaialde.
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Gaur arratsaldean abiatuko da 2021eko Nak Fusioa, Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdia; ospatzen duten zazpigarren aldia da, eta aurtengo gai nagusia fusioa izango da. Jaialdiak hainbat helburu ditu, hala nola tokian tokiko musikagileei eta interpretatzaileei babesa ematea, abangoardia musika sortzen duten egitasmoak sustatzea, eta sortzaileen eta publikoaren arteko topalekua izatea. Gaurtik irailaren 18ra arte izanen da jaialdia, Iruñeko zenbait aretotan.

Hiru sailetan antolatuta dago egitasmoa, eta bakoitzak helburu bat dauka: Nak Kontzertuak, Nak Txiki eta Nak Didaktikoa. Lehenak ikertzea, sortzea eta antzeztea du xede; bigarrenak, publiko berriak sortzea; eta hirugarrenak, berriz, ikasleen garapen musikala piztea eta bultzatzea.

Jaialdian 50 artistak baino gehiagok parte hartuko dute; esate baterako, Garaikideak musika zentroa, Kuarist, Miren Karmele Gomez eta Belen Otxotorena. Iruñea musikatuko duten lehenak Otxotorena eta Kuarist saxofoi laukotea izanen dira. Kua-kua... Kuarist! obra estreinatuko dute, 18:00etan, Civican aretoan. Leda eta zisnea izeneko mito grekoan oinarritutako ipuin musikatua da.

Larunbatean, Spanish Brass taldeak Al-legories obra aurkeztuko du, 20:00etan, Baluarten. Lan horrek zenbait diziplina artistikoren eta printzipio metaforikoren arteko fusioa islatzen du, eta soinu dramaturgiak eta dramaturgia eszenikoak bat egiten dute.

Gaur zortzi lekukoa hartuko du Tomomi Kubbo musikagile, inprobisatzaile eta interpreteak. El retrato del sonido (Soinuaren erretratua) kontzertua eskainiko du, 20:00etan, Kondestablearen jauregian. Martenot uhinak instrumentua jotzen du; teklatu bat, bozgorailu bat eta frekuentzia baxuko sorgailu bat uztartzen dituen instrumentua da.

Zenbait saxofoiren eta gitarraren arteko fusioa esperimentatzeko asmoarekin, Pilar Rius gitarra jotzaileak eta Elisa Urrestarazu saxofoi jotzaileak Ómicron XXI kontzertua eskainiko dute, hilaren 11n, 20:00etan, Kondestablearen jauregian.

Formakuntzak

Kontzertuez gain, tailerrak ere eskainiko dituzte. Adibidez, Befaco plataformak bi formakuntza saio eskainiko ditu, Sintetizadore modular analogikoen muntaia eta Sintesi sustratibotik sortutako soinu modulazioa izenekoak. Irailaren 11n eta 12an izanen dira, hurrenez hurren, eta CTL soinu eta irudi formakuntza eskolan biak. Ikastaroetan izena emateko epea zabalik egonen da irailaren 8ra arte.

Musika berriaren eta teknologia berrien hizkuntzatik abiatutako Fusioa izeneko kontzertuak amaiera emango dio jaialdiari, hilaren 18an, Baluarten. Garaikideak musika zentroa eta Miren Karmele Gomez artista sinestesikoak sortutako pieza bat da. Errealitate birtualeko hiru dimentsioko betaurrekoen bidez Gomezek zuzenean entzungo eta ikusiko dituen lanak aldi berean marraztu eta proiektatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.