Naturaren inguruko hausnarketa bat plazaratu dute BBVAren erakusketa berrian

‘Mundu baten aukera’ du izena erakusketak, eta Bilboko San Nikolas jauregian egongo da, bihartik aurrera. 44 artistaren lanek osatzen dute: haien artean daude, besteak beste, Carmen Calvo, Mari Puri Herrero eta Miquel Barcelo.

Sixe Paredes, 'Lurra' lanarekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Sixe Paredes, 'Lurra' lanarekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2026ko uztailaren 8a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Mundua desorekan dagoen honetan, artea itxaropen izpi bat da: ez da erantzun bat, hausnartzeko gonbit bat baizik». Hala justifikatu du Alfonso de la Torre komisarioak naturaren inguruko arte erakusketa bat osatu izana. Izan ere, BBVAren bilduman dauden piezak hartu, eta Mundu baten aukera. Naturaren ikuspegiak BBVA bilduman erakusketa sortu du. Artelanok, batzuk Euskal Herrian oraindik aurkeztu ez direnak, bihartik aurrera egongo dira ikusgai Bilboko San Nikolas jauregian, urriaren 12ra arte. Besteak beste, Carmen Calvoren, Mari Puri Herreroren eta Miquel Barceloren lanak izango dira bertan.

Guztira 44 artistaren lanak bildu dituzte erakusketan, «naturan egiteko paseo bat eskaintzeko» ideiatik abiatuta. Gaur egin dute erakusketaren aurkezpena, eta bertan eman dituzte ikusgai egongo denaren xehetasunak. Bi bloketan dago banaturik erakusketa: Ikusi. Natura, abstraktua? batetik, eta Begietsi, su bat bezala. Elementuak bestetik. Aurrenak nolabaiteko bidaia bat egiten du XVII. mendetik gaur egunera arte, naturarekiko harremana kulturan nola aldatu den islatzeko. Hau da, paisaia bere horretan margotzetik hura era abstraktuago batean ulertzerainoko bidaia bat da.

Bloke horretan aurkitu daitezke Dario de Regoyosen Ostadarra, Irun eta Miquel Barceloren Hondo berdean dauden itsuentzako paisaia; estiloz batere antzik ez duten bi lan. Baita Jan van der Meeren Udazkeneko paisaia ere, besteak beste.

Bigarren blokeak esperientzia «murgiltzaileagoa» proposatzen du, lau elementuen bitartez. Airearekin lotutakoek «mugimendua, bibrazioa eta ikusezina dena» erakusten dute. Artelan horien artean topa daiteke Moises Villeliaren Txoritxo bat eskultura. Urarekin lotutako lanek, berriz, «memoria eta eraldaketa» aztertzen dituzte. Sail horretan dago Fernando Zobelen Las Angustias iturburua, adibidez.

Beste bi elementuak lurra eta sua dira. Hurrenez hurren, «Jatorria, materia eta sustraiak», eta «energia, argia, suntsiketa eta birsortzea» dituzte hizpide. Erakusketaren ertz horietara gerturatuz gero, Sixe Paredesen Lurra eta Mari Puri Herreroren Eguna aurkituko dituzte bisitariek.

Din Matamororen 'Pantaila urdina' koadroa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Din Matamororen 'Pantaila urdina' koadroa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Artelan horiek bilduta, naturarekin harreman «kontzienteago, sentikorrago eta arduratsuago bat» eratzeko tartea eskaini nahi dute; hala adierazi dute erakusketaren antolatzaileek, behintzat. Eta izenburuan bertan erakutsi dute nahi hori. Izan ere, Jean-Luc Nancy filosofoaren testu batetik atera dute «mundu baten aukera». Filosofo frantses horrek mundu «orekatuago» baten alde egiteko eskatzen du testuan.

Erakusketarako sarrera doan da, eta audiogida deskargatzeko aukera egongo da: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Gainera, bisita gidatuak egiteko aukera dago: asteazkenero 17:30ean, eta larunbatero 12:00etan. Erakusketa hala ezagutu nahi duenak aurretik eman beharko du izena.

De la Torrek jakinarazi duenez, koadro eta eskulturetatik harago doa erakusketa. Azaldu duenaren arabera, musikak eta literaturak ere garrantzia dute ibilbidean. Juan Gomez Alemany musikologoak abesti zerrenda bat prestatu du «erakusketaren bigarren ahotsa» izan daitezen. Besteak beste Antonio Vivaldi, Richard Wagner, Georg Friedrich Haendel eta Toshio Hosokawa konpositoreek sortutako doinuen bitartez, antolatzaileek «natura beste era batera irudikatzeko aukera» eskaini nahi diete bisitariei.

Literaturari dagokionez, koadroen artean zenbait testu zati tartekatu dituzte, naturaren inguruko hausnarketa hori beste ertz batetik abiatzeko. Edvard Munchen, Claude Estebanen eta Pascal Quignarden pasarteak daude, adibidez.

«Elkarrizketarako lekua»

BBVAko eskualdeko zuzendari Marta Alonsok erakusketa honen gisako ekinaldien garrantzia azpimarratu du. Esan duenez, «garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala» bultzatzen duten ekintzak antolatzea du xede erakundeak. «Topaketarako, ezagutza partekatzeko eta elkarrizketak sortzeko guneak ireki nahi ditugu gure hirian», gaineratu du Alonsok.

BBVAren bilduma goraipatu du De la Torrek, «museoen museoa» dela adierazita. Izan ere, milaka artelan ditu bankuak mundu osoan. Maria Luisa Barrio bankuko bilduma eta artxibo historikoko arduradunak azpimarratu duenez, XX. mendearen bukaeran bankuak ziren mezenas nagusiak: «Gaur egun entzutetsuak diren artista askoren lehen lana banku batek eskatu zuen». 150 bankuren baino gehiagoren artelanak batuz osatu dute BBVAren bilduma.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA