Zinema

‘Negu hurbilak’ filma saritu dute Locarnon

Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso du Negu kolektiboaren opera prima-k Suitzan, Locarnoko 76. zinema jaialdian. Euskal Herriko eta Kataluniako ekoizpena da.

Filmeko lantadeko kideak, Locarnoko jaialdian eginiko sari emate ekitaldian. MAIDER GALARDI F. AGIRRE
Berria
2023ko abuztuaren 12a
15:51
Entzun

Locarnoko nazioarteko zinema jaialdiko 76. aldiko Cineasti dei presenti sailean aurkeztu du, asteon, Negu Kolektiboak bere aurreneko filma, Negu hurbilak. Eta saria esku artean dutela itzuliko dira etxera egileak. Hain zuzen, Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratu du lanak gaur egin duten sari emate ekitaldian.

Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofreek eta Adria Rocak zuzendu dute Maluta Filmsek eta Cornelius Filmsek ekoitzitako lana. 2011. urtean arrazoi politikoengatik ihesean ari den emakume gazte baten egoera kontatzen du, mugako herri batera, Zubietara (Nafarroa) heltzen delarik. Analogikoan —16 mm-an— filmatu dute egileek.

Kolektiboko kideen hitzetan, «egun hauetako esperientzia biribiltzeko modua» da epaimahaiaren aitortza jaso izana: «Hemen egotea jada saria izan da, eta jaialdiak eman digun babesa, sekulakoa. Gure lehen lana hemen aurkeztea sinestezina zen, eta are sinestezinagoa da orain sari honekin itzultzea etxera. Etorkizunera begira ate asko irekiko dizkigu».

Izan ere, aurrekontu txikiarekin egindako filma da Negu hurbilak. Jone Laspiur da filmeko aktore profesional bakarra, eta gainerako partaideak Zubietako herritarrak dira. Bi urtez aritu dira bertan filmatze prozesua egiten, eta taldekoek azpimarratu dute esperientzia horren berezitasuna: «Herriak harrapatu gintuen, eta herritarrek denbora honetan egin diguten harrera izugarria izan da». Hain justu, filmaren aurkezpen egunean euskaraz eman zizkioten herriari eskerrak, eta aitortza jasotzean ere zubietarrez oroitu dira.

Bartzelonako ESCAC zinema eskolan ikasitako kideek osatzen dute Negu Kolektiboa. Beren opera prima-ren nazioarteko estreinaldia zuten Locarnon, eta bertan jaso du filmak aurreneko errekonozimendua. Egile zineman espezializatuta egoteagatik da ezaguna, besteak beste, Suitzako zinema jaialdi hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.