Jon Urzelai
Bi ahotsetara

'New Normal III' (zure kebaba)

2024ko otsailaren 25a
05:00
Entzun

2021eko otsailaren 14an publikatu zuten Zure kebapa abestia Youtuben. Chill Mafia eta Tatxers ageri ziren autore gisa, orduan inor gutxik ezagutzen zituen izen bi.

Chill Mafiak Gasteizko Jimmy Jazz, Bilboko Santana 27 eta Donostiako Dabadaba aretoa bi bider jarraian bete ditu geroztik, besteak beste; Espainiako Estatu osoan zehar eman dituzte kontzertuak; Kiliki Frexko ETBko talent show batean ikusi ahal izan dugu; hamaika tokitan elkarrizketatu dituzte, baita El Mundo-n ere, pentsa. Tatxersek bete du Kafe Antzokia, Euskal Herri zabaleko hamaika txokotan aritu dira, baita Frantziako eta Espainiako Estatuetan ere. Beste hainbat musika talde ere sortu dituzte: Sei Sega, Borla eta Kotoi, adibidez.

Chill Mafiak Last Tour promotorearen Oso Polita egitasmoarekin sinatu zuen; Tatxersek punkaren bueltan espezializatutako TAE eta Flexi Discos zigiluekin argitaratu du azken diskoa; musika urbanoaren —ai, etiketa— euskal izarrak Primavera Sounden aritu dira, baita BBK Live, BIME eta Sonica jaialdietan ere; Tatxersek areto txikietan eta gune autogestionatuetan eman ditu kontzertu gehienak; chillma-k Astore markarekin arropa kaleratu du; Tatxerseko kideek hainbat kamiseta diseinatu dituzte, Zikin taldearentzat edo Soinu Basatiak kolektiboarentzat, esaterako; nagusiki gaztelera erabiltzen dute batzuek, euskara hutsean ari dira besteak.

Aldeak alde, bi taldeetako kideak lagunak dira, featuring bat egiteko beste. Arazorik ez horretan, nola ba! Auzia gehiago da egungo panoramaz aritzea: rockismo-aren garaiko etika indie-az —ai, etiketak— eta popismo-aren «denak balio du» paradigmaz. Dena ez da horren sinplea, ordea; mugak lausoak dira, zalantzak hamaika. Normaltasunik eza omen normaltasun berria; dena da kaotikoa, oro aldakorra eta hauskorra. Aldarriak, festa, unean unekora kondenatua izan eta berau zukutu nahia, bizimodu duin bat izateko gosea, mundua aldatu beharra, ezina edo ezaxola. Pop izarra, gangsterra, iraultzailea, arduratsua, denak batera nahas-mahasean. Auzoko kebaba igandeko goizeko seietan, halakoxe zerbait.

Egunak argituko a(ha)l du halako batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.