Nicole Garcia, Maha Harada, Pablo Larrain, Mike Leigh, Hans Petter Moland, Benjamin Naishtat eta Yesim Ustaoglu zinemagileek Donostiako 74. Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztuko dituzte euren azken filmak, eta guztiak izango dira Urrezko Maskorra lortzeko lehian. Gaur jakinarazi dute zazpi film horiek jaialdian izango direla, eta, beraz, joan den astean aurkeztutako beste hiruri batu zaizkie, alegia, Roberto Buesoren El mal padre, Mikel Gurrearen Sants eta Javier Ruiz Calderaren 5 minutos mĂ¡s filmei. Donostiako 74. Zinemaldia irailaren 18tik 26ra egingo dute.
Erlazionatuta
Sail Ofizialean izango diren zinemagileetako batzuk aski ezagunak dira Donostian, aurretik ere lehia nagusian izan direlako edo, zenbait kasutan, bestelako sailetan aurkeztu izan dituztelako beren filmak. Pablo Larrain zinemagile txiletarrak, adibidez, Horizontes Latinos sailean erakutsi zituen bere garaian Tony Manero (2008), Post Mortem (2010) eta El club (2015), eta Perlak sailetik igaro ziren, berriz, No (2012), Neruda (2016) eta Ema (2019). Orain dela bost urte, gainera, zinemaldiko filmen arteko sorpresa izan zen Larrainen Spencer, Diana Spencer Lady Di-ri buruzko film pertsonala.
Aurten, berriz, Mis muertos tristes lanarekin lehiatuko da Sail Ofizialean. Mariana Enriquez idazlearen lau kontakizunetan oinarritutako telesail bat da, berez, Mis muertos tristes, baina Donostian film luze formatuarekin emango dute. Filmeko protagonista Ema da, hildakoak ikusteko eta entzuteko gai den emakume bat. Aktoreen artean daude Mercedes Moran, Dolores Fonzi eta Carolina Alvarez.
Benjamin Naishtat zinemagile argentinarraren Rojo filmak zuzendari onenarentzako eta gizonezko aktore onenarentzako Zilarrezko Maskorrak eskuratu zituen 2018an, baita argazki onenarentzako saria ere. 2023an ere Sail Ofizialean lehiatu zen Naishtat, Puan lanarekin, eta orduan ere bi sari irabazi zituen: gidoi onena eta interpretazio nagusi onena —Marcelo Subiottok eskuratu zuen—. Oraingoan, Glaxo filmarekin lehiatuko da Naishat Donostian. Hernan Ronsinoren izen bereko eleberrian oinarrituta idatzi du gidoia, eta antzezleen artean daude Lali Esposito, Esteban Bigliardi eta Subiotto bera. Istorioa 1957an girotua dago, Argentinako herri lasai batean: polizia komisario ohi bat eta haren emaztea iristean, herriko lau gazteren arteko lotura hautsi egingo da.
['Glaxo'] 1957an girotua dago, Argentinako herri lasai batean: polizia komisario ohi bat eta haren emaztea iristean, herriko lau gazteren arteko lotura hautsi egingo da
Orain dela bi urte Hard Truths filma Sail Ofizialean estreinatu ondoren, Mike Leigh zinemagile ingeles beteranoa lehiara itzuliko da aurten, Tender Loving Care filmarekin. Marion Bailey, Paul Jesson, Kate O’Flynn eta Alice Bailey Johnson protagonista dituen lan luze honetan, zuzendariak «mundu garaikidearen esplorazio zorrotzarekin jarraitzen du», Donostiako Zinemaldiak ohar bidez azaldu duenez. Nazioarteko zinema jaialdi nagusietan behin baino gehiagotan parte hartu du Leighek, eta haren pelikulek sari ugari jaso dituzte. Esaterako, 1996an Urrezko Palma irabazi zuen Cannesen Secret and Lies-ekin, eta hori baino lehen, 1993an, zuzendari onenaren saria jaso zuen jaialdi berean, Naked lanarekin. Vera Drake filmak, berriz, Urrezko Lehoia irabazi zuen 2004ko Veneziako Zinemaldian.Â
Hain ezaguna ez izan arren, Yesim Ustaoglu zinemagile turkiarrak ere badaki zer den Donostian lehiatzea eta saritua izatea. Izan ere, Urrezko Maskorra irabazi zuen 2008ko jaialdian, Pandora'nin Kutusu / Pandora's Box filmarekin. Oraingoan, Artakalan / What Remains filma aurkeztuko du Sail Ofizialean: emakume poeta baten barne bidaia da istorioaren ardatza. Bere bizitzako ordena itogarria hautsiko du emakumeak, bere kontzientziarekin berriz konektatu eta inguruko guztia zalantzan jartzeko.

Hans Petter Moland zuzendari norvegiarra Zero Kelvin lanarekin lehiatu zen Donostian 1995ean, bere bigarren film luzearekin, eta orduz geroztik hainbat pelikula aurkeztu ditu nazioarteko zinema jaialdietan, batez ere Berlinalen —lau aldiz parte hartu du festibal horretan—. Aurten, Norvegia iparraldean girotutako Markens Grode / Growth of the Soil filmarekin izango da Urrezko Maskorra lortzeko lehian. Hnut Hamsun idazleak 1917an argitaratutako eleberri bat du oinarrian filmak, eta bere maitasuna probatuko duen bikote baten istorioa kontatzen du. Â
Zuzendari Berriak sailean izan zen Nicole Garcia zinemagile frantziarra 1990ean, Un week-end sur deux lanarekin, eta Donostian izango da aurten ere, oraingoan Sail Ofizialean. 7:40 ce matin-là aurkeztuko du, Marion Cotillard aktorea protagonista duena —Mal de pierres (2016) filmean ere elkarrekin lan egin zuten—. Filmak kartzelatik irten eta kafetegi batean beharrean hasiko den emakume bat du protagonista.
Sail Ofizialean emango dituzten pelikulen artean izango da opera prima bat ere: Maha Harada japoniarraren Muyou no Hito / In My Father's Room. Artearen munduan oinarritutako zenbait bestsellerren egilea da Harada, eta, hain zuzen ere, bere nobela batean oinarritu da filma egiteko. Museo bateko langile baten istorioa kontatzen du pelikulak: giltza misteriotsu bat jaso, eta ohartuko da garai batean aitak erabiltzen zuen gela irekitzen duela giltza horrek.
Gaurko zazpi filmak kontuan hartuta, hamar dira Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehian izango diren filmak. Datozen asteetan jakinaraziko dute antolatzaileek zer beste lanek osatuko duten zerrenda.
