EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalari bertze izen franko batu zaizkio. Jadanik iragarri taldeez gain, oraingoan hamahiru musika talde jakinarazi dituzte. La Chorba de Raouf, Anestesia, Ixabe, Niko Etxart, RTZ kolektiboa, Bonnie Spacey, Jean Paul Groove eta Jonkass taldeek jaialdian joko dute ekainaren 26tik 28ra bitarte. Talde horiez gain, Matah, Moonlight Benjamin, Hapa Hapa, Snapped Ankles eta ZTAH taldeak ere arituko dira festibalean, Arberatzen (Nafarroa Beherea).
Festibalaren 30. urteurrenaren karietara Zpeiz Mukaki dantza talde «mitikoak» hogei urteak ospatuko dituela zehaztu dute antolatzaileek. Bertzalde, Les Cuisinieres, Kospeistar Orkestra eta La Patina txarangek animatuko dute plaza. Gainera, urteurrenari begira igandeko ekitaldia «artista anitzen» artean antolatuko dutela iragarri dute.
Musikaz gain, eztabaida xokoan jorratuko diren hitzaldien lehen zertzeladak ere jakinarazi dituzte. Munduko egoera politikoaz, kazetaritza dekolonialaz, lodifobiaz eta trans identitateaz arituko dira hizlariak.
Ohi bezala, festibalak hiru egun iraungo du, eta ekainean egingo dute: 26, 27 eta 28an. Maiatz hastapena bitarte, hiru eguneko bonua 53 euroan salgai da EHZren webgunean. Epe hori finitzean, egunez eguneko sarrerak erosteko salmenta irekiko dute. Festibalean lagundu nahi duenak, izena emateko modua du hilabete honetatik aitzina.