Idazlea eta kantaria

Gotzon Barandiaran: «Nire helduleku emozional eta intelektual nagusia kantua da»

Duela urtebete plazaratu zuen ‘Galbahea’ poesia liburua; poemetako batzuek doinua zekarten berez-berez, eta haietako hamar musikatu ditu Galbahe taldea lagun izanda.

Gotzon Barandiaran (erdian), Galbahe taldeko kideek inguratuta. IBAI ARRIETA
Gotzon Barandiaran (erdian), Galbahe taldeko kideek inguratuta. IBAI ARRIETA
gorka erostarbe leunda
2025eko abenduaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sortzaile ipurterreetan ipurterrea da Gotzon Barandiaran (Larrabetzu, Bizkaia, 1974); idazlea eta poeta, kantaria, programatzailea, Ahotsenea kultur egitasmoko sustatzaile eta kidea, eta hainbat musikari eta antzerki egitasmotako komunikazio arduraduna. Euskal Herria eki-mendebalde eta ipar-hego hainbatetan gurutzatzen duena urte osoan. Laneko beste bilera batek hartaratuta, Barandiaran izan da kazetariaren herrira joan dena, alderantziz izan beharrean. Galbahe proiektu musikalaz, Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko diskoaz, eta euskal kulturgintzaren ajeez mintzatu da, airos.

Zure poesiak musika behar du?

Berez ez du behar, baina idazten ari nintzela poema batzuk kantatu egiten nituen jada. Poesiak orokorrean badu musikaltasun bat, eta poema batzuekin kantatzeko gogoa sentitzen nuen berehala.

Doinua etorri egiten zitzaizun?

Bai, idatzi ahala doinuak ateratzen nituen ahotsarekin, probak egiten nituen, eta grabatu ere bai. Bertsio desberdinak nituen, molde desberdinean kantatuak...beti gustatu izan zait kantatzea.

Etxetik datorkizu; poemetan ere agertzen da zure ama, amama, kantuzaleak zirela.

Bai gure amama eta baita gure ama ere oso kantuzaleak ziren; nire ama abesbatza batean aritu zen luzaroan. Amamaren oroitzapena ere badut, jada adinekoa den ahots kraskatuarekin kantuan, lehenagoko kantatzeko era horrekin. Gure osaba Bitorrek ere txistu egiten zuen, instrumentu bat balitz bezala erabiltzen zuen, eta hura ere beti kantari. Nik oso txikitatik oso harreman estua eduki dut musikarekin. Asko gustatzen zait lagunartean afaldu eta gero kantatzea, nahiz eta jada ez dugun egiten. Jaietan ere gehien gustatzen zaidana da kalean, tabernetan edo dena delakoan kantatzea. Sena da hori; sena da larrialdi irteerarako ate bat. Eta horri kasu egin diot. Poema batzuekin gertatu zait berehala doinua etortzea. 

Eta hasierako doinu horietakoren bat iritsi da diskora?

Bai, iritsi dira. Gutxi gorabehera, 2023ko irailean hasi nintzen Lander Bilbaorekin eta Urdin Baraiazarrarekin elkartzen haien lokalean, Larrabetzun. Miserableak izeneko talde bat dute, eta batak gitarra jotzen du eta besteak mandolina. Esan nien buruan banituela melodia batzuk; astiro-astiro geratzen hasi ginen astero, eta horrela sortu ziren kanturik gehienak. Doinu horietako batzuk aldatu eta moldatu egin ditugu Rafaren [Rueda] ekoizpen artistikoarekin, baina oinarrian doinu horiek dira diskora iritsi direnak.

Oroimena, memoria da liburuko gai nagusietako bat. Kantuak laguntzen du poesiaren memoria lantzen ere?

Niretzat bai, nire helduleku emozional eta intelektual nagusia kantua da. Sentimendu batzuk identifikatzeko eta izendatzeko oraleku nagusia kantua izan da niretzat. Literatura ere bai, baina lehen-lehena, hastapenekoa, jatorrizkoa, musika eta kantua izan dira. Niretzat «ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena» oraindik ere oraleku intelektual garrantzitsua da. Eta horrela asko eta asko, baita lurrari edo lurraldeei, komunitate bati lotuak ere. Ni kantuengatik ere banaiz euskalduna, eta literaturagatik, eta bertsoengatik eta.… Baina kantuak pisu handia du horretan guztian.

Nola egin duzu galbahe lana, liburuan dauden poemetatik hamar aukeratzeko kantu bihur daitezen?

Galbahea egiterakoan, zera pentsatzen nuen: «Ni ze musikak inarrosten nau?». Eta ni inarrosten nau musika molde batek, haurtzaroarekin lotzen nauen horrek, umetako soinu banda horrek. Zergatik doinu batzuk bai eta beste batzuk ez, zergatik entzuten nuen nire baitan mandolina bat eta biolin bat, eta etortzen zitzaizkidan doinu batzuk, ahaire batzuk… Horri egin nion kasu. Gaztaroan, rock erradikalaren eztanda bizi izan genuen, 1980ko urteen amaieran, eta geroago Negu Gorriak entzuten nuen, eta Esan Ozenki eta hori guztia oso hurbiletik jarraitu genuen; oso zale sutsuak izan gara, eta horretatik ere badut ziur aski, baina oso barrura begiratu eta iturburua non ote zegoen galdetuta, atera zaidan hauxe da, ziur asko haurtzarotik jasotakoa. Ni ahalegindu naiz ahalik eta takigrafo fidelena izaten. Poemak badu bere musikaltasuna, edo eduki behar luke, baina hortik eta kanturako bidean, saiatu naiz gorputzetik sentitutako horri traizio ez egiten, nik sentitzen nuen musikaltasun hori harik eta fidelen islatzen. Ez dugu egin instrumentuak hartu eta doinu batzuk sortu eta hor txertatu letrak, baizik eta aldrebes, eta hortik atera da diskoko sorta. Ez zait askorik kostatu, idatzi ahala zetozkidan-eta doinu asko.

Izenburuetako batzuek berekin dakarte leloa; diskoari izenburu ematen dion Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko, Ez zaitut behar beste zaindu, Ni ez naiz ezeren inoren akats

Ez dut ia denborarik eman izenburuak aukeratzen, eta ni naiz izenburua poemaren osagarria izan behar duela uste dutenetakoa, baina liburua pentsatu nuen hasi eta amaitu, eta horrela idatzi nuen, gainera: errenkada bat da, nahiz eta gero Leire Lopez Ziluaga eta Itziar Ugarte editoreekin egindako galbahe lanean poema batzuk kanpoan geratu ziren. Baina poema bakar bat balitz bezala idatzita dago, eta gero zikinkeria kenduta emana.

Halere, aldatu egin dituzu izenburu batzuk liburutik diskora…

Bai, izenburu batzuk aldatu eta testutik atera ditut, indarra baitute; bere horretan ia leloak dira, eta nik egin nahi izan ditut kantuak jendeak kanta ditzan. Jendeak kanta ditzan pentsatuta daude melodiak eta harmoniak, eta helburu hori argia izan da hasieratik. Ni musika instrumentalaren, esperimentalaren eta abarren zalea naiz, ez dut ikusten mugarik musikan, ez naiz etiketen aldekoa, eta hibridazioa maite dut, baina oso argi neukan kantatzeko kantuak egin nahi genituela, eta taldekoek ere hala ikusi dute.

«Jendeak kanta ditzan pentsatuta daude melodiak eta harmoniak, eta helburu hori argia izan da hasieratik»

Talde iraunkorraz gain, Kilkerbatza osatu duzu, diskorako kolaboratzaile modura, zuzenekoetan ere parte hartzeko, nolabait musikari ezagunekin.

Gaizka Sarasolak Geuretik sortuak beka irabazi zuen, eta Larrabetzun ibili zen dokumentazio lanean. Eta Larrabetzun bertan aurkitu zuen nik ezagutzen ez nuen pieza bat: Txoritxu txilibitaria. Gainera, gure auzoko baserri banatako emakumeei jaso zien, eta nik ezagutzen nituen emakume horiek, Mari Aspuruneakoa eta Angeles Asuakoa. Angeles bizi da oraindik: 100 urte bete ditu oraintsu. Gaizkak erakutsi zidan, eta esan zidan: «Ba al dakizu badagoela doinu bat garia ereiteko orduan erabiltzen zutena Larrabetzun?». Berehala esan nion: «Eta zuk hau txirularekin joko zenuke?». Eta baita jo ere. Eta gero Belatzarekin doinua dago, euskaldun izatearen sustraiekin asko lotzen nauen doinu bat. Nik asko maite dut Zuberoako kantagintza, Jean Mixel Bedaxagar, esaterako. Niretzat haluzinagarria da nola kantatzen duten Zuberoan, eta nola kantatzen duten desberdin ibar batetik bestera. Mixel Etxekopar ere ikusi nuen zuzenean hori ematen Gotainen (Zuberoa). Niretzat beti izan da doinu bat txundigarria, eta batu egin nituen bi kantuok, Bizkaiko mendebaldeko doinu hori eta Zuberoako kantu hori. Diskoko lehen pieza osatzen dute biek, Gaizkak egindako moldaketa izugarri batekin.

Eta zuzenekoetan eman duzue jada...

Bai, liburua aurkezteko emanaldietan eskaintzen genuen jada, eta lehen kantua izaten zen, eta neu erabat hunkitzen nintzen, negarra begien ateetan. Eta kontzertua hasi baino ez [barreak]. Hor badago lotura antzestral bat, asko betetzen nauena: hau naiz ni, eta hau gara gu.

Gorka Urbizu aspaldiko bidaidea duzu.

Nire lagun mina da, bidelaguna da urte askoan. Elkarrekin egin dugu lan, Berri Txarrak-en komunikazio arduraduna izan nintzelako. Liburua idazten ari nintzelarik, artean argitaratzeke zegoela bidali zidan bere Hasiera bat diskoa. Eta disko horretan Janela bat kantua entzun eta ufa!… zaintzari buruzkoa da, eta gogoratzen dut zenbat negar egin nuen lehenengoz entzun nuenean. Ama gaixo nuen, burua galdu baitzuen; amarekin ordu asko igaro nituen zaintzan… eta amaren endekapen horrekin lotzen ninduen. Bizitza eman dizun horri nola agur egin. Sentitzen nuen Gorkak egon behar zuela diskoan. Eta hain zuzen ere, Ez zaitu behar beste zaindu kantuan parte hartzen du. Barakaldoko emanaldian, testu hori irakurri zuen, eta gero Janela bat jo zuen, eta sekulako sinbiosia gertatu zen.

Galbahe taldea
Galbahe taldea, zuzenean. IBAI ARRIETA
Maia Iribarne eta Amets Aranguren ere agertzen dira kolaboratzaile modura.

Asko gustatzen zait Ametsek ahotsa nola modulatzen duen, eta bere kantaera hori… oso zintzoa iruditzen zait, zein soil egiten duen, baina nola modulatzen duen gora eta behera. Asko gustatzen zait Ibil Bedin, eta horrez gain sortzaile bezala zer-nolako kezkak eta abar dituen.

Maia Iribarne aurrenekoz entzun nuenean Habia taldearekin, flipatu egin nuen: «Hau zer da?» esan nuen. Gorka, Amets eta Maia egun berean etorri ziren grabaziora Rafaren estudiora. Eta esan genien beraiek aukeratzeko zer kantatu nahi zuten, zer abesti, zer puska, abesti guztietan nahi izatera… Elkarri iruzkin batzuk egin, eta aukeratu zuten. Maiak Aylan aukeratu zuen, kantatu zuen, eta gainerako guztiak elkarri begira txundituta: «Hau magikoa da! Hau ikaragarria da!». Berez zuzenekoetan nik kantatzen nuen Aylan, baina grabazioan entzun, pare bat toma baino ez zituen behar izan, eta erabaki genuen ez zegoela hobetzerik. Aylan kantua oso latza da berez, eta une horretan sentitu nuen inork ezin zuela hobeto abestu poema hori. Maiak eman dio ahotsa, eman dio bihotza, eman dio tonua. Eta orain ez dakigu zer egingo dugun zuzenekoetan [barreak].

Eta ezinbestean dator oroimenera Katamalo.

Bai, antzekotasunak ditu, baina ordukoan Gorkak [Urbizu], Nereak [Urbizu] eta Alexek [Arregi] testuetatik sortu zituzten doinuak. Orduan gehiago izan nintzen laguntzaile bat musika sortzeko orduan. Han lau ahots ginen, hiru horiek eta neuk ere kantatzen nuen. Alde horretatik niretzat pagotxa zen: halako musikariek sorturiko kantak neure egiten nituen. Gero egia da Katamalok, oraintsu arte, Spotify uztea erabaki nuen arte, 20.000tik gora entzunaldi izaten zituela hilero. Eta oraindik ere etortzen zaigu jendea ea noiz itzuliko garen galdezka. Zerbait sortu zuen Katamalok jende askorengan, eta harrotasun handiz bizi dut. Eta Galbaherekin lotura badago berezkoa: adibidez, instrumentuetan. Katamaloren aurretik Bihotz Bakartien Kluba zegoen, eta hor gitarra zegoen, mandolina zegoen, biolina zegoen, soinua zegoen… Nik lehen eta orain soinu horiek entzuten ditut nire baitan. Musikatu daitezke poema horiek elektronikaren bidez, eta gitarretan oinarrituriko distortsioaren bidez, baina nik hori entzuten dut.

«Zerbait sortu zuen Katamalok jende askorengan, eta harrotasun handiz bizi dut»

Musika molde horretan zaude erosoen, herri kantaren, folkaren eta poparen arteko bidegurutze horretan.

Bai, bai, halaxe da. Gitarra, biolina, mandolina, ahotsa, duoak. Landerrek zuzenekoetan aldiro egiten ditu duoak, eta esaten diot kantatzeko nahi adina. Niri asko gustatzen zait ahots bat baino gehiago sartzea. Nik rocka pila bat entzuten dut, baina nik idatzitako testuak ez ditut hor entzuten. Asko entzuten dut munduko musika esaten den hori. Afrikako musika entzuten dut pila bat, entzuten dut Ali Farka Toure eta Toumani Diabate, eta entzuten dut ttakuna eta herrena; atzetik dago Farka Toure erritmo bat errepikatzen etengabe, eta, bestetik, Toumani dago bere korarekin soloak eta harmonia diferenteak egiten. Entzuten dut Kubako musika, eta beste horrenbeste. Hor dago tres-a soloa eta harmoniak egiten eta gero akonpainamendua. Edo Balkanetako musika, eta berdin. Eta guk ere hori egiten dugu. Lotura handia ikusten dut herri musika horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.