Idoia Monton. Margolaria

«Nirea gehiengoa barne hartzen duen artea da, ez espezialistentzakoa»

Eusko Jaurlaritzak antolatutako Eremuak programako irabazle izandako proiektua gauzatuz, bere 23 urteko ibilbide artistikoa laburbiltzen duen liburua eman du argitara.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
1991n ekin zion Idoia Montonek (Donostia, 1969) ibilbide artistikoari. Prestakuntza garaian hainbat beka jaso zituen, eta Euskal Herritik kanpo ere egin izan ditu harrezkero banakako zein taldekako erakusketak. 23 urteko ibilbide artistikoa laburbiltzen duen Idoia Montón liburua argitaratu du, Javier Peñafiel artistak eta Rosa Queralt arte historialariak idatzia. Arditurriko etxe okupatua (Oiartzun, Gipuzkoa) hautatu zuen liburuaren aurkezpena egiteko. «Etxe horretan bizi izan naiz hainbat urtez, eta estudio bat nuen han», azaldu du. «Nire iritziz, han bizitako garaikoak dira nire lanik onenak».

Zerk bultzatu zaitu liburu hau ekoitzi eta argitaratzera?

Eusko Jaurlaritzaren Eremuak programara aurkeztutako proiektua da liburua. Nire lana hautatu, eta beka irabazi nuen; horrek ahalbidetu du lana argitaratzea. Proiektu zehatz bat aurkeztu nahi izan nuen, eta, horretarako, artearen munduan eman ditudan23 urteak jasoko zituen zerbait egitea bururatu zitzaidan. Lagun askoren laguntza izan dut, eta hau da emaitza. Haiek idatzitako testuak ageri dira, eta diseinua ere horietako batena da.Nire lanari dagokionez, ibilbidea sintetizatzen duten 89 lan hautatu ditut. Liburua nire lan guztia egituratzen duen elementua da.

Javier Peñafielen eta Rosa Queralten testuek elikatzen dute liburua. Zergatik bi izen horiek?

Bartzelonan ditudan bi lagun on dira, eta beti lagundu izan didate eskatu baino gehiago. Javierrek interes handia jartzen du nire lanean, eta askotan lagundu izan dit nire lanentzat testuak idazten. Rosa, berriz, Artelekun ezagutu nuen nire ibilbide profesionala hasi nuenean, eta inoiz ez zait bere laguntza faltan izan.

Nola definituko zenuke 23urteko zure ibilbidea?

Eskulturatik abiatzen den pintura figuratiboa da. Pintura mota horren bitartez, niretzat ederra dena irudikatzen saiatzen naiz; mundu berri baten bila doan bide bati ekin nahi izan diot. Nire artea ez da espezialistentzat, gehiengoa barne hartzen duen artea da.

Pintura da gehien lantzen duzun alorra; baina landu duzu eskultura ere. Zergatik margolanak?

Eskulturak egin nituen hasieran; unibertsitatean eskulturakoak ziren irakasle onenak eta gustuko nuen. Artelekun ere aritu nintzen alor horretan; baina gerora, eskultura planoa egiten nuela ohartu, eta paper mozketalandu ostean, pinturara jotzea hobetsi nuen. Gutxika, geroz eta pintura konplexuago batera egin dut.

Museo eta arte galerietatik kanpo, Bartzelonako Casa de la Muntanyan ere egin duzu erakusketarik.

Mundu alternatibo eta instituzionalean artea egitea erabat bateragarriak dira. Biak izan ditut beharrezko. Mundu instituzionalak errekonozimendua, bekak, artistak ezagutzeko aukera... ematen badizkit ere, mundu alternatiboa inspirazio iturri da niretzat, baloreak transmititzen dizkit. Casa de la Muntanyan erakusketa egitea ezinbesteko egin zitzaidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.