Iaz kaleratu zuen Uxue Razkin editore eta idazleak Cómo se le dice adiós a una madre liburua (Pepitas de calabaza, 2025), amaren heriotza ardatz hartuta. Gaztelaniaz kaleratu zuen, hori baitzen amarekin erabiltzen zuen hizkuntza, eta, kaleratu orduko jaso zuen Irati Jimenez idazlearen proposamena, lan hura euskaratzekoa. Hain justu, publikatu berri dute euskarazko bertsioa, Nola esaten zaio agur ama bati izenburuarekin, Erein argitaletxearen eskutik.
Amaren heriotzaz hitz egiten du liburuak, baina ez horretaz bakarrik, egileak amarekin izandako harremana, harekiko maitasuna, gaixotasunaren nondik norakoak eta zaintza ere aipatzen baitira, besteak beste. Razkinek aipatu du «karga emozional handiko» testua dela, «autobiografikoa, intimoa eta delikatua eduki aldetik», eta horregatik uste zuela itzultzeko konplikatua izan zitekeela. Konfiantza zuen itzultzailearengan, ordea. Izan ere, gogoratu duenez, Jimenezek eta biek aspalditik ezagutzen dute elkar, eta, horrez gainera, bere estiloa ere ondo ezagutzen duela esan du egileak. Horregatik, eskerrak ere eman dizkio aurkezpenean, egindako lanagatik: «Testuak isiluneak ditu, arnasa hartzeko momentuak, momentu itogarriak... Asmatu dugu itzulpen honekin».
Jimenezek azaldu duenez, bi ataletan banatuta dago liburua. Lehenengoan, idazleak memoria ariketa bat egiten du, eta amaren gaixotasunaren berri izan zuenetik bizi izandakoak biltzen dira bertan, testu luze zein laburretan. Bigarrenean, narratzaileak amari hitz egiten dio zuzenean: Jimenezen ustez, «emozioari ateak irekitzen» dizkio atal horrek. Liburuko azken orrialdeek hartzen dute bigarren atala, eta puntuazio markarik gabe idatzita dago; itzultzaileak onartu du beldur pixka bat ematen ziola horrek, baina emaitzarekin gustura dagoela.
«Testuak isiluneak ditu, arnasa hartzeko momentuak, momentu itogarriak... Asmatu dugu itzulpen honekin»
UXUE RAZKIN Idazlea
Jimenezi, bestalde, ez zaio itzultzeko lan zaila iruditu, «oso ondo pentsatutako» testua dela uste baitu: «Testu bat zenbat eta pentsatuago egon, orduan eta errazagoa da itzultzea». Lehen aldia da Jimenezek liburu bat hasi eta buka euskarara ekartzen duena. Itzulpenean zalantzaren bat izan duenean erantzuna liburuan bertan topatu duela kontatu du. Hain zuzen, izenburua izan da zalantza sortu dioten elementuetako bat. Nola esaten zaio agur amari eta Nola esaten zaio agur ama bati aukerak zituen buruan, baina, azkenerako, ama bati jartzea erabaki zuen, liburuaren esentzia hobeto jasotzen zuela uste baitzuen.
Inazio Mujika Erein argitaletxeko editoreak ere egin du liburuaren laburpena: «Doluaren esperientzia kontatzen du, zintzotasun erabatekoz; eta ez da dolua idealizatzen». Lan fragmentarioa dela ere zehaztu du.
Aldaketak
Nola esaten zaio agur ama bati, baina, apur bat aldatu da gaztelaniazko bertsiotik; bi elementu gehitu dizkiote edizioan. Egilearen ilobak Razkinen amari egindako poema bat da lehena, eta bigarrena, Mikel Martinek egindako marrazki bat. Egileak Martini marrazki bat egiteko eskatu zionean, ez zion baldintzarik jarri, eta emaitza ikustean izan zuen sorpresa: bi pertsona ageri dira, elkar besarkatzen; batak ile zuria du, eta besteak iluna. «Nire ama ikusi nuen», kontatu du Razkinek.
Liburuaren azala Ivan Landak egin du. Jatorrizko bertsioan esku batzuk ageri ziren, eta irakurleen artean sona lortu zuen irudiak. Oraingoan, ordea, beste zerbait nahi zuen Razkinek. Landari buruan zuena kontatu, eta hark bi egun eskatu zizkion proposamen bat egiteko. Izara batzuekin egindako irudi bat aurkeztu zion Landak, eta egileari «puruegia» iruditu zitzaion. Hori dela eta, lurra jartzea erabaki zuten.
Razkinek eta Jimenezek tandem bat osatu dute prozesu osoan. Egileak gaztelaniazko bertsioa idatzi zuenean, Jimenezi pasarteak erakusten zizkion, hark irakurri eta bere iritzia emateko. Orain, kontrara izan da. Itzultzaileak aipatu du ikusi dutela lanak aurretik bazituela irakurleak, eta pozik dago euskaraz irakurtzeko aukera izateagatik: «Behar dugu hiztegi bat heriotzaz hitz egiteko. Jatorrizko lanarekin ikusi da jendeak baduela behar hori».