'11 bitxilore'
Idazlea: Marta Martos Molina. Itzultzailea: Aitor Arana. Argitaletxea: Ibaizabal.
2024an 11 margaritas izenburuarekin kaleratu zuten liburu hau, ez dakit zein hilabetean, martxoaren 11ko atentatuen hogeigarren urteurrenarekin bat eginda behintzat. Pertsona ugari hil zen egun horretan Madrilen, tren sarean leherrarazitako bonben zartakoen ondorioz. Oroitzapen samina gizartearentzat eta sendatu beharreko zauria biktimentzat.
Protagonistaren rola jokatzen duen Hugo orduko biktima da, eta haren eskutik errealitatearen ispiluan asmatutako istorio bat eskaintzen zaigu. Bizitzako une desberdinetan ezagutzen dugu, kontakizuna atentatu garaian dituen hamazazpi urteetan zentratzen bada ere. Atalak ez daude hurrenkera kronologikoan, baizik eta bestelako asmoen arabera antolatuta. Hala baleude, txikitan aitaren bat-bateko desagertzearekin harritutako Hugo ezagutuko genuke lehenik. Hurrengo urteak amaren mututasunak eta aitaren hutsuneak eraikitako izotzezko mamuarekin joan ziren. Eta azkenik, adinez nagusitzen ari zela, aita topatu eta harekin harremanetan jarri zenean, atentatua gertatu zen.
Lekukotza fikzionatu baten trazak ditu, baina ez ezazu espero eleberri bat orri hauetan, ariketa literario honen guztiaren oinarrietan asmo didaktikoa duen gida terapeutikoa dagoelako.