Literatura

Normaltasunaren arrakalak

Leila Slimani idazle frantziar-marokoarraren eleberri sonatuena plazaratu du Alberdaniak: 'Kantu leuna'. Gaurko egunean amatasuna zer den galdetzeaz gainera, Parisko barruti gentrifikatuetako klase arazoak ditu ardatz.

Leila Slimani idazlea, Cannesko zinemaldiko epaimahaiaren agerraldi batean, iaz. TRISTAN FEWINGS / POOL / EFE
Leila Slimani idazlea, Cannesko zinemaldiko epaimahaiaren agerraldi batean, iaz. TRISTAN FEWINGS / POOL / EFE
garbine ubeda goikoetxea
2026ko maiatzaren 31
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da edozein Leila Slimani (Rabat, 1981), ez behintzat frantsesez sortutako literaturan. Garai honetako idazle esanguratsuenetako bat da Frantzian, eta antzerkira, zinemara, kazetaritzara eta letrek ikustekorik duten gainontzeko arlo artistiko gehienetara ere iristen da haren itzala. Hein handienean, Kantu leuna eleberriari zor die izena eta mundu osoan hartutako sona. Idazlearen bigarren eleberria baino ez izanagatik ere, gailurrean ipini zuen argitara eman orduko, 2016an. Liburu horri esker, Goncourt sari prestigiotsuaren jabe egin zen, eta, besteak beste, zinemarako ateak zabaldu zizkion. Alberdania argitaletxeak plazaratu du orain. Aritz Galarraga BERRIAko kolaboratzaile, idazle eta literatura irakaslea izan du editore, eta Nahia Zubeldia euskaratzaile.

Eleberri gordina da Kantu leuna. Parisko familia baten eta haien haurtzainaren arteko bizikidetza du ardatz nagusia. Zehatzago esanda, harreman horretan sortzen diren mendekotasun pertsonal, emozional eta kasik fisikoak aztertzen ditu Slimanik, eta gaur egun guraso izatea zer den galdetzera eramaten du irakurlea. Galarragak «thriller psikologikotzat» dauka: «Tentsioz beteta dago, eta indar narratibo handia du. Egoera arrunt eta itxuraz egunerokoa dirudien batetik abiatzen da, eta orrietan barrena aurrera egin ahala itogarria bilakatzen da giroa, benetako izuaren eszenatoki bihurtzeraino. Itxurazko normaltasunaren azpian dauden pitzadurak uzten ditu agerian».

Bada «deserosoa» eta «hipnotikoa» ere, editorearen hitzetan: «Lehen orritik beretik harrapatzen du irakurlea, eta ez du amaierara iritsi arte askatzen. Oso ondo eraikita dago, oso estilo zorrotza du, eta bikain islatzen du pertsonaien sakontasun psikologikoa». Slimanik berak aitortua duenez, 2012an New Yorken jazotako gertaera lazgarri bat izan zuen inspirazio iturri. Lucia eta Leo Krim 6 eta 2 urteko neba-arrebak labankadaka hilik aurkitu zituzten etxeko bainuontzian, eta Yoselyn Ortega haien haurtzaina bere buruaz beste egiten saiatu zen, lepoa eta zintzurra sastakatuz. Bere buruari zauri larriak eragin arren, onik atera zen ordea, eta epaiketan errudun jo zuten. Bizi osoko kartzela zigorra ezarri zioten.

Slimanik sarritan galdegiten dio bere buruari migrante izatea zer den, eta, horri erantzuna ematea helburu duela, liburu bat baino gehiago ondu du; gehienetan, bere esperientziatik tiraka.

Literaturan ez ezik, zineman ere egin du bidea Slimaniren lanak. 2019an, Lucie Borleteau gidoilari eta zinemagileak liburu horretatik abiatu eta Chançon douce filma ondu zuen—Kantu leuna-ren jatorrizko izenburua da—. Harrezkeroztik, Slimanik harreman estua izan du beti Cannesko zinema jaialdiarekin.

Frantziar eta marokoar

Slimani posizio sozial oneko familia batean sortu zen 1981ean, Rabaten. Haren aita bankaria eta goi funtzionarioa izana da. Ama, berriz, medikuntza espezialitatean sartutako lehen emakumezkoa izan zen. Frantses eskoletan egin zituen ikasketak, eta 18 urte zituela Parisera jo zuen zientzia politikoen diplomaren bila. Horretan ari zela, L'Express aldizkariko zuzendari Christophe Barbier ezagutu zuen, eta, hark akuilatuta, komunikabideetan hasi zen lanean. Bost bat urte eman zituen Jeune Afrique magazinean kazetari eta zuzentzaile, harik eta bere lehen eleberria plazaratu —Dans le Jardin de l'Ogre (2014)—, eta bete-betean literaturan aritzeko erabakia hartu zuen arte. Adikzio sexualen biktima den emakume baten amiltzea kontatzen du lehen eleberri horretan.

Slimanik sarritan galdegiten dio bere buruari migrante izatea zer den, eta, horri erantzuna ematea helburu duela, liburu bat baino gehiago ondu du; gehienetan, bere esperientziatik tiraka aritu da horretan. Hain zuzen, bere familiaren gorabeherak aitzakiatzat hartu eta trilogia bat eskainia dio gaiari: Le Pays des outres (2020), Regardez-nous danser (2022) eta J'emporterai le feu (2025) . Lehen liburukiak ematen dio izenburua trilogia osoari, eta Maroko Frantziaren menpekoa zen garaian dago girotuta. Hiru eleberri horietan ageri diren pertsonaiak, izan bertako edo kolono, izan militar edo zibil, erbesteratuen gisan ageri dira, inor bere herrian sentituko ez balitz bezala.

Artean trilogia amaitzen ari zela, Slimanik halaxe azaldu zuen bere kezka komunikabideetan: «Europan emakume, migrante eta musulman izateak migrazioari eta arrazakeriari buruz galdetzera narama: nola integratu bidean galdu gabe, zer iritzi duen Mendebaldeak islamaz, nola izan migrante». Slimanik frantziar eta marokoar nazionalitate biak ditu sortzetik beretik.

Dena dela, migrazioaren gaiari heltzen dionean zein guraso izateaz ari denean —Kantu leuna lanean bezala—, Slimanik argi du beti bere irizpide behinena: «Nire eleberri guztietan emakumezkoak dira heroiak; emakumezkoen gorputza, amatasuna eta desioa daude denen ardatzean», esan zuen Frantziak New Yorken duen enbaxadaren agerkarian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA